NAIZ

60ko hamarkadako nanoplastikoak aurkitu dituzte poloetako izotzean

Zientzialariek ohartarazi dute 1960ko hamarkadako nanoplastiko kopuru «esanguratsuak» topatu dituztela ipar eta hego poloetako izotz plaken barruan.

Izotz urdinez osatutako eremu bat Patriot Hillsen, Mendebaldeko Antartikan.
Izotz urdinez osatutako eremu bat Patriot Hillsen, Mendebaldeko Antartikan. (ANTARCTIC SCIENCE)

Groelandia eta Antartidako izotz nukleoak ikertzerakoan, zientzialariek hainbat motatako nanoplastikoekin egin dute topo. Nanoplastiko partikula horietako batzuek 60ko hamarkadan dute jatorria eta kantitateari dagokionez, kopuru «esanguratsua» aurkitu dutela abisatu dute. Poloetako izotz masak giza jarduerarekiko urrun kokatuta daudela kontuan izanda, ikerlariek ohartarazi dute gizakiok uste duguna baino nanoplastiko kutsadura handiagoa eragin dugula. Izan ere, nanoplastikoek eragin toxikoak izan ditzaketela abisatu dute.

Poloetako eskualdeak Lurreko azken eremuetako batzuk dira, giza jarduerak gutxien kaltetutakoak. Hala ere, badirudi Ipar zein Hego Poloko izotzek nanoplastiko edo plastikozko partikula kopuru esanguratsuak dituztela, mikrometro bat baino txikiagoak. Nanoplastikoek efektu toxikoak eragin ditzakete organismoetan, baina neurtzeko zailak direnez, orain arte ez zegoen argi zenbaterainoko irismena zuten nanoplastikoek mundu mailan.

Nanoplastikoak neurtzeko metodo berriak erabiliz, nazioarteko zientzialari talde batek nanoeskalako plastikozko partikulak identifikatu ditu Groenlandiako eta Antartikako izotz-laginetan. Laginak Groenlandiako 14 metroko sakonerako izotz-nukleoetatik eta Antartikako itsas izotz-nukleoetatik atera dituzte. Ikerketan Utrechteko Unibertsitateko (Herbehereak), Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) eta Bruselako Unibertsitate Libreko (Belgika) ikertzaileek parte hartu dute.

Aurretik egindako ikerketek haizeak eta ur-korronteek nanoplastikoak urrutiko guneetara lekualdatu zitzaketela iradokita zuten jada. Hala ere, atzemandako nanoplastiko kopuru handia izan da ikerketa-taldea ezustean harrapatu duena. «Orain badakigu nanoplastikoak kopuru horietan garraiatzen direla Lurreko bazter hauetara. Horrek esan nahi du nanoplastikoak uste genuena baino kutsadura-arazo handiagoa direla», atsekabetu da ohar batean Dusan Materic ikerketaren egile nagusia. Aurreko azterketa batean, teknika berdina erabiliz, bere lantaldeak nanoplastiko partikulak identifikatu zituen Alpeetan jasotako laginetan.

Matericen ikertzaile taldea izotz polarrean nanoplastikoak atzeman dituen lehena izan ez den arren, bere emaitzek nanoplastiko bidezko kutsadurak hamarkadak irauten dituela frogatu dute. «Gure datuek iradokitzen dute nanoplastiko bidezko kutsadura ez dela kontu berria», azaldu du Matericek. Alabaina, egun hauetan ari dira arazoaren larritasunaz ohartzen, orain garatu baitute nanoplastiko kopurua neurtzeko «metodo egokia».

Aspalditik datorren arazoa

«Groenlandiako izotz nukleoan, nanoplastikoek eragindako kutsadura 1960ko hamarkadatik gertatzen dela ikusi dugu. Orduan, eskualde horretako organismoak, eta ziurrenik mundu osoan, horren eraginpean egon dira denbora luzez», deitoratu du zientzialariak.

Ikerlari taldeak izotz polarrean hainbat nanoplastiko partikula mota identifikatu ditu. Nanoplastiko mota nabarmenena polietilenoa izan da, zeinak topatutako partikulen erdia baino gehiago suposatu duen. Groenlandiako izotz-nukleoan, pneumatikoen higaduratik eratorritako nanopartikula kopuru esanguratsuak ere aurkitu dituzte zientzialariek. Nolanahi ere, nanoplastiko partikulen kopurua desberdina da iparraldeko eta hegoaldeko izotz-nukleoen laginen artean. Groenlandiako izotzak 13,2ng/ml ditu batez beste, eta Antartikoko izotzak, ostera, ia 4 aldiz gehiago, 52,3 ng/ml.

Nanoplastikoak oso eremu anitz eta zabaletan identifikatu dituztenez, Matericek eta bere taldeak toxikotasunari eta kutsaduraren irismenari buruzko ikerketa gehiago egiteko beharra azpimarratu dute. Beraien aburuz, litekeena da poloetako izotz-laginetako nanoplastikoen presentziak prozesu garraiatzaile konplexuak inplikatzea. Horren barruan egon daitezke garraio atmosferikoa eta itsasokoa, izotza isurtzea, botatzea eta gehitzea. «Ikerketa gehiago behar dira eskualde polarrak kutsatzen dituzten iturriak hobeto mugatzeko», ondorioztatu du.