NAIZ

Nerabeentzako eguneko bi ospitale psikiatriko berri ireki ditu Osakidetzak Bizkaian

Zabalburun eta Galdakao-Usansoloko ospitalean daude ireki berri diren eguneko ospitaleak. Horiez gainera, urrian beste bat ireki zen Saralegin, eta Gasteizen eta Donostian ere badaude.

Galdakao-Usansoloko ospitalea. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Galdakao-Usansoloko ospitalea. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Osakidetzak nerabeentzako eguneko bi ospitale psikiatriko berri ireki ditu Bizkaian. Dagoeneko martxan daude, bat Bilboko Zabalburu plazan (30 plaza) eta bestea, Galdakao-Usansoloko ospitalean (16 plaza).

Ohar batean azaldu duenez, «Nerabeentzako Eguneko Ospitalea tratamendu intentsiboko eta denbora mugatuko asistentzia-gailua da nahasmendu psikiatriko larrietarako, eta funtsezko baliabidea da osasun mentaleko arreta komunitarioan. Eta helburu bikoitza du: batetik, osasuna sustatzea, eta, bestetik, terapeutikoa eta buruko patologiak bigarren mailako kronikotasunera bilakatzeko prebentziozkoa».

«Tratamendu anbulatorio intentsiboak ospitaleratzeak saihesten ditu, egonaldi laburragoak egiteko aukera ematen du hala behar dutenetan eta aukera ematen du ohiko ingurunean geratzeko eta, hala, bizitza normalera egokitzea bide emateko», gaineratu du.

Eta, adierazi duenez, «garapenaren nahasmendu orokortua, nerabezaroko nahasmendu psikotikoak, nortasunaren nahasmenduak, afektibitate-nahasmendu larriak eta beste nahasmendu eta jokabidearen nahasmendu konplexu batzuk dituzten nerabeen kasuan jotzen da egokitzat gailu mota horretan arreta ematea».

Zabalburuko zentroa Nicolas Alcorta kalean dago, Ume eta Nerabeen Osasun Mentaleko zentrotik 30 metrora; 245 metro koadro ditu, eta Psikiatriako, Psikologia Klinikoko, Erizaintzako eta Gizarte Hezkuntzako profesionalek eratzen duten taldea du. Galdakao-Usansoloko ospitalekoak 83 metro koadro eta bost profesional ditu.

«Zerbitzu sare zabala»

Osakidetzaren esanetan, «osasun mentalerako arreta EAEn duela urte batzuk hasi zen ematen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako zerbitzu sare zabal baten bidez, ikuspegi komunitariotik».

Izan ere, «Osakidetzak osasun mentaleko sare berezi bat du», EAEko hiru herrialdeetan dauden zentroek osatzen dutena. «Lehen Mailako Arretarekin batera, asistentzia ematen diete nahasmendu mentalei eta, azken horren kasuan, baita, nahasmendu psikiatrikoak ez badira ere, ondoez emozionala duten koadroei ere».

Sare horrek garatzen dituen programa nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: aipatutako Haur eta Nerabeentzako Psikiatria, Nortasunaren Nahasmenduak, Nahasmendu mental larria eta koordinazio soziosanitarioa, Nahasmendu mental arrunta eta lehen mailako arreta, Patologia duala, Elikadura-portaeraren nahasmenduak, Suizidio-jokabidearen prebentzioa edo Estigma eta osasun mentala.