
«Euskalzaletasuna» eta «zarauztartasuna» bizirik mantentzeko ospakizun moduan antolatu dute aurten ere Zarauzko Euskal Astea. Iazko edizioan mendeurrena ospatu ondoren, aurtengoan, Zarauzko Udalak urtez-urte gauzatzen diren ekitaldiei mendeurrenerako martxan jarri eta aurten errepikatuko diren egitasmoak gehitu dizkie, baita egitarauan lehen aldiz antolatu direnak ere.
Horrela, aurtengo berritasunen artean, Euskal Asteko Trikitixa jaialdia ospatu zen asteazkenean, herriko adin guztietako trikitixa ikasle zein punta-puntako trikitilarien parte hartzearekin.
Joan den urtean arrakasta handia izan zuen ekimenen artean, aurten ere fandango eta arin-arin ikastaroak bere lekua izan du egitarauan, Frontoi Txikin astean zehar egin diren bost saioekin.
Ohiko ekitaldien artean, abuztuaren amaieran Bertsolari Gazteen XLIX. Lizardi Sariaren kanporaketak abiatu ziren, eta finala ostiral honetan (irailak 5) egingo da Modelo Aretoan, gaueko 22.00etan. Larunbat honetarako (irailak 6) iragarrita dauden ekitaldien artean, aipatzekoak dira AEK-k antolatutako euskararen aldeko lasterketa, aurresku txapelketa, EHEren bazkari herrikoia eta artzain txakur lehiaketa.
Igandean (irailak 7) Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da egun guztian zehar antolatutako hainbat ekitaldirekin eta asteartean (irailak 9), Euskal Jai Eguna ospatuko dute. Goizean goiz abiatuko diren "Goiztarrak" taldearen irteerarekin hasi eta gaueko erromerira arte, atsedenik izango ez duen festa eguna izango da Zarautzen, antzerkiz, musikaz eta dantzaz beterik.
Informazio honen babesleak: Paskin, Eguzki taberna, Euskalduna taberna.
Sagardo Eguna Donostian
Donostian, bestalde, irailaren 3an eta 4an jokatutako estropadako sailkapen frogen ondoren, larunbat honetan (irailak 6) hasiko dira aurtengo euskal jaietako ekitaldi nagusiak, goizeko 11.00etatik 14.00etara Konstituzio plazan ospatuko den Sagardo Egunarekin. Aurtengoa XXXVIII. edizioa izango da eta, ohikoa den moduan, plazako arkupeetan 32 upategitako sagardoa emango da dastatzera. Eguerdian, Elutxeta, Gaztañaga eta Otsuenea sagardotegiei omenaldia eskainiko zaie.
Sagardo egunarekin batera, Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. Merkatua eta Gipuzkoako Tomateen lehiaketa egingo dira Boulevarden, eta Artisautzaren V. Azoka Alderdi Ederren, bertako ekoizleen partaidetzarekin.
Larunbatean bertan, Gaztelu Eguna ospatuko da Urgullen, 1813an suntsitu ondoren Donostia berreraiki zutela oroitarazten duen ekitaldi sinbolikoa. Hurrengo egunean, hilaren 7an, igandean, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia izango da, urtero milaka pertsona erakartzen dituen kirol ekitaldia hain zuzen.
Baina estropadaz gain, Donostiako euskal jaietan izango da beste hainbat kirol lehiaketa ere, hala nola bolo eta toka txapelketak, Urgulleko Krossa, Esku Pilota Txapelketaren finalak Trinitate plazan, Kontxako badian igeri zeharkaldia…
Musika eta dantza ere egitarauaren osagai nagusienetariko bat izango da aurten ere. Iragarritako ekitaldien artean daude “Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa” errezitaldia astelehenean Victoria Eugenian, erromeriak eta txalapartariak Trinitate plazan edota Larrain Dantza eta Dantza Sueltoko txapelketa. Bertso saioa, bestalde, irailaren 13an izango da, Trinitate plazan gaueko 22.00etan, Maider Arregi, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu eta Alaia Martin bertsolariekin. Haurrentzako programazioak eta gastronomia arloko lehiaketek borobilduko dute 60 jarduerez osatutako egitaraua.
Informazio honen babesleak: Izadi21 aholkularitza, Fasprint igara.

Azoka eta gazta txapelketa Ordizian
Ordizian ere asteburu honetan hasiko dira euskal jaietako ekitaldi nagusiak, eta egitarauaren ardatza osatzen duen azoka berezia datorren asteazkenean izango da, irailak 10.
Larunbat honetan, irailak 6, ohiko “Emaneurre euskarari” eguna ospatuko da eta bertan ez dira faltako kuadrillen arteko herri kirolak, herri bazkaria, trikitilariak, elektrotxaranga eta Gozategi taldearen kontzertua.
Igandean (irailak 7) jubilatuen eguna ospatuko da, asteartean (irailak 9) erraldoi eta buruhaundien konpartsaren irteera eta ardo eta sagardo dastaketa izango dira, eta asteazkenean (irailak 10) azoka eguna ospatuko da. Bertan, ohikoa den bezala, ganadu, lumagorri, fruta eta barazkien lehiaketak ospatuko dira eta, nola ez, ardi latxa Gazta Txapelketa eta enkante ospetsuak ere bai. Arratsaldean profesionalen arteko eskuzko pilota partiduak izango dira, herri kirolak eta erromeria Eingo taldearekin.
Ordiziako euskal astearen egitaraua datorren asteburuan itzuliko da. Aipatzekoak dira, larunbatean, sagardo festa eta Akerbeltz taldearen kontzertua, eta igandean, Lazkao Txiki bertso paper lehiaketaren sari banaketa eta “Nortasun agiria” Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa.
Informazio honen babesleak: Mujika liburudenda, Goierriko Baratza.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean
