CONTENU SPONSORISÉ

Kontzezio azoka Mendaron eta Nikolas azoka Izurtzan, abenduak 6 honetarako planak

Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte Mendaron Kontzezio azokaren baitan, hori bai, aurten ganadu eta hegazti erakusketarik gabe. Durangaldeko Izurtzan, bestalde, goizean zehar ospatuko dute azoka, baita urteroko oilasko dastaketa solidarioa ere.

Mendaroko azokako postuak frontoian eta herriko plazan jarriko dira.
Mendaroko azokako postuak frontoian eta herriko plazan jarriko dira. (MENDAROKO UDALA)

Abenduaren 6 honetan bi azoka nabarmen ospatuko dira Euskal Herrian. Bata, Deba bailarako Mendaro herrian eta bestea Durangaldeko Izurtza herrian. Batean zein bestean, baserriko produktuak dastatu eta erosteko aukera izango da, baina ez hori bakarrik.

Horrela, Mendaron goizeko 10etan dultzaineroek egingo duten kalejirarekin zabalduko da Udalak eta Debemen elkarteak prestaturiko egitaraua. Ordu berean, hasiera emango zaio azokari frontoian zein herriko plazan jarritako barazki, fruta, ogi, gazta eta gozoki postuekin.

Aurten ez da ganadu eta hegazti erakusketarik izango, animalia horien gaisotasunen ondorioz ezarritako neurrien eraginez. Behien debekua dagoeneko indarrean ez badago ere, Debemen elkarteak ez du denborarik izan postuak berrantolatzeko eta aurten behintzat ganadu erakusketarik ez egitea erabaki du.

Hala eta guztiz ere, izango da zer ikusi eta gozatu Kontzezio azokan. Izan ere, goiz guztian zehar, sagarrarekin egindako produktuak nola kozinatu erakutsiko dute, baita dastatzera eman ere, Elgoibarko Lizagasar ekoizleen eskutik.

11etan, sagardo lehiaketaren XI. edizioa hasiko da, Arno Guraso Elkartearen laguntzarekin, eta Udaletxe azpian taloak dastatzeko aukera izango da. Eguerdiko 12etan “Mendaroko Gazteak” dantza taldearen emanaldia izango da eta ordu erdi beranduago umeentzako puzgarriak eta Gabonetako eskulan tailerrak zabalduko dira ikastolako jolastokian. Bazkal aurretik, sagardo lehiaketako sari banaketa egingo da, eta azokako produktuen erosketako zozketa.

Bazkal ostean, umeentzako ekitaldiek jarraituko dute jolastokian eta 18.00etan tortila eta gazta pintxoak dastatzera emango dituzte, euro batean, kaleko katuen babeserako Katubeltz Elkartearen laguntzarekin. Eguna behar bazala amaitzeko, Joselu Anayak taldearekin erromeria izango da.

Informazio honen babeslea: Mendaroko Udala

Nikolas azoka

Gipuzkoatik Bizkai aldera jauzi eginez, Durango ondoko Izurtzan Nikolas azoka ospatuko dute goiz guztian zehar, herriko Udalak Eusko Labelen laguntzarekin antolatuta. Goizeko 11etan zabalduko dira postuak. Denetarik eskainiko dute bertan, besteak beste barazkiak, eztia, gazta, ogia, gozoak, garagardoa…  

Azken urteetan bezala, azokak kutsu solidarioa izango du eta oilasko errearekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da goiz guztian zehar. Bildutako dirua Angelman sindromea duten haurrei laguntzeko elkartearentzat izango da, baita azokan jarriko duten postuan saltzen dituzten produktuekin jasotakoa ere.

Informazio honen babeslea: Izurtzako Udala