NAIZ

Ostiraletik aurrera maskara ez da derrigorrezkoa izango EAEko osasun zentroetan

Ospitale eta bestelako osasun zentroetan maskara erabiltzeko gomendioak indarrean jarraituko du, baina ostiraletik aurrera ez da derrigorrezkoa izango, Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Maskara jantzita duten bi pertsona Ondarretako anbulatoriora sartzen, Donostian.
Maskara jantzita duten bi pertsona Ondarretako anbulatoriora sartzen, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ostiral honetatik aurrera ez da derrigorrezkoa izango EAEko osasun zentroetan maskara erabiltzea, Arnas Infekzio Akutuen tasa jaitsi delako, Lakuako Osasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Urtarrilaren 10etik aurrera osasun zentroetan maskara derrigorrez erabiltzeko agindua eman zien Estatu espainiarreko autonomia erkidego guztiei Osasun Ministerioak, esanez, hala ere, erkidegoetako gobernuek agindu hori deusezteko aukera izango zutela arnas aparatuko birusen intzidentzia jaitsiko balitz. Gasteizko Gobernua hasieratik kritiko agertu zen Madrilgo aginduarekin.

Ostiraletik aurrera, baina, EAEko osasun zentroetan ez da derrigora izango maskara erabiltzea. Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailak ohar batean esplikatu duenez, Lakuak «maskara erabiltzeko gomendioari eusten dio, orain arte bezala; alabaina, urteko laugarren astean Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak Osasun Sailari aukera ematen dio bertan behera uzteko Osasun Ministerioak bere kabuz ezarritako derrigortasuna».

Horrela, astelehenetik aurrera, Hego Euskal Herriko osasun zentro guztiak izango dira derrigortasunetik salbu, Nafarroako Gobernuak asteartean iragarri baitzuen lurralde honek ere bertan behera utziko zuela agindua; kasu honetan, astelehenetik aurrera.

Intzidentziak behera

Lakuako Osasun sailak jakinarazi du gripearen eta covid-19aren intzidentziak behera egin dutela 2024ko laugarren astean, baita Arnas Birus Sinzitalaren detekzioak eta bronkiolitisaren diagnostikoak ere. Hala, Lehen Arretan, Arnas Infekzio Akutuaren tasa 100.000 biztanleko 516,3 kasukoa izan da; aurreko astean 562,9 kasukoa izan zen.

Osakidetzako ospitaleetan, bestalde, 100.000 biztanleko 21,1 kasutik azken aste honetako 100.000 biztanleko 15,9 kasura egin du behera intzidentziak.