Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Adimen artifizialaz solasean: «Ez dago etika eta moral neutrorik. Soluzioa aniztasuna da»

«Teknologia etiko eta sozialki arduratsuak» sortzeko lanean ari da Elhuyar Fundazioa. Informatika eta filosofia batuz, adimen artifizialean islatzen diren alborapenen edo gizarte bazterketaren gaiari heldu diote adituek solasaldi batean. Denontzako AA lortzeko bidea aniztasuna dela aldarrikatu dute.

Ezker-eskuin, Olatz Arbelaitz, Xabier Saralegi, Itziar Irigoien eta Gorka Julio, Elhuyarren mahai-inguruan.
Ezker-eskuin, Olatz Arbelaitz, Xabier Saralegi, Itziar Irigoien eta Gorka Julio, Elhuyarren mahai-inguruan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gizarte talde baten bazterketari erraten zaio alborapena. Konstante bat izan da gizartearen historian, beraz, ez da adimen artifizialarekin etorri den arazo bat. Arazoa da teknologietan alderdi negatibo horiek ez detektatzea eta, behin antzematen direnean, garaiz ez heltzea.

Baikorra da Xabier Saralegi Urizar, Orai adimen artifizialeko zentroko ikertzailea, gaiari garrantzia ematen ari zaiola eta isuriak zuzentzeko ahalegin handia egiten ari dela ikusten duelako.

Itziar Irigoien Garbizuk, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta UEUko kideak, kontatu du adimen artifizialeko gradua abiatu zutela duela lau urte eta aurten aterako dela lehendabiziko promozioa, 40 ikaslerekin. «Ez dut baikortasuna galdu nahi. Zerbait martxan jartzen denean, arreta jarri behar da ea justua den», adierazi du aurkezpenean.

Elhuyarrek Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz espazioan, antolatutako solasaldian informatikariak batu dira. Hala da Gorka Julio Hurtado ere, baina baita irakaslea, kooperatibista eta gizarte ekintzailea ere. «Botere harremanen ondorio bat da AA bera ere. Ertzetan dagoen jendeak, subalternoak, egon beharko luke AA egiten, edo behintzat sesgo horiek mugatzen», aldarrikatuz hasi da.

Guztiz bat dator Olatz Arbelaitz Gallego, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko kidea, eta teknologietan etika eta filosofia txertatzea defendatu du. «Beharrezkoa da gizarte talde guztiak egotea galderak egiten sortzen diren sistemen egokitasunari buruz».

Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko zientzia komunikatzaile eta ‘Norteko Ferrokarrila’ Euskadi Irratiko saioko gidariak egin ditu moderatzaile lanak, honako zalantzatik abiatuta: «Posible al da alborapenik gabeko sistemarik AAren bidez?».

Adituek ikuskatu behar dute

Saralegik azaldu du kasu batzuetan, ataza sinpleak direnean, zuzendu beharrekoa begi bistakoa dela. Adibidez, aseguruentzat arriskua estimatzen duen sistema batean ijitoei arrisku handiagoa jartzen zaienean. Baina «ataza konplexuetan, AA sortzaileko sistemetan kasu, alborapen soziala balio moralen isla da eta onargarria denaren eta ez denaren marra oso lausoa da. Munduan arrazonamendu aniztasuna dago, eta AAren ereduetan hori onartu behar dugu».

Halere, bi muga jartzea ezinbertzekoa dela uste du: Pentsamendu bakarra nagusitzea saihestea, eta nabarmen txarrak diren alborapenak zuzentzeko betebeharra ezartzea.

Arbelaitz kezkatua dago «AAren sortzaileei ematen zaien sinesgarritasunagatik. Aditua banaiz, gai izango naiz sortzen duena egokia den edo ez ikusteko. Bestela ez. Ezin dugu ahaztu teknologiek ez dutela ulertzen, eta sortzen dutena jasotzen duten materialaren konbinazio bat dela».

Juliok aniztasunaren alde egin du berriz. «Oso modelo gutxi daude, eta daudenak zentralizatzen doaz. Hizkuntzan eta kulturan dagoen aniztasuna behar genuke. Teknologia burujabeen ikuspegi bat, guretik egindako ekimenak».

Orai zentroko ikertzailea ados dago aniztasuna bilatu behar dela aldarrikatzean. «Ez dago etika eta moral neutrorik. Soluzioa aniztasuna da; ez dago besterik. Alborapena beti egongo da». Eta, hala, erantzuna gelditu da Roaren galdera.

Ezkerreko botoi bat

Kazetariak duda gehiago ditu, ordea: litekeena da AA batean alborapen bat handitzea? Algoritmoek datuetan dagoen alborapena handitu dezaketela erantzun du Saralegik, eta Juliok jakinarazi du Gazan AA erabiltzen ari direla ustez Hamasekoak diren militanteak akabatzeko. «AA iraganean oinarritzen da aurreikuspenak egiteko. Hala, denboran ere eragiten du, betikotuz».

Gizarte ekintzaileak «ezkerreko botoi bat» proposatu du, gizakion kontrol maila altu bat patroi automatikoez harago. «Euskotreneko lokomotoran gizaki bat dagoela adierazteko pedal bat dagoen bezala».

ChatGPT eta halako sistemetan lehenengo entrenamendu handi bat egiten dela esplikatu du Saralegik, datu bilduma erraldoi batekin. Prozesuaren amaieran, bertze entrenamendu handi bat egiten da sesgoak zuzentzeko, eta hori pertsonek egiten dute. «Noski, enpresek jarritako irizpideak erabiltzen dituzte. Hortxe dago paradoxa: alborapena zuzentzeko, alborapena».

Euskal Herrian egin den bideari txalo

Moderatzaileak galdera filosofikoak egiten dizkie, eta filosofikoki aurreratzea ongi datorrela baloratu du Juliok. «Euskal Herrian ikerketan egin den bidea egin ez balitz (IXA taldean, besteak beste), orain beste era batera ariko ginateke AAz hitz egiten, modelo irekirik gabe, handiek diotenari so bakarrik. Sortutako hizkuntza teknologia horiek AAn balia daitezke. Asmatu zen, eta bide hori jarraitu behar da».

Irigoienek erran du lehen AA sistemak ez zirenak orain badirela, zaku horretan sartzen delako dena. Arbelaitzek erantsi du urte askoan egon direla sistema horiek baina orain toki guztietan daudela eta horixe dela arazoa, ematen zaien erabileragatik. «Erabilera zuzentzen egin beharko da lan».

AAren inguruko legea onartu du Europak. Julioren ustez, «anbizioa falta» zaio. Txina edota AEB sortzen ari diren bitartean, arautze bidea hartu duelako gure kontinenteak. «Hemen, Euskal Herrian ere anbizio materiala falta da. Ezagutza bada, baldintza egokiak eta gaitasuna ere bai. Aliantza posibleak bilatu beharko ditugu. Lokalean exekutatzen diren ereduei azpimarra egin. Pentsatu eta materializatu zer bide eta lekutan jarriko ditugun indarrak».

Publikoak ere parte hartu du solasaldian, denetariko galderekin. Hauteskundeak izaki, zer nolako AAren politikak egin behar diren jakin nahi izan du partaide batek. «Anitzak», bota du Irigoienek. «Denontzako AA nahi badugu, diagnostiko bat egin ondoren, baliabide publikoak jarri beharko ditugu», gaineratu du Arbelaitzek.

Hizlarietako batzuk irakasleak dira, eta irakasleei zer mezu emanen lieketen galdetu du bertze lagun batek. Arbelaitzek argi du: «Klasean ordenagailu gutxiago erabiltzeko esango nieke. Pantailatik harago bizitza dago».

Adimen naturalaren apologia batekin amaitu da, hortaz, adimen artifizialaren mahai-ingurua.