Inurrien moduan
Jendea mendeetan bizi izan da kobazuloetako etxeetan, eta arkitektura ondarearen parte izan beharko lukete. Francoren erregimena saiatu zen etxe horiei amaiera ematen, baina ez zuen guztiz lortu. Jasangarritasuna lehenetsi beharko litzatekeen garai hauetan, kobazuloetako etxebizitzak eta haien arkitektura bioklimatikoa izan litezke alternatiba bat?

Induskatutako arkitektura, lurzoruari materiala kenduz sortua, milioika pertsonaren bizitokia da mundu osoan barrena, eta Estatu espainolean ere badira oraindik erabilera horri jarraitzen dioten adibideak. Kobazuloko etxebizitza hauek baldintza oso zehatzeko testuinguruetan sortu ziren, klima lehorra, lur mota konkretuak, baliabide urritasuna eta gizarte egitura jakin batzuk eman ziren tokietan. Adibideak hainbat tokitan aurki baditzakegu ere, %90 Granada eta Almerian kontzentratzen da, zeinetan, gainera, nukleo urbano askoren konfigurazioa definitu duten.
Arkitektura mota honen ezaugarri bereizgarriena lurrazpiko ingurumen baldintzak eraginkortasunez aprobetxatzeko gaitasuna da. Lurra zulatzean, tenperatura egonkorragoak lortzen dira, muturreko baldintza klimatikoen aurkako babesa eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortuz eta, aldi berean, paisaia ingurune fisikoan erabat integratuak geldituz.
Asentamendu hauek azken musulmanen eskutik iritsi ziren mudejarren garaia. Haiek nagusiki nekazariak ziren, soroetatik hurbil eta hiri bilbetik kanpo bizi zirenak. Baliabide gutxieneko familiak zirenez, habitat ahalik merkeena topatu zuten, nork bere etxea lurrean zulaturik. Kristauen “birkonkistaren” ondoren, musulmanek atzean utzi zituzten etxeak hurrengo biztanleek okupatuak izan ziren, eta horrela iritsi dira gaur egun arte.
Etxe mota hauen eraikuntza ez zen guztiz autogestionatua. Prozesua “Maestro del pico” izeneko espezialisten gidaritzapean egiten zen, eta prozedura konkretu eta errepikakorren bidez sortzen ziren etxeak.

Eraikuntza fatxadatik hasten zen. Ebaketa bertikal batzuen bidez etxe aurreko “plazeta” definitzen zen, alboetan bi lur ostikoz edo oinarriz zaindua. Kale aldera gelditzen den espazio hau bizitzako alderdi sozialenak jasotzeko espazioa zen, harremanetarako, lan egiteko eta jolaserako gunea, eta publikotik pribatura trantsizioan lehen pausoa.
Ondoren etxeko sarrera izango zen zuloa egiten zen, eta honen atzean lehenengo gela-zelula, zeinetatik gainerako gelak konektatzen ziren. Gelak ganga formakoak izan ohi ziren, 3 metro zabalekoak, eta 2 metrotik 3ra arteko altuerakoak. Distribuzioei zegokionez, topografiaren baldintzen eta jabearen nahien araberakoak izaten ziren, orokorki bi multzotan sailkatuak: lerrokatuak, gelak ilaran kateatuz sortuak; eta adarkatuak, erdiko gela batetik gainontzeko guztietara igarotzen direnak.
Barne espazioen argiztapen eta aireztapen naturala emateko, bi elementu nabarmen ageri ziren. Tximiniak, lursailetik gorantz irteten ziren elementu bakarrak, 1m-ko diametrodun zulo eta zilindro bat dira, askotan paisaian erreferentzia bihurtzen zirenak. Argi-zuloak, bestalde, noranzko ezberdinetan irekitako zuloak dira, batzuetan patio bihurtzeraino zabalduak, eta besteetan estuak eta luzeak, gelak elkar lerrokatzeari esker optimizatuak.

MATERIALAK
Materialez den bezainbatean, jabeen egoera ekonomikoaren araberako bariazio handia zegoen. Batzuek buztinezko hormak eta lurrak zituzten, eta beste batzuek losetazko zoruak eta igeltsuz estalitako hormak. Kanpoaldean, fatxada kareztatuek nortasuna ematen zioten etxebizitzari, kobazulo bat baino gehiago etxe bat zela adierazteko.
Bizitegi mota hauen inflexio puntua XX. mendean iritsi zen, ur hornidura etxeetara iristeaz batera.
Hasieran, premia berri hauei aurre egiteko, etxe aurrean atal osagarri bat eraiki zitzaien, sukaldea eta komuna hartzeko. Baina denborarekin etxebizitzei gero eta baldintza zorrotzagoak ezarri zitzaizkien. Lehen garaiko frankismoaren eta etxebizitza publikoaren ezartzearekin, “azpietxebizitza” gisa baztertuak izan ziren, haien suntsiketa justifikatzeko.
Hala eta guztiz, ez ziren zeharo desagertu, eta ordutik hona ugariak dira arkitektura ondare ezezagun hau berritzeko eta duintzeko egindako saiakerak.
Gaur egun oraindik aurki daitezke koba-etxe adibideak Cuevas de Almanzoran eta Benalúa de Guadixen. Haien espazio organikoekin eta lurrarekin zuzenean konektatuekin gure aurrean galdera kitzikagarri bat utziz: lurpekoa ote da etorkizuneko arkitektura jasangarriena?

Por una actitud más saludable en Navidad
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin
