NAIZ
Donostia

Ines Osinaga musikariak eskuratu du Joseba Jaka beka

Bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Ines Osinagak jasoko du aurten, eta urte beteko epea izango du bere sormen lana egiteko. Disko bat izango da emaitza.

Ines Osinaga musikaria, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ines Osinaga musikaria, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Elkar Fundazioko lehendakaria den Joxemari Sors-ek azaldu duenez, 2016an jarri zen Joseba Jaka beka berriro martxan, eta orduan erabaki zen sormen beka izatea eta deialdi bakoitzean erabakitzea zein kultur adierazpidetarako sormena lagunduko den. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da. 18 lan aurkeztu dira guztira.

‘Itsasoa da bide bakarra’ proiektua aurkeztu zuen Ines Osinagak, eta hiru lagunez osatutakotako epaimahaiak erabaki du aurkeztu diren lanen artean, horrek izango duela 10.000 euroko beka, urte betean lana egin dezan. Epaimahaia osatu dutenak izan dira: Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategi eta Jon Eskisabel Urtuzaga.

Honela arrazoitu dute beka Ines Osinagari ematea, ‘Itsasoa da bide bakarra’ diskoa egiteko: «Proiektu anbiziotsua eta artistikoki interesgarria iruditu zaigu. Batetik, duela zortzi urte argitaratutako ‘Gosariak’ diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak».

Beka jasoko duen Ines Osinaga agerraldian izan da eta beka baliatuta landuko duen proiektuaren berri eman du. Sariak sormen prozesuan sekulako bultzada emango diola azpimarratu du: «Sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuk uste dute bapateko kontua izaten dela eta ez da hala. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emaitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Zentzu horretan, beka honek ematen didan aitortza oso garrantzitsua da niretzat».

Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu da, duela gutxi Habanan izandako egonaldian. Honek emakume musikari asko eta oso interesgarriak ezagutzeko aukera eman diola aipatu du Inesek, eta bertatik jasotzen ari den kolaborazio eta bertsioekin osatzen joango da lana.

Beka lortu duen proiektuak hiru zati dituela aurreratu digu: lehena, ikerketa eta sormen lanerako izango da; bigarrnena, materiala lantzeko erabiliko du, eta honen ondoren diskoaren A eta B aldeak aterako direla aipatu du musikariak.

Egileak 10.000 euro jasoko ditu eta urte beteko epea izango du diskoa egiteko. 5.000 euro jasoko ditu musikariak sormenerako eta gainerakoa Elkar estudioko orduetan emango da, kantak bertan grabatzeko.