Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
KONTXAKO BANDERA 2025

Patroi berