NAIZ

Landarbaso Abesbatzak urrezko bi sari lortu ditu Tokyo International Choir Competitionen

Urrezko bi sari eskuratu ditu Landarbaso Abesbatzak Tokyo International Choir Competitionen 7. edizioan, munduko abesbatza lehiaketa ospetsuenetakoa. Podiumera igotzerik lortu ez badute ere, «kalitate handiko programa baten ia interpretazio bikaina» eskaini dutela eta pozik agertu dira.

Landarbaso abesbatza, lehiaketan.
Landarbaso abesbatza, lehiaketan. (LANDARBASO ABESBATZA)

Landarbaso Abesbatzak Tokyo International Choir Competitionen 7. edizioan hartu du parte iragan berri den asteburuan. Harumiko Daiichi Seimei Hall-en ospatu zen abesbatza lehiaketa hau munduko ospetsuenetakoa eta zorrotzenetakoa da, eta euskal abesbatzak urrezko bi sari eskuratu ditu aurkeztu den bi modalitateetan, Musika Garaikidea eta Abesbatza Mixtoak hain zuzen ere.

Ohar bidez azaldu dutenez, aurtengo lehiaketa azken urteetako gogorrenetarikoa izan da, eta epaimahaiko kide izan diren Vytautas Miškinis (Lituania) eta Jennifer Thamek (Singapur) «ziur aski beren kategoriako lehiaketarik gogorrena zela» aipatu zutela nabarmendu dute.

Koruak urrezko bi sari lortu zituen lehiatzen zen bi modalitateetan, 90,5 eta 92,05 punturekin. Emaitza horien ondorioz, Landarbaso hiru irabazle nagusiebn podiumera igotzetik oso gertu ibili da, 0,48 puntura geratu baita.

«Oso pozik gaude gure parte-hartzearekin, bai lortutako maila artistikoagatik, bai zailtasun eta kalitate handiko programa baten ia interpretazio bikaina eskaini izanagatik», ziurtatu dute, eta bizi izan dutena «esperientzia ahaztezina» izan dela ere zehaztu dute: «Gure ibilbidea eta azken hilabete hauetan egindako lana berresten digu. Gainera, hiru abesbatza sarituen maila bikaina aitortzen dugu (Taiwan, Indonesia eta Japonia), horien emanaldiak benetan ikusgarriak izan baitziren», aipatu du Iñaki Tolaretxipik, abesbatzaren zuzendariak.

Landarbaso Abesbatzak Tokioko Tsukishima Social Education Center-en uztailaren 24an ospatutako Satellite Concert jaialdian parte hartzeko aukera ere izan zuen. Euskal Herriko eta nazioarteko musika koralez betetako programa bat interpretatu zuten, «horrela euskal kultura munduko abesbatzen ekitaldi handi honetan ordezkatuz».

Kontzertu horretan Sinapalar Bunun Children's Choir (Txina), Penabur Children Choir (Indonesia) eta Ching Yun Choir (Taiwan) ere aritu ziren. «Nabarmendu behar da Penabur Children Choirrek hirugarren saria lortu zuela haurren abesbatzen kategorian eta bigarrena musika garaikidean. Ching Yun Choirrek, berriz, hirugarren postua lortu zuen musika garaikidearenean», jarri dute balioan. «Zalantzarik gabe, Landarbaso Abesbatzaren partaidetza nabarmena urrats garrantzitsua da euskal abesbatzak nazioartean proiektatzeko, eta beste behin ere, talde handi horren kalitatea eta talentua berresten ditu», amaitu dute.