Superkonpentsazioa, entrenamendua eta atsedena orekatuz

Superkonpentsazioaren fenomenoa (Weigner-en Legea) gure gorputzak jasaten duen efektu bat da, entrenamenduaren eta atsedenaren arteko oreka egokia burutzearen ondorioz lortzen dena. Gure gorputzaren egokitze prozesuan datza; gure errendimendua hobetzea du helburu eta zenbait aldagairen mende dago.
Lehenik eta behin, gorputzari estimulu bat eragin behar diogu egokitze prozesu hori martxan jar dadin. Estimulu hori edozein kirol, jarduera, indar ariketa edota esfortzu izan daiteke, bakoitzak bere kirolera bideratua, noski. Estimulu horrek, bakoitzaren ahalmenaren arabera, bere atalase indibiduala gainditu behar du; hau da, esfortzu maila bat izan behar du, atalasearen azpitik emandako estimuluek ez baitute prozesu hori martxan jartzen. Aldi berean, ahalegin hori oso handia bada, lesionatzeko arriskua handitzen du; beraz, bakoitzaren egoerara egokitua egon behar da.
Jarraitzeko, esfortzu horrek eragindako nekeari aurre egiteko, nahitaezkoa da atseden fasea. Fase horretan, aurreko faseak eragindako errendimenduaren jaitsierari aurre egiten zaio eta landutako gorputz atala birmoldatzen da, suntsitze prozesua berreginez. Atseden hori oso motza bada, ez diogu denbora ematen gorputzari birsortzeko eta hurrengo esfortzuei aurre egiteko gaitasuna berreskuratzeko, eta horrela, gure errendimendua txikitzen joango da, gainentrenamenduaren arriskua handituz. Aldi berean, atseden fasea gehiegi luzatzen bada, gure gorputza bere ohiko egoerara bueltatuko da, gure organismoak efizientzia energetikora jotzen baitu, eta errendimendua ez da hobetuko.
Atsedena egokia izan bada, errendimenduaren hobekuntza gertatuko da aplikatutako estimuluan (kirol, jarduera, ariketa…). Ziklo hau behin bakarrik errepikatzen badugu, efektua epe motzera ona izango da, efektuak irauten duen bitartean. Alabaina, ziklo maiztasun egoki batean errepikatzen dugunean, pixkanaka gure errendimenduaren garapena handitzen joango da, superkonpentsazioaren efektua betez, eta estimulu handiagoak aplikatu beharko dira efektu hori epe luzera mantendu ahal izateko.



