NAIZ

Bere buruaz beste egiten saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura ezarri du Osakidetzak

Sikiatrak ospitaleko alta eman ostean, pazienteak erizain baten hiru telefono dei jasoko ditu hilabete bateko epean eta, horrekin batera, hitzordua izango du osasun mentaleko profesional batekin, alta jaso eta hiru egunetara gehienez.

Paziente bat osasun mentaleko profesionalaren kontsultan.
Paziente bat osasun mentaleko profesionalaren kontsultan. (GETTY)

Gotzone Sagarduik, Lakuako Osasun sailburuak, ostiral honetan Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu diren Osasun Mentaleko XII. Jardunaldietan iragarri duenez, Osakidetzak prozedura berria ezarri du beraien buruaz beste egiten saiatu diren herritarrentzat: ‘Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea’ (CISR).

Prozedura berria martxan dago jada eta sikiatrak suizidio saiakeratik biziraun duen pazienteari ospitaleko alta ematen dion unean aktibatzen da. Hori horrela, pazienteak alta jasotzen duenetik 48 orduko epean, gehienez, Osasun Kontseiluko erizain baten deia jasoko du haren egoeraren berri izateko eta, behar izanez gero, laguntza urrats batzuk emateko. Deiak beste bi aldiz errepikatuko dira, gutxienez, 15 eta 30 egun igarota.

Aldi berean, alta jasotzen duenetik gehienez hiru eguneko epean, Osakidetza pazientearekin harremanetan jarriko da osasun mentaleko profesional batekin hitzordua emateko. Dena den, Osasun sailak ez du zehaztu pazienteak zenbat denbora itxaron beharko duen hitzordua adosteko deia jasotzen duenetik kontsultaren egunera arte.

Suizidioa prebenitzeko hiru orduko ikastaroak

Bestalde, Osakidetzak suizidioa prebenitzeko hiru orduko iraupeneko online ikastaro autodidaktak eskainiko ditu. Osasun Sailak azaldu duenez, «ikastaro honen premisa da estrategikoki kokatutako edozein pertsonak lagun dezakeela suizidioa prebenitzen, baldin eta tresna egokiak baditu». Hori horrela, ikastaroa «suizidio jokabiderako kolektibo kalteberekin» sarritan harremanetan egon ohi diren profesional ez sanitarioei eta sanitario ez klinikoei zuzentzen zaiela argitu du.

Prestakuntza bi zatitan banatuta egongo da: modulu teoriko bat eta lau kasu praktiko. Edukiari dagokionez, Osasun Sailak aurreratu du suizidio jokabidearen «oinarrizko kontzeptuak» azaltzen direla, «gizarte eragileek arriskuan dauden pertsonak hobeto detektatu, hasierako laguntza eman eta laguntza espezifikoko baliabideekiko harremanerako bide eman ahal izateko».

2022an 500 plazako sei prestakuntza edizio eskaintzea aurreikusten dute. Lehen hiru edizioetan, EAEko aldundietako eta udalerrietako gizarte-zerbitzuetako, berdintasun eta genero indarkeriaren arloko eta mendekotasun arloko langileei eskainiko zaie, baita farmazeutiko komunitarioei, elkarteei eta GKE-ei ere.

Lakuaren Osasun sailak gogorarazi duenez, ikastaroa 250 pertsonak egin dute jada esperientzia pilotu batean, eta horien %97k gomendatu du suizidioa prebenitzeko ikastaroa.