CONTENU SPONSORISÉ

Madalenak eta Santamañak, Gipuzkoa eta Bizkaia festaz bustiko dituzten ospakizun oparoak

Mutrikuk, Errenteriak edo Antzuolak Gipuzkoan, eta Arrigorriagak, Otxandiok edo Bermeok Bizkaian, festak ospatzen dituzte Madalena egunaren inguruan. Ez dira faltako erraldoi eta buruhandiak, herri bazkariak, txapelketa gastronomikoak, kirol ekitaldiak eta, nola ez, musika.

Txistulariak Mutrikuko jaietan.
Txistulariak Mutrikuko jaietan. (Aritz Loiola | FOKU)

Uztaileko azken txanpari heltzeko iritsi dira Madalenak Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat txokotara.

Malen jaiak dira Mutrikuko festa nagusiak, larunbatean, uztailaren 19an, hasiko direnak. Sokamuturra, danborrada, erraldoiak eta buruhandiak bezalako ohikoak ez dira faltako. Ondo pasatzeko helburuarekin prestatutako egitaraua aurkeztu du Udalak, baina Ainhize Azpiazu alkateak esan bezala, errespetua ere kontutan hartuz. «Zaindu zure lagunak, zaindu zure burua eta zaindu herrixa, danon artian zaintzen bagea jaixak hobiaguak izango dia eta».

Hala, karro-poteoarekin abiatuko dira jaiak eguerdian, eta 14.00etan txupinazoa botako dute eta honela hasiko dira ofizialki uztailaren 25era arte luzatuko diren festak. Lehen egunean bazkaria, txaranga eta batukada izango dira.

Igandea, uztailak 20, lasaiagoa izango da hurrengo egunean, 21ean, Malen bezpera eguna ospatzen dutelako. Umeentzako jolasak eta aurpegi margoketa izango da 16.00etatik aurrera, eta denak dotore daudela, haurren txupinazoa izango da ondoren erraldoi eta buruhandien konpartsarekin. Helduek pilota partidez, antzerkiaz, danborradaz eta playbackaz gozatu ahal izango dute, besteak beste. Egun honetan mozorrotuta joan ohi dira mutrikuarrak.

Malen egunean (22) haur parkea goiz eta arratsaldez, musika bandaren emanaldia, herri kirolak eta su artifizialak izango dira, eta asteazkenean, uztailaren 23an Txiki eguna ospatzen dute. Hori dela eta, umeak dira protagonistak eta haiei eskainitako hainbat ekimen dituzte antolatuta, tartean haur danborrada.

Ostegunean (24) Kuadrila eguna egingo dute, eta gazteek lagun artean ondo pasatzeko bereziki prestatutako futbito zezenekin eta sokamuturra antolatu dituzte.

Santixo eguna izango da jaietako azkena, pintura lehiaketarekin hasiko dena. Eguerdian txakolin dastaketa izango da eta arratsaldean Kukai dantza taldearen ikuskizuna eta bertso-saio musikatua.  

Musikari dagokionez, bi izango dira eszenatokiak, Goiko Plaza eta txosnagunea. Bertan arituko dira, besteak beste, Izaki Gardenak, Akeer, La Jodedera, Arratians, Ganibet, Selektah Stepi, Gozzue, Süne eta Laket.

Informazio honen laguntzaileak: Mutrikuko udala, Hotel Arbe, Kanping Galdona, Txalaparta kafetegia.

Errenteriako Madalenak astelehenean, hilaren 21ean, hasiko dira. Hala ere, larunbat honetan (uztailak 19), Erromeria Egunaren 25. edizioa ospatuko dute, Ereintza taldeak antolatzen duen ekitaldi arrakastatsua. Egun guztian zehar, herriko kaleak musikaz eta dantzaz beteko dira eta gauean hainbat kontzertu eta DJ izango dira. Igandean ere jai atariko hainbat ekitaldi izango dira, tartean Madalen Aurreko Txistulari Kontzertua, Alaitz eta Maider artista gonbidatuekin.

