Ane Iparragirre

Arrikrutz, mendeetan zehar urak zizelkaturiko katedral barrokoa

Oñatin, Aizkorri mendilerroaren bihotzean, dago Arrikrutzeko haitzuloa, mendeetan zehar urak zizelaturiko katedral barrokoa. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko paisaia karstikoaren erakuslehio paregabea. Bertan izan gara, “Seigarren kontinente”an.

Arrikruteko sarrera.
Arrikruteko sarrera. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gipuzkoako mendi gailurrik garaienen babesean, Aizkorri mendilerroaren bihotzean, Arrikrutzeko koba aurkitzen da. Gipuzkoako kobazulo sistema zabalenetako bat izanik, Euskal Herriko paisaia karstikoaren erakuslehio paregabea da. Mendez mende urak harkaitzean zizelatutako kobazuloa ikerkuntza espeleologiko eta paleontologikoetan aintzindarietakoa izan da.

Antzinako animalia artean

Arrikrutzeko koba oso berezia da, batez ere paleontologoentzat. Errinozeronte iletsu (Coleodonta antiquitatis), leize hiena (Crocuta crocuta spelaea) eta orein erraldoien (Megaloceros giganteus) aztarnez gain, aipagarriak dira Arrikrutzen agerturiko leize hartzen (Ursus spelaeus) hezurdura ugariak eta Iberiar penintsula mailan bakarra den leize-lehoiaren (Panthera leo spelaea) hezurdura osoa.
 Azken hau da Arrikrutzeko kobetan orain arte egin den aurkikuntzarik garratzitsuena.

Lehoi mota hau Eurasian bizi izan zen duela 300.000 eta 10.000 urte bitartean eta inoiz izan den felido handietako bat zen. Arrikrutzeko galerietako batean aurkitutako eskeleto osoak 35.000 urte inguruko datazioa du.

Pasarela bidez egokitutako 53. galerian ordubeteko ibilbide gidatua egiteko aukera izango du bisitariak. Mendeetan zehar urak zizelaturiko katedral barrokoa ezagutu ahal izango du 500 metrotan zehar egokituriko pasabideari esker. Gainera, argi-sistema aurreratuak are gehiago indartzen du altxor geologikoaren handitasuna.

Horrez gain, bisitan zehar zenbait gai lantzeko aukera izango du bisitariak, sistema informatiko aurreratuari esker. Besteak beste, xehetasun interesgarriak jasoko ditu honako gaien inguruan: urak eta hidrologiak haitzuloa nola zizelatu duten, haitzuloaren osaera geologikoa eta aberastasunen balioespena, haitzuloetako lehoi baten eskeletoa, aurkikuntza arkeologikoak eta paleontologikoak, karst-sistema konplexu eta itzelak, lurrazpiko erreka eta estalaktitaz betetako galeriak...

Bisitak ordubeteko iraupena du baina nahi duenak abentura luza dezake, haurrentzat (6 urtetik gorakoak) eta familientzat bereziki egokitutako ibilbide espeleoturistikoa eginez. Bertan, 53. galeriako historiaurreko animalien erreplikak ikusi ondoren, eta pasabidea albo batera utziz, kobazuloa bere egoera naturalean ezagutzeko aukera izango dute.

Horrez gain, beste hirugarren aukera ere eskaintzen dute, baina soilik helduei (18 urtetik gorakoak) zuzendutakoa: pasabidez kanpoko espeleoturismo ibilbidea. Bisita hau aukeratzen dutenek Arrikrutzeko espeka handia edo Aldaola errekaren lur-azpiko ibilguaren edertasunarekin gozatu ahal izango dute.