NAIZ

Nerabeen ia %10ak errezetarik behar ez duten argaltzeko produktuak hartzen ditu

Monash-eko (Australia) Unibertsitateko Osasun Publikoaren eta Medikuntza Prebentiboaren Fakultateko ikertzaileek jakitera eman dute mundu mailan hamar nerabetik batek erabili dituela noizbait errezetarik behar ez duten argaltzeko produktuak. Sor ditzaketen osasun arazoez ohartarazi dute.

 

Nerabeak aztertu dituzte ikerketan.
Nerabeak aztertu dituzte ikerketan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Mundu mailan, hamar nerabetik batek inoiz erabili ditu errezetarik gabeko argaltzeko produktuak, eraginkorrak ez direnak eta kalte egin dezaketenak. Halaber, nerabeen %2k azken astean erabili ditu, Monash-eko (Australia) Unibertsitateko Osasun Publikoaren eta Medikuntza Prebentiboaren Fakultateko ikertzaileek zuzendutako 90 ikerketa baino gehiagoren azterketa lanaren arabera.

Ikerketa Natasha Hall doktoreak zuzendu du eta ‘Journal of the American Medical Association’ aldizkarian argitaratu dute. Lanari esker, ikusi dute nerabeen %5,5ak mediku errezetarik behar ez duten argaltzeko produktuak erabiltzen dituela. %4,4ak azken hilabetean erabili ditu, % 6,2k azken urtean eta %8,9k noizbait erabili ditu.

Nerabeen errezetarik behar ez duten argaltzeko produktuen erabilera kezkagarria da, heldutakoan osasungarria dena baino gehiago loditzea ekar dezakeelako, eta elikadura nahasmenduen diagnostikoekin lotuta daudelako. Halaber, ikerketek agerian utzi dute era honetako produktuen kontsumoa eta autoestimu baxua, depresioa eta nutrizionalki behar beste ez jatea batera doazela.

Metanalisi honetan 600.000 parte hartzaileren egoera aztertu du eta aurkitu du argaltzeko pilulak erabiltzearen prebalentzia ohikoagoa dela emakumeen artean gizonezkoekin alderatuta, eta ohikoagoa dela Ipar Amerikako nerabeen artean Asia eta Europakoekin alderatuta.

«Errezetarik behar ez duten argaltzeko produktuekin lotutako osasun arazo pertsonal zein publikoak direla eta, lehenbailehen esku hartu behar da nerabeek produktu hauek kontsumitzea ekidin eta arautzeko», azpimarratu dute ikerlariek.