NAIZ

30.000 test azkar baino gehiagok 267 GIB kasu detektatu dituzte 12 urtetan EAEko botiketan

Froga anonimoa, doakoa eta erraza da. GIBaz kutsatzeko arriskuan egon den edonork egin dezake, lasai gelditzeko edota, positiboa balitz, lehenbailehen diagnistikoa baieztatu eta tratamendua hasi ahal izateko. Pandemiarekin test azkarren erabilerak behera egin du.

GIBaren froga egiten Donostiako farmazia batean. (Jon URBE/FOKU)
GIBaren froga egiten Donostiako farmazia batean. (Jon URBE/FOKU)

EAEko farmaziek 30.653 test azkar egin dituzte 2009tik, eta horiei esker 267 GIB kasu detektatu dira, egindako guztien %0,9.

Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluak gogorarazi duenez, arrisku praktika bat izan duen edozein pertsonari dago zuzenduta Lakuako Osasun Sailak sustatutako programa hau. EAEko 60 farmaziatan dago eskuragarri test azkarra: 9 Araban, 32 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan.

Pandemiak ere eragina izan du ekimen honetan, urtean 2.000 proba egitetik erdira igaro baita 2020an eta 2021ean.

2021eko irailera arte zenbatutako datuen arabera, aurten egindako testek beheranzko joera izan dute, eta oraingoz 758 izan dira (114 Araban, 256 Gipuzkoan eta 388 Bizkaian). Lau positibo detektatu dira.

Farmazietara proba egitera joaten diren pertsonen %23 beste gizon batzuekin sexu harremanak izan dituzten gizonak dira, %43 gizon heterosexualak dira eta % 25 emakumeak. Halaber, aurreko urteetan ikusi den bezala, emaitza positiboak lehenengo kolektiboari dagozkio gehienbat (%58,6).

Gaur egun, EAEko farmazietan laugarren belaunaldiko testa erabiltzen da. Infekzioari erantzuteko giza organismoak sortzen dituen antigorputzez gain, birusaren beraren antigenoak identifikatzen ditu eta, kasu batzuetan, infekzio posible bat lehenago detektatzeko aukera eman dezake. Emaitza positiboa bada, beharrezkoa da erabiltzailea bideratzea baieztapen test bat egiteko.

Nafarroko farmazia zein osasun zentroetan ere eskuragarri dago test azkarra. Horretaz gain, Sare elkartearen bitartez hitzordua hartuta posible da ere froga egitea. Elkarteak gogoratzen du froga anonimoa, doakoa eta erraza dela, eta ez duela minik ematen.