CONTENU SPONSORISÉ

Idiazabalen hasi dira San Blas jaiak ospatzen

San Sebastianen ondoren, San Blas jaiak dira urteko festarik goiztiarrenak. Ostiral honetan bertan, otsailak 2, pregoia eta axariaren jeitsiera egingo dituzte Idiazabalen, baina ekitaldiak pasa den asteburuan hasi ziren herri kirol apustu ikusgarriarekin.

Ostiral eguerdian jaitsi dute axaria Udaletxeko balkoitik.
Ostiral eguerdian jaitsi dute axaria Udaletxeko balkoitik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Beste urte batez, idiazabaldarrek axariaren bisita jasoko dute San Blas egunaren bezperan eta, horren ondoren, Goierriko herria guztiz itxuraldatuko da jaiak ospatzeko. Izan ere, Udalak herritarrekin eta elkarteekin elkarlanean ekitaldi sorta zabala prestatu du.

Jaien hasiera ofiziala ostiral honetan bertan izango da (otsailak 2), eguerdiko ordubatean egingo den pregoia eta axariaren jaitsierarekin. Aurten, sanblasetako pregoia irakurriko dutenak hogei urte bete dituen Aldaize herri aldizkariko kideak dira. «2004ko sanblasetan aurkeztu zen aldizkariaren lehen alea eta geroztik konpromisoz eta zorroztasunez herriko  kontuen berri eman digu hutsik egin gabe, eta ondo merezitako ohorea egokitu zaie aldizkaria egiten dutenei», adierazi du Iñaki Alberdi alkateak.

Jai ekitaldiak, ordea, pasa den asteburuan hasi ziren, Kantu Jira taldearen emanaldia, bolo txapelketa, herri krosa, haur danborrada eta herri kirol dema ikusgarriarekin. Aurten bigarren aldiz antolatu den apustu horretan, Makalaaak taldeko kideak Ampo kooperatibako beteranoen aurka lehiatu ziren hamar kirol desberdinetan: aizkora, txingak, korrika, ingudea, harri-jasotzea, trontza, gizon-proba, zaku-eramatea, koxkol-biltzea eta sokatira. Lehia oso hestua izan zen eta, azkenean, gazteek aurrea hartu zieten beteranoei.

Ostegun gauean (otsailak 1), Idiazabalen sustraituriko musikariek hartu zuten oholtza. Izan ere, Starblues eta MuniZZek kaleratu berri dituzten diskoak aurkeztu eta dantzan jarri zituzten herritarrak blues-rock eta rap doinuekin.

Ostirala, otsailak 2, kandelaria eguna eta mozorro eguna ospatuko dira eta bertan ez dira faltako toka eta koxkol biltze saioak, mozorro topaketa, dantza saio kolektiboa, umeen jolasak, Xaiborren disko-festa, kandelen bedeinkazioa, batukada, sagardotegi afaria eta, eguna amaitzeko, Janus Lester abeslari nafarraren emanaldia.

Igarondo pilotalekuko harmailak jendez gainezka egongo dira larunbata arratsaldeko pilota partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Larunbata, otsailak 3, San Blas eguna eta kuadrillen eguna izango da. Ekitaldi tradizionalekin batera (txistularien kalejira, erroskila bedeinkazioa eta agintarien soka dantza), kirol ekitaldi garrantzitsuak daude iragarrita, hauen artean goizez XXXV. San Blas txirrindulari lasterketa eta, arratsaldez, profesionalen arteko pilota partidak (Elordi eta Rezusta, Artola eta Imazen aurka). Horrekin batera, paella bazkaria, kuadrillen arteko jolasak, trikitilariak, helduen danborrada eta Itzal taldearen erromeria daude iragarrita.

Jaietako azken eguna igandea izango da (otsailak 4), San Blas txiki eta Santa Ageda bezpera hain zuzen. Axariaren igoera 20.30ean egingo da, aurtengo jaiei amaiera emanez, baina aurretik egitarau trinkoa dago iragarrita, besteak beste, hamaiketakoa eta bersto saioa, euskal dantzen emanaldia, haurren pilota jaialdia, Santa Ageda bezperako koplak, Segurako talogileak eta Amatitan mariatxiaren kontzertua.

Igandera bitartean, bestalde, artisautza erakusketa egongo da zabalik Udaletxeko areto nagusian: altzarien zaharberritzea, egur taila eta joste lanak.

Jai batzordeak dei egin die herritarrei jaiez gozatzeko, beti ere alaitasunez, errespetuz eta maitasunez, inolako eraso edo indarkeria motarik onartu gabe.

Idiazabalgo erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Gaur logistika eta Idiazabalgo Udala.