CONTENU SPONSORISÉ

Madalenak garaiz iritsi dira Arrigorriagara, baina Aixerrotako paellak bi egun atzeratu dira

Bizkaian ere aurrera doa aurtengo jaietako egutegia, eta asteburu honetan Arrigorriagako madalenen txanda izango da. Getxoko Aixerrotan, ordea, hauteskundean direla eta, igandetik asteartera atzeratu dute nazioarteko paellen txapelketa.

Txakolin eta oliba dastaketa larunbata eguerdian izango da Arrigorriagako Udaletxeko arkupeetan.
Txakolin eta oliba dastaketa larunbata eguerdian izango da Arrigorriagako Udaletxeko arkupeetan. (Juanan RUIZ | FOKU)

Hego Uribe eskualdeko Arrigorriagan, ostiralean (uztailak 21) arratsaldeko 20.00etan botako dute jai hasierako txupinazoa. Aurten, Aritz Berri Dantza taldeak eta Ollarganeko C.D. Adiskideak taldeak botako dute, 25 eta 40 urte betetzen dituztelako, hurrenez hurren. Ondoren, kalejira hasiko da Sakatu elektrotxaranga, Sama Siku fanfarrea eta Aritz Berriko txistulari eta lagunekin, eta 20.30etan txosnak zabalduko dira.

Aurtengo jaiak asteartera arte luzatuko dira eta, beste batzuren artean, aipatzekoak dira larunbata arratsaldean (uztailak 22) Georgia eta Indonesiako folklore taldeek eskainiko dituzten kalejira eta ibilaldia. Igandean, berriz, ume eta gazteen eguna ospatuko da eta astelehenean (uztailak 24), mozorro eguna. Egun honetan, baita ere, bertso bazkaria egingo da Iker Garritagoitia, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariekin, eta iluntzean pilota profesionala (Elezkano-Martija eta Elordi-Eskuza).

Azken eguna, beraz, uztailak 25 izango da eta egun hori txapelketa gastronomikoei eskainita egongo da: paella, bakailaoa eta patata-tortilla. Izen-ematea goizeko 10.30ak baino lehen egin beharko da Udaletxean eta kazuelen aurkezpena 12.30etatik aurrera. Sari banaketa, azkenik, arratsaldeko 17.00etan egingo da.

Eraso matxistarik gabeko jaien alde, Arrigorriagao Udalak eta herriko talde feministek hainbat ekimen jarri dituzte abian, Jai Batzordearekin koordinatuta. Horrela, herritarrek osatutako Brigada Moreak antolatu dituzte jai eremuan txandaka ibiltzeko eta, haien presentziarekin, indarkeria matxistari aurre egiteko. Era berean, Puntu Morea zabalik egongo da egunero eta matxismorik gabeko jaien dekalogoa banatuko dute txosnagune eta tabernetan.

Arrigorriagako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arri Loralan, Kric Krac, Garbitu, SoinUgao Soinu eta Argiak, Arrigorriagako Udala.

Aixerrotako txapelketan 400 paella egiten dira eta 30.000 pertsona biltzen dira urtero. (Monika DEL VALLE | FOKU)


Aixerrota, bi egun beranduago

Getxoko Aixerrotan, bestalde, bi egun atzeratu dute paella txapelketa. Dagoeneko 68 urte bete dituen ekimen gastronomiko hori igandean ospatu izan da azken urteetan, baina 23-J hauteskundeak direla eta, Santiago egunera atzeratzea erabaki dute.

Egunaren aldaketa alde batera utzita, Itxas Argia elkarteak antolatzen duen txapelketaren egitarauak ez du aldaketa handirik izango. Horrela, izen-emateak goizeko 10.30ean egingo dira eta, eguerdiko txalapartarien deiaren ondoren, aurreskua eta Itxas Argiko gazteen emanaldiak izango dira.

Paellen aurkezpena eguerdiko 13.30etatik aurrera egingo da eta sari banaketa, arratsaldeko 17.30ean izango da. Aurreko urteetan bezala, egunari Urrats taldearen erromeriak emango dio amaiera.

Getxoko Udalak duela sei urte martxan jarritako segurtasun proiektuari jarraipena emango dio, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta garbitasuna areagotzeko. «Gozatu jaiez pinudia errespetatuz» leloarekin, bertaratzen direnak ingurumen balioez kontzientziatu nahi ditu.

Aixerrotako paellen establezimendu laguntzaileak: Next, Cross cafetería, Iñaki bitxitegia, Gaurko Moda, Ajuria taberna, Salsidu taberna.