Elkartasunetik sortutako jaialdia ate joka dago dagoeneko. Pandemiaren ondotik ospakizun festa bat izan nahi du apirilaren 2an Bilboko BECen egingo den Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak eta NAIZek bertan egon nahi du, agente aktibo gisa. Horregatik, jaialdiak berak eta NAIZek hitzarmen berezi bat sinatu dute, bertan gertatuko denaren lekuko zuzen izateko nahiarekin.
NAIZ Eszenatokia
Publiko ororentzat zuzendutako festibal honek punta-puntako taldeak ekarriko ditu ezarriko diren eszenatokietara. Horietako bat NAIZ Eszenatokia izango da, Bizkaia Arena pabiloian kokatuko dena, eta bertan zuzenean arituko dira kartel nagusiko taldeak: Los Chikos del Maiz, ETS, Gatibu, Zetak, Iseo & Dodosound, Maria Arnal & Marcel Bages, Ptazeta, Tanxugueiras eta Zoo.
Ez da izango, ordea, jaialdia osatuko duen agertoki bakarra. Ondoko pabiloi batean La Salve eszenatokia egongo da, eta bertan ikusi ahal izango dira Adrianna Gaultier, Anne Lukin, Bengo, Dupla, Ene Kantak, Ezpalak, Lil Dami, Luna Ki, Maren, Motxila 21 eta Sua taldeen emanaldiak.
Harpidedunentzat sarrerak
ZEID festibalarekin egindako akordioari esker, NAIZeko harpidedunek abantaila bereziak izango dituzte. Horien artean esanguratsuena sarrerak prezio erdian erosteko aukera izango da. Harpidedun bakoitzak bi sarrera erosteko aukera izango du, agortzen diren arte. Erosketarako informazio osoa martxoaren 22an, goizeko 11.00etan, bidaliko den emailean jasoko dute.
NAIZek bere apustu irmoa erakutsi nahi du ZEID jaialdiarekin egindako hitzarmenean eta tokian tokiko taldeei pandemiak eragin duen egoera zaila iraultzen lagundu nahi die.