Emakumeak Zientzian programak hamargarren edizioa izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio. Sortu zela hamar urte igaro ondoren, proiektuak bere uste sendoa berretsi du: «Aurrerapenak aurrerapen, bada oraindik ere desberdinkeriarik zientzian. Hortxe jarraitzen dute, ikusten badugu nola eraikitzen den jakintza, nork duen ahotsa, nork gidatzen duen eta zeinek jarraitzen duen bazterrean». Era berean, honaino iritsi izanari esker hartzen dute astia zergatik jarraitu behar duten hausnartzeko.
‘Marea bizia gara’ leloa aukeratuta, 34 euskal erakundek «kolektibotasunaren indarra» azpimarratuko dute aurtengo edizioan, otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian antolaturiko jarduera-programan.
«Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren espiritua: emakumeen parte-hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du», adierazi dute Emakumeak Zientzian programaren antolatzaileek.
Azaldu dutenez, ‘Marea bizia gara’ egitasmoa proiektua ulertzeko modu bat baino gehiago da; egiten jarraitu nahi den bidea ulertzeko modu bat ere bada. «Elkarlanean eta konpromisoan oinarriturik eraikitzen da bide hori, konbentziturik zientzia hobea dela aniztasun handiagoa duenean».
70 jardueratik gorako programa
Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela. «Konpromiso partekatuak bultzaturik, Emakumeak Zientzian sarea hazi egin da, eta uste irmo batek ere lagundu du hazkunde horretan: aldaketak, posible izateko, kolektiboa izan behar du nahitaez», gaineratu dute Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek.
Hamargarren edizio hau otsailaren 3an hasiko da Donostian, Bilbon eta Gasteizen, ‘Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak’ ekitaldiarekin, zeinak hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialari nabarmenak bilduko baititu. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendeari zuzendutako jarduerak egingo dituzte. Komunitate zientifikoak, esate baterako, ‘Ekintzen garaia zientzian eta berdintasunean’ mahai-inguruan parte hartuko du: goi-mailako hizlariak ekarriko dituzte, hala nola Petra Rudolf, Silvia Rueda Pascual eta Sara Clavero.
Ikasleek ikerketa zentroetara egin ohi dituzten bisitez aparte, nerabeek bertatik bertara bisitatu ahalko dituzte CIC nanoGUNEren laborategiak ‘Nanomundura bisita’ izeneko jardueran, eta itsas laginak hartzeko aukera ere izango dute Navegavelaren belaontzi batean, AZTIko ikertzaileekin batera.
Familiek ibilbide dibulgatibo bat egin ahalko dute Donostiako historia geologikoan, bertako arroka eta paisaietan barrena. Eta, aurreko urteetan bezala, jarduera ugari egingo dira 55 urtetik gorako emakumeei bereziki zuzendurik; haien bidez, kultura transmititzeko duten eginkizuna azpimarratuko dute.
Ekintza-plan bat
Otsailaren 11n amaituko dira hamargarren edizioko jarduerak; Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen. Donostiako Aquariumean egingo den jai ekitaldi horretan, gogoeta prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza-plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak, eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.
Asteazken honetan argitaratu dute jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus atarian, eta jada eman daiteke izena antolaturiko jardueretan.
Emakumeak Zientzianen 10. edizioan parte hartzen duten 34 erakundeak EAEko zientzia eta teknologiaren ehunaren erakusgarri dira: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, EHU Informatika, EHU Kimika, Achucarro, Aranzadi, AZTI, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, el Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, ,CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, EHU Farmazia Fakultatea, EHU Ingeniaritza Eskola Gipuzkoa, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnun - Nafarroako Unibertsitatea, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta Vicomtech.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Osakidetza administró otros dos tipos de vacunas caducadas; la Fiscalía abre diligencias

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Sospechan que el videoportero de Amazon, presente en Euskal Herria, pasa datos al ICE


