Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Maider Eizmendi Iraola
UPV/EHUko Gureiker taldeko ikertzailea

«Emakume zientzialariak gehiago eta ezberdin erasotzen dituzte»

Kazetaritzan eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna da Maider Eizmendi Iraola (Zizurkil, 1982). Gizarte komunikazioan doktorea da, eta Emakume eta gizonen arteko berdintasun masterra egina du. GARAko 16 urteko kazetaritza esperientzia soinean duela, EHUko irakaslea da egun.

Maider Eizmendi, EHUko Gureiker taldeko ikertzailea.
Maider Eizmendi, EHUko Gureiker taldeko ikertzailea. (Oskar MATXIN EDESA)

Emakume Zientzialarien Egunaren bezperan egin dugu elkarrizketa hau. 2016an ospatu zen lehenengo aldiz Emakumeak Zientzian ekimena, baina Maider Eizmendik ez du ahantzi nahi aldez aitzinetik zientzian eta feminismoan ari ziren emakume anitzek egin zuten lan handia egoera agerian jartzeko. Gero etorri zen Unescoren aitortza eta horrek indarra eman dio.

UPV/EHUko Gureiker ikerketa taldeko kidea da Eizmendi. Azkenaldian bi lan egin dituzte bertako Ainara Larrondo, Simon Peña eta hirurek, Eizmendi gidari, Fecyt Zientzia eta Teknologiarako Fundazio espainiarrekin batera. Bi ikerketek erakusten dute oraindik emakumeen ikusgarritasuna txikiagoa dela. Beldur handiagoa dute hedabideetan ateratzeko.

«Emakumeak arlo batzuetara gerturatzea eta bokazioak sustatzea ondo dago, baina horretaz aparte garrantzitsua da gerturatzen diren emakume horiek zein modutan aritzen diren jakitea. Aztertzea zergatik zailtzen zaien bidea, zergatik garatzen duten segurtasun eza erasotuak direnean, zergatik kontziliazioa edo zaintza arazo bat den», adierazi du zientzialariak.

Sentimendu horietan sakondu behar dela iruditzen zaio. «Zientzian ari diren emakume askok pasilloetan lankideekin aipatzen dute karga eta kulpa hori. Denboran luzatzen den lana izateaz gain, badauzka lan piko handiak, agian bidaiatu behar duzu, eta ongizatea bilatzea garrantzitsua da, zulodun hodiaren fenomenoa gertatzen baita. Hodian zulo batzuk daude eta horietatik jendeak alde egiten du».

Berezia eta pozgarria izan da urteetan ondoan izandako lankide estimatuarekin elkartzea eta egiten ari den ikerketa interesgarrien berri jasotzea.

Madrildik itzuli berri zara. Zer lan mota aurkeztu duzu han?

Fecyt-ek badu bulego bat Science Media Center izena duena. Albiste zientifikoak izango diren horiek detektatzeaz eta hainbat aditurekin hitz egiteaz arduratzen dira, zenbateraino diren garrantzitsuak baloratu dezaten. Gurekin kontaktuan jarri ziren konturatzen zirelako emakumeak iturri bezala agertu behar zituztenean edo deitzen zietenean ezezko gehiago jasotzen zituztela. Beren helburua zen jakitea zergatik. Orduan inkesta bat egin genuen hiru hilabetetan kontaktatu zituzten iturri guztiekin, gizon zein emakume, ezberdintasuna ikusteko. 649 ziren guztira. Inkestak erakutsi digu emakumeek gehiago esaten dutela ezetz arrazoi batzuengatik. Ia denentzat, gizon zein emakume, lan kargagatik denbora falta zen arrazoi nagusia. Emakumeen artean gehiagok esaten zuten ezetz kontziliazioagatik. Beste arrazoi bat ere bada ‘ni ez naiz aditua’ pentsatzea, iruzurgilearen sindromearekin lotuta. Zientziaren eremuan, batez ere arlo batzuetan, oraindik beren burua kokatzea eta aditu bezala ikustea kostatzen zaie. Aldiz, gizonek, zientzia eremua gizonena gehiago jotzen denez, ez dute izaten traba hori.

Motibazioa ere aztertu zenuten, hau da, zergatik erraten duten baietz.

Hor ikusi genuen emakumeek askoz gehiago erantzuten zutela beren lanaren parte zela eta nahi zutela beraiek jorratzen zuten gai hori hobeto lantzea hedabideetan. Erantzukizun sozial handiagoa erakusten dute. Bestetik, galdetegian bazen aukera bat, ‘nire karrera profesionala sustatzeko’. Gutxik aukeratu zuten hori, baina emakumeen kasuan are gutxiagok. Horrek esan nahi du ez dutela sentitzen dibulgazioak beren karrera profesionalari onura egiten dionik. Gainera, jendaurrean agertze horrek eraginak izan ditzake.

Lehenengo ikerketarekin lotzen da hori. Abenduan aurkeztu zenuten ‘Ikertzaileen esperientziak hedabideekin eta sare sozialekin dituzten harremanetan’ lana.

Zientziaz komunikatzen duten ikertzaile askok erasoak jasotzen dituzte, maila desberdinetakoak. Emakumeen kasuan eraso gehiago jasaten dituzte, eta desberdinak kualitatiboki. Irainak dira gizon zein emakumeek gehien jasotzen dituztenak. Baina emakumeek iruzkin asko jasotzen dituzte beren ahalmen profesionalaren inguruan. Gutxiago dira, baina emakumeen artean nabarmenago, itxura fisikoaren gaineko irudikapenak. Hauei aurre egitea errazagoa dela uste dut. Baina gizonena izan den eremu batean zaudenean, eta sozialki oraindik emakumeei zalantzan jartzen zaienean zientziarako subjektu gisa daukaten pisua, irain horiek justu hor jotzea mingarria izan daiteke. Gizonen kasuan, aldiz, beren gaitasun zientifikoa onartuta dagoenez, gehiago erasotzen zaie zintzotasunean: ‘Zure ikerketak interesak ditu’.

«Sozialki zalantzan jartzen zaienean zientziarako subjektu gisa daukaten pisua, irainek justu hor jotzea mingarria izan daiteke»

Ikerlan horrek oihartzun handia izan zuen.

Bai, eta esposizio hori tokatu zitzaidanean beldurra eta kontraesana sortu zitzaidan, esaten nuelako: ‘Espresuki ari naiz honi buruz eta zer nolako beldurra sortzen ari zaidan kritikak jasotzeko edo huts egiteko’. Esperientzia negatiborik ez dut izan, baina bai beldur hori: esposizio honek zer ondorio izan ditzake?

Zergatik erasotzen zaituztete zientzialariak?

Orokorrean jende guztia erasotzen dute. Gizarteak orokorrean zientzialarienganako errespetu handia dauka, baina, pandemia garaian ondorioztatu zenez, gaia bera izan daiteke arrazoia, txertoen kontura, adibidez, zalantza handiak zeuden-eta. Gure ikerketan, ordea, gaitegi hori zabaldu genuen eta ikusi genuen genero gaiak ikertzen dituzten ikertzaileak ere erasotuak direla. Beste gai batzuetan ere, hasieran polemikoak ez iruditu arren, gertatzen dira. Azkenean dinamika bat da ikertzaileen lana zalantzan jartzeko.

Aurrez aurreko irainak dira gogorrenak.

Adibidez, hitzaldi bat ematen ari zarela, publikoko norbaitek hitza hartzea eta esatea: “Zure ikerketak ez du balio”.

Datuez gain, testigantzak ere bildu dituzue.

Guretzat oso garrantzitsua zen anonimotasuna, datu ahalik gehien jaso nahi genituelako. Baina gero, ikertzaileei aukera eman genien, zerbait esan nahi bazuten adierazteko. Gure sorpresarako, jende askok deskribatu dizkigu jaso izan dituen erasoak. Ikusi genuen beraientzat oso garrantzitsua zela komunikazio lanaren errekonozimendua. Formazioa ere eskatzen zuten, batzuetan ez zekitelako nola komunikatu, ezta zer egin ere erasoak jasotzen zituztenean. Hirugarrenik, babesa eskatzen zieten beren instituzioei. Oraindik ez da gehiegi errekonozitu meritu gisa zientzia dibulgazioan egindako lana. Hortaz, askok borondatez egiten dute, egin behar dutela iruditzen zaielako. Baina erasoak jasotzen dituzunean, zure jarrera izan daiteke dibulgazioa uztea. Hori ikusi genuen %16,5 ingurutan. Kasu horretan gizon gehiago ziren emakumeak baino. Erantzukizun sozialak daukan pisuarengatik dela pentsatzen dugu. Bestelako erantzukizun bat ere badaukate emakumeek: eredu izatea. Zientzian ari diren emakume asko etorkizuneko zientzialarien bokazioak sortu ditzaketenak dira.

Erasoen aurrean anitzek ez dute deus erraten.

Ondorioz, arazoa ezkutuan geratzen da. Kontatzea erabaki pertsonala da, baina bitartekoak egon behar dira kontatu nahi dutenean laguntza jasotzeko eta kexa bideratzeko. Gutxik salatzen zuten. Gehienek sare sozialetan erasotzaileak blokeatu edo beren sareak pribatu bilakatzen zituzten. Hori gure kalterako da. Komeni zaigu ikerketak ezagutzea, gizarte jakitunagoa sortzeko.

«Gure pozerako, ikusi genuen esperientzia oso baikorrak zituztela zientzialariek hedabideekin. Hori jakinda, funtsezkoa da bitartekoak jartzea zientzia dibulgazioa eroso egin ahal izateko»

Jendeak badu zientzia dibulgazioa jasotzeko interesa.

Pandemia garaian argi geratu zen, jendeari zalantza sortu zitzaionean, hedabide tradizionaletara jo zuela. Fecyten beste ikerketa batek esan du irrati eta telebistako dokumentalak eta egunkarietako edizio digitalak direla zientziaz informatzeko baliabide nagusiak. Hedabideek zientzialariak behar dituzte, eta zientzialariek behar dituzte hedabideak, eta horren jakitun dira. Zure ezagutza zabaldu nahi baduzu, inpaktua lortu, egin duzun lan hori itzuli, hedabideen bitartez lor dezakezuna handia da. Are gehiago, eta datu positibo hau nabarmendu nahi dut, beti pentsatu izan da zientzialarien eta kazetarien arteko harremana gatazkatsua izan dela, batik bat denbora desberdinetan lan egiten dutelako: zientzialariek patxada behar dute eta beren ikerketek denbora asko irauten dute; kazetariek, berriz, horren laburpen bat behar dute denbora gutxian. Egin genuen lehen ikerketa horretan, gure pozerako, ikusi genuen esperientzia oso baikorrak zituztela zientzialariek hedabideekin. Hori jakinda, funtsezkoa da bitartekoak jartzea zientzia dibulgazioa modu eroso batean egin ahal izateko.