
2026ko lehen sorpresa bizitu dugu bart Etzakit talde hernaniarrarekin. Oialume aretoa behin bakarrik ez, hiru aldiz bete dute (datozen egunetan joko dituzte beste biak) eta arrakasta bermatuta daukate beraien betiko jarraitzaileekin zein gazteagoekin ere. Zutik elektrotxaranga aretoa animatzen ari zen iritsi ginenean: jendea dantzarako gogoz zegoen eta nabaritu da giroan.
Txaranga amaituta, laster gure atzean entzun dugu soinu txikia: Xabi Solano zen, publiko artean sartuta eta infernuko hauspoari eragiten, Jon Mari Beasainen panderoak lagunduta. Laster batu zaizkie M-en Ezten taldea osatu zuten Kristina Solano eta Amaia Oreja, baita Alaitz eta Maider ere. Hortik eszenatoki aldera pasatu dira, jendeak egin dien pasilloan aurrera eginez. Gonbidatuz (akaso gehiegi) jositako lehen itzulera honetan, bi ordu eta laurdeneko emanaldi frenetikoa eskaini digute, baita hogeitahamar kantu baino gehiago ere. ‘Zergatik ez’ kantuarekin hasiera-hasieratik giroa pil-pilean jarri dute. Ikuslegoak ia kantu gehienak kantatu eta dantzatu ditu, lehenengotik azkenera.
Gonbidatuz (akaso gehiegi) jositako lehen itzulera honetan, bi ordu eta laurdeneko emanaldi frenetikoa eskaini digute.
Bere garaian argitaratu zituzten bi diskoei errepaso oso konpletoa eman diote, baita lehen maketako pieza batzuk eskaini ere. Lehen lerroetako jendeak den-denak ezagutzen ditu, eta esango genuke ia areto osoak topera gozatu duela Etzakiten lehen itzulera hau. Bigarren diskoko ‘Goiz edo noiz’-en amaieran garrasi egin du publikoak. Erritmo latinoekin ere dantzatu du jendeak, adibidez, ‘Zarena’ kutsakorrarekin. Dantzak ‘Egina’-rekin jarraitu du, gaueko kantu handienetako bat izan da, beste zenbait klasikorekin batera. Bi disko bakarrik argitaratu eta hainbeste hit edukitzea meritu handikoa da, inondik ere.
Eferbeszentziak bere horretan iraun du maketako kantuekin ere. Kristina Solanorekin ‘Maria Iñaxi’ egin dute. Gero, Amaia Oreja ere igo da eta taldearekin abesti mordoa interpretatu dute kontzertuan zehar, ia ia taldekide moduan, Xabik azpimarratu duen bezala. ‘Gurekin’ aho batez abestu du ikuslegoak, eta kantu horretan gaita sartzeak anplifikatu egin du soinua zein giroa. ‘Bizitzeko bizi’-k trikia eta rockaren arteko maitasun historian sakondu du, eta akaso ‘Txikita’-k gorputz gehiago eman dio triki pop sentimendu horri. Kaki Arkarazo jada oholtzan zen, eta kantu mordoa jo du (dozena erdi bat, gutxienez) bere gitarrarekin, nahiz eta momentu batzuetan bere instrumentua ez zen behar bezain garbi entzuten. Aipatu dugun azken kanta horretan gitarren duelu polita egin du Jon Mari Etzakiteko partaidearekin.
‘Kondaira’-ren bultzada erabakigarria izan da plano artistikoan, baita ‘Ene kuttun’ rockeroa ere. Etzakiten altxor ezkuturik bada, nahiz eta gaurkoan jendearentzat kantu ezezagunik egon ez dela uste dugun, rock kutsukoak eta musikalki oso landuak dauden horiek izango dira. Arin-arinak eta fandangoak ere dantzatu ditu ia areto osoak, eta Xabiren jarrera oldarkorrak (oso motibatua eta gogotsu aritu da) ez du kontzertuaren erritmoa moteltzen utzi, baladak ere tartean egon diren arren. Haietako bi segidan etorri dira: ‘Zu galdua’ eta ‘Denbora’, musikalki eta melodikoki ondo landutako piezak benetan ere. Berriz martxa hartzeko, ‘Erre zenituzten’, Xabiren bakarkako kanturik famatuena aukeratu dute, Solanok Euskal herriko sorgin guztiei eskaini ondoren hasi dena.
Etzakiten altxor ezkuturik bada, nahiz eta gaurkoan jendearentzat kantu ezezagunik egon ez dela uste dugun, rock kutsukoak eta musikalki oso landuak dauden horiek izango dira.
2000an Kanbon ospatu zen gazte topagunerako egin zuten kanta eskaini ziguten ondoren, eta segidan Kristinak eta Amaiak talde nagusiarekin M-en Ezten taldearen ‘104’ jo dute, eta hau ere, Xabi Solanok konposatua, biziki eskertua izan da. Gero, Alaitz eta Maider igo dira eta txalo-zaparrada ederra jaso dute ‘Ispilu aurrean’ amaitu dutenean. Ez dakigu Etzakiten itzulera honek disko berria ekarriko duen, baina lehenago jo duten triki pop eszenari gorazarre egiten dion ‘Hankapunttetan’ kantu berriak esperantzak eman dizkie jarraitzaile sutsuenei. Azken txanpan, ‘Pasodoble’ eta Goizueta herriari eskainiko kantuak jo ondoren erretiratu dira.
Bisetan, ‘Urrun izan zinen’ sentibera eta, besteak beste, emanaldiari amaiera eman dion ‘Izar iheskorra’ itsaskorra eta dantzagarria etorri dira. Gonbidatuen artean, datozen bi kontzertuetan gaur faltan somatu ditugunak egongo direla uste dugu, hau da, Gozategi eta Maixa eta Ixiar. Haiek ikusteko gogoarekin geratu garen arren, kontzertua lehergarria izan da eta hurrengoak ere horrela izango direlakoan gaude. Triki-popari gorazarre egin dion emanaldi honek balio beza mugimendu hura berriz ere hauspotzeko.

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Chiapas limpia su escudo de símbolos de la conquista española

Dantzalekura itzulera

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro







