NAIZ

Esklerosi anizkoitzaren bilakaera iragartzeko adimen artifizialeko tresna bat garatu dute

Adimen artifizialeko tresna berria oraindik praktika klinikoan erabiltzen ez bada ere, esklerosi anizkoitzarekin diagnostikatutako pertsonen tratamendua egokitzeko aukera eman dezake.

Hospital del Mar Research Instituteko neurozientzietako programaren zuzendari eta zentro bereko neurologia zerbitzuko burua, Pablo Villoslada.
Hospital del Mar Research Instituteko neurozientzietako programaren zuzendari eta zentro bereko neurologia zerbitzuko burua, Pablo Villoslada. (HOSPITAL DEL MAR)

Hospital del Mar Research Instituteko ikertzaileek koordinatutako lan bati esker, esklerosi anizkoitzarekin diagnostikatutako pertsonen bilakaera aurreikustea ahalbidetuko duen adimen artifizialeko tresna bat garatu dute. Aurrerapen hau baliagarria izan daiteke tratamendua egokitzeko.

‘Journal of Neurology’ aldizkariak argitaratu du ikerlana, eta Bartzelonako (Katalunia) Clinic ospitaleak, Bergingo (Alemania) Charite Unibertsitateak, Genoako (Italia) San Martino Ospitale Poliklinikoak eta Osloko (Norvegia) Unibertsitate Ospitaleak ere parte hartu dute lanean.

Tresna hori garatzeko, esklerosi anizkoitza duten 300 paziente baino gehiagoren eta gaixotasunik gabeko ehun bat pertsonaren jarraipena egin behar izan da bi urtez.

Parte-hartzaileak hainbat eskala kliniko eta kognitibotatik abiatuta ebaluatu dira, irudi probak egiteaz gain. Parte-hartzaileen genetika, proteinak eta odolean dauden zelula inflamatorioak ere aztertu dira.

Lortutako datuak esklerosi anizkoitza duten 271 pertsonako bigarren kohorte batekin baliozkotu dira.

Informazio horrekin guztiarekin, ikertzaileek adimen artifizialeko eta ikaskuntzako ikuspegi desberdinak dituen tresna bat garatu dute parte-hartzaileen datu berberei buruz.

Tresnak zehaztasun maila handia erakutsi du pazienteek izango dituzten aldaketak aurreikusteko eta tratamenduen balizko aldaketak aurreratzeko orduan, eraginkorragoak izan daitezen, ikertzaileen arabera.

Praktika klinikoan oraindik erabili ezin den arren, orain arte lortutako emaitzek aukera eman diezaiekete pazienteen jarraipena egiten duten taldeei «informazioa izateko, tratamendurik onena aukeratu ahal izateko, une honetan daudenek eraginkortasun maila desberdinak dituztelako, baina baita arrisku maila ere», adierazi du Pablo Villoslada Kataluniako Hospital del Mar zentroko neurologia zerbitzuko buruak.

Ikerketa lanekin jarraitzeko buru-belarri ari dira jada Hospital del Mar Research Instituteko adituak, pazienteen jarraipen denbora zazpi urtera luzatuz.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun autoimmunea da, sendaezina eta ezgaitzailea, eta sistema immunitarioak garuneko, nerbio optikoko eta bizkarrezur-muineko nerbio-zelulen estaldura babeslea suntsitzen du.