Uztailaren 25era arte luzatuko den egitarauak adin eta gustu guztientzako 130 jarduera biltzen ditu. Horregatik, Aizpea Otaegi alkateak nabarmendu zuen madalenak nola antolatzen eta ospatzen diren ikustea besterik ez dagoela Errenteria harro sentitzeko: «Zenbat eragile, zenbat pertsona gure madalenak antolatzen! Zenbat bilera! Zenbat hilabetetako lana eta buruhausteak!». Hala, eskerrak eman zizkien jaietan beren ekarpena egiten duten pertsona eta eragile guztiei.

Bestalde, Larreaundi baserriko Arantxa Otegi eta aurten omenduko dituzten herriko baserritarrak zoriondu zituen: «Litekeena da askotan ikusezin sentitu izana, baina aurten nor omendu aukeratu duten Herritarren Batzordeko partaideek herriari egin dioten ekarpena goraipatu nahi izan dute, bereziki emakume baserritarrek, Arantxak kasu, egindako lan isilaren bidez».

Uztailaren 21ean, 19:00etan, Herriko Plaza adin guztietako jendearen topagune izatea nahi dute. Hori, ordea, ez da txupinazoa bizitzeko aukera bakarra izango, aurten mila koloreko txupinazo txikia –Holi Txupinazoa– eta Zumardian jarritako pantaila erraldoia ere izango baitira. Halaber, Herri Bizia webgunean streaming bidez jarraitu ahal izango da une berezi hori.

Jai batzordeak, bere aldetik, argi du Madalenak jarduera-egitarau bat baino gehiago direla, «elkarrekin antolatzen den, beren tradizioak zaintzen dituen, ahots desberdinak entzutera eta jai-gune inklusibo eta ireki bat eraikitzera ausartzen den komunitate askotariko baten adierazpena dira». Prestatutakoak askotarikoak izateaz gain, musika eskaintza ere anitza izango da (70 emanaldi publiko inguru), tartean, Puro Relajo, Niña Coyote eta Chico Tornado, Oihan Vega, J. Martina eta Errenteriako Musika Banda.

Informazio honen laguntzaileak: Errenteriako udala, Pizza Sprint, Oarsoak edari-banatzaileak, Zamalbide Clínica Veterinaria.

Antzuolako jaiak ostegunean hasi dituzte, Hontzaren jaitsierarekin eta igandera arte luzatuko dira. Ostiralean, uztailak 18, ur jolasak izango dira guztientzat –ez soilik haurrentzat–, jolas parkea, ur zezena eta kuadrilen arteko ginkanarekin. Mugi Panderoa taldeak erromeria eskainiko du gauean, Andrigina drag showaren aurretik, eta ondoren Olgetan erromeria egongo da txosnetan.

Dotoreago jarriko dira larunbatean, uztailaren 19an, goiza kainoikadekin hasi ostean. Musika bandaren kalejira eta kontzertua izango dira goizez, eta alardea ospatuko dute arratsaldean, aurten Ion Gurutz Biterik sortutako martxa berriarekin. Iluntzean elektrotxaranga, erromeria eta kontzertuak izango dira plazan zein txosnetan.

Azken egunean, igandean, jubilatuen eskutik salda eta txorizoa banatuko dituzte eguerdian, eta ondoren mariatxiak izango dira plazan. Herri bazkaria, bigantxa, larrain dantza eta Esti Markezen kontzertuaren ostean, Hontzaren igoerarekin bukatuko dituzte festak.

Informazio honen laguntzailea: Elay taldea.

Bizkaira salto eginez, Arrigorriagak ostiral honetan, hilak 18an, botako du txupinazoa. Aurten Epifaniaren Aldeko Taldeak 50 urte betetzen ditu eta Inauteri Batzordeak 10, eta beraiek izango dira txupinazoa botatzearen arduradunak. Haiekin batera, aipamen berezia egin diote Arrigorriaga Harrera taldeari, egindako gizarte-lanagatik, eta une berezi horretan izango dira baita ere. Jarraian buruhandiak aterako dira eta txosnak zabalduko dituzte.

Larunbatean (uztailak 19) erraldoien kalejira aterako da eguerdian, txikien gozamenerako, baina 15.00etatik aurrera gazteen txanda izango da, bazkaria eta olinpiadak izango baitituzte. Arratsaldean kirolak lekua izango du emakumeen zein gizonezkoen padel txapelketetako finalekin. Gauean suzko zezena aterako da.

Igandean (uztailak 20) umeak eta nagusiak nahastuko dira; haurrei dagokionez, tailerrak eta bazkaria izango dira haientzat, eta arratsaldean txikifesta, eta nagusientzat, berriz, bazkari-omenaldia egingo diete eta ondoren dantzaldia egongo da. Txanpiñoi dastaketa, giza proba edota folklore kalejira bezalako bestelako ekitaldiak aurreikusiak daude.

Hurrengo egunetarako ere egitarau polita prestatu dute. Hala, hondarrez animaliak egiteko tailerra eta playback lehiaketa egingo dituzte uztailaren 21ean; 22an, Madalena egunean, mistela eta madalenak banatuko dituzte, ohi legez, eta oliba-hezur jaurtiketa txapelketa xelebrea egingo dute; uztailaren 23an Umeen eguna ospatuko dute eta haientzako jolas pila bat prestatu dituzte, baita izozki banaketa ere, eta gauean bakarrizketa eta film laburren emanaldia izango dira; uztailaren 24an, mozorro egunean, kaletik kantuz joango dira, kale dantza egongo da eta baita elektrotxaranga ere; eta uztailaren 25ean, paella eta tortilla txapelketa gastronomikoa ospatuko dute goizean, eta arratsaldean apar festa egingo dute.

Musika eskaintza ere eklektikoa izango da, tartean, Puro Relajo, DJ Alex eta Mitxel (80ko hamarkadako musika), Brigade Loco, Akerbeltz, Dupla, Süne, Dann Hoyos, Beranduegi, Luhartz, Libra, The Hottubes, DJ Blessive, Nonahi Erromeria eta Korrontzi izango dira Arrigorriagan.

Informazio honen laguntzaileak: Arrigorriagako Udala, Arriloralan, Garbitu produktuak, Di-Da kopiak.

Otxandiok Santamañetako txupinazoa ostegunean bota zuen, eta ostiral honetan festari ekingo diote berriro, uztailaren 27ra arte. Egun pila bat dituzte aurretik, eta horrek aukera asko ematen ditu. Ostiral honetan, adibidez, Mutrikuko buruhandi eta erraldoiak Otxandioko gaiteruekin batera kalejira egingo dute, eta gero Taberna Ibiltaria taldeak ikuskizuna eskainiko du, Jotake taldeak gaua borobiltzeko.

Larunbatean (uztailak 19) Umeen eguna izango da, eta 6. mailakoek txupina bota ondoren hasiko da. Igandean, berriz, herri bazkaria, eta tute, mus eta briska txapelketak izango dira, besteak beste.

Astelehean atsedena hartu ostean, uztailaren 22an Soka Dantza dantzatuko dute neskek eta 23an herriko haurrek pilota partidak jokatuko dituzte. Jaietako azken bi egunetako egitaraua berriro beteagoa dago: uztailaren 26an San Martin eguna izango da eta paella txapelketa ospatuko dute; uztailaren 27an, berriz, Agur Santamañak eguna izango da, eta goizean sokamuturra egin ostean, eguerdian 1939an bondardaketan hildakoei omenaldia egingo diete. Arratsaldean herri kirolak izango dira eta erromeriaren ostean, gauerdian agurtuko dituzte jaiak.

Informazio honen laguntzailea: Otxandioko Udala.

Bizkaian ere, eta Madalena egunaren inguruan, Bermeok festa eguna du. Izaroko irlara joateko eguna da, herriak ipar-ekialderantz dituen mugak berresteko. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du hitz hauek esaten dituen bitartean: «Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak».

Aurten, Bermeok Palestinaren aldeko elkartasun mezua zabalduko du eta Nadia Nemeh Shomaly alkatesak botako duen teilak "Bermeotik Gazara" mezua eramango du, Palestinako banderarekin batera.

Horrez gain, Udalak dei egiten die herritarrei, bai eta jai honetan parte hartuko duten herriei (Mundaka eta Elantxobe) eta itsas prozesioan parte hartzen duten ontziei ere, Palestinaren aldeko elkartasun sinboloak erabil ditzaten.

Eguerdiko 12.00etan itsasontzietara igo eta Izarora abiatuko dira eta, ondoren, Elantxobera. Herri honetara 13.00ak inguruan helduko dira eta bertan ohorezko aurreskua eskainiko dute. Arratsaldeko 17:30ean, udalbatza Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta 19:30ak inguruan helduko dira Bermeora.