Glaukoma, oharkabean pasa daitekeen gaixotasuna

Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoaren (ICQO) arabera, glaukoma duten pertsonen erdiek ez dakite gaixotasuna dutela, lehenengo faseetan ez baitira sintomak azaltzen. Itsutasunaren bigarren kausa da eta kaltea konponezina da. Ondorioak saihesteko lasterbidea diagnostiko goiztiarra da.

Glaukoma nerbio optikoei eragiten dien gaixotasuna da, itsutasunaren bigarren kausa munduan.
Glaukoma nerbio optikoei eragiten dien gaixotasuna da, itsutasunaren bigarren kausa munduan. (Zarina LUKASH | GETTY IMAGES)

Nerbio optikoaren gaixotasuna da glaukoma, begiaren presioa handitzeak, hau da, begi barruko presioak eragindakoa. Hala azaldu du Iñaki Rodriguez Aguirreche Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoko (ICQO) glaukomako espezialista eta Glaukomaren Espainiako Elkarteko (SEG) kideak, gaitz honen nazioarteko egunean.

Rodriguez Aguirrechek azpimarratzen duenez, gaixotasun hau itsutasunaren bigarren kausa da munduan. «Pazienteak ikusmen-eremua galtzen du pixkanaka. Nerbio optikoa begitik burmuinera informazioa daraman kablea da, informazio bisuala. Orduan, nerbioa hondatzen denean, ikuseremua itxi egiten da pixkanaka kanpotik barrura, eta gelditzen ez bada, ikusmen guztia galtzen da».

Hala ere, fase aurreratuetara heldu arte antzematea zaila dela ohartarazten du medikuak; «mantso garatzen da, engainagarria da». Hori dela eta, biztanleriaren erdiak ez daki glaukoma daukala, ICQOren datuen arabera.

Adina eta genetika

Beraz, ondorioak saihesteko egin beharreko lehen gauza arrisku-faktoreak ezagutzea da. Rodriguez Aguirrechek bi multzotan banatzen ditu: alda daitezkeenak eta aldatu ezin direnak. Lehenengo multzoaren barruan dagoen bakarra eta «garrantzitsuena» begiaren presioa da, tratamenduarekin berau murriztuz gero gaixotasuna geldotzen baita. Aldatu ezin direnen artean, adina, herentzia genetikoa, diabetesa, kortikoideak hartzea, miopia eta pseudoesfoliazioa –begian materiala metatzen denean– daude, esate baterako.

Bilboko oftalmologoaren esanetan, gaixotasuna prebenitzeko modurik eraginkorrena diagnostiko goiztiarra da, noizean behin probak eginda lor daitekeena. «Ez duzu egun osoa oftalmologoan sartuta egon beha, erokeria bat delako, baina 40 urtetik aurrera ez duzu ezer galtzen probak bost urtean behin egiteagatik. Eta, batez ere, arrisku-talde batekoa bazara. Adibidez, bost dioptriako miopea bazara eta zure amak glaukoma badu», gomendatu du Rodriguez Aguirrechek.

«Horretan pikarokeria apur bat ere egon daiteke. Ez da oftalmologoarengana joan behar urtero. Arrisku-talde batekoa ez bazara, normal sentitzen bazara eta 45 urte badituzu, agian ez da guztiz beharrezkoa», onartzen du adituak.

Gainera, espezialistak dioenez, azken urteotan diagnostikoan hobekuntzak egin dira, «nerbio optikoaren hasierako kalteak behatzeko eta gaixotasunaren progresioa hobeto identifikatzeko aparatu sentikorragoekin».

Arriskuak gorabehera, oftalmologoak baieztatu du glaukoma duten paziente gehienek bizimodu normala izan dezaketela. Hala ere, fasearen araberakoa da hori. «Glaukoma aurreratuena oso ezgaitzailea da eta jendea lurrera erortzen da edo aulkiarekin estropezu egiten du, besteak beste, hodi baten edo eskopeta baten kanoi batean zehar ikusiko bazenu bezala delako», esan du medikuak. Traba horietaz gain, besteen aurpegiak ondo ezagutzeko zailtasunak edo egunerokotasunean gauzak aurkitzeko ezintasuna daukate pertsona hauek.

Tratatzeko zenbait modu

Begiaren barruko presioa jaitsiz tratatzen da glaukoma eta hiru metodo daude: farmakoak, laserra eta kirurgia, ordena horretan. Botikak tantak dira, tratamendu kroniko batekin jartzen diren kolirioak. Gero, laserrera eta kirurgiara jo daiteke. Adituak zehaztu duenez, gaur egun inork ezin izan duenez nerbio-sistema zentraleko nerbio bat edo nerbio optiko bat birsortu, «tratamenduek gaixotasuna geldiarazten dizute, baina inoiz ez dizute itzuliko galdu duzuna, konponezina da».

Gaixotasun honetan aditua den espezialistaren arabera, Estatu espainiarrean, biztanleriaren %3 ingururi eragiten dio, milioi bat pertsona baino gehiagori. Adinean aurrera egin ahala, ehuneko horrek gora egiten du. 90 urtetik aurrera, biztanleen %10ek pairatzen dute; 80 urtetik aurrera, %8 inguruk. 60 urteko pertsonen artean, aldiz, %5ek du glaukoma, eta 20 urteko pertsonei ia ez die eragiten.

Glaukoma, beraz, probak egin ezean, igartzen zaila da eta, gaixotasunak aurrera egin ahala, nerbio optikoak kaltetzen dira eta ezin da atzera egin. Hori ekiditeko, funtsezkoa da ahal den guztia egitea diagnostiko goiztiarraren alde. «Glaukomak ez du itsutasuna esan nahi, baina tratatu ezean horretara irits daitekeen gaixotasuna da», esan du Iñaki Rodriguez Aguirrechek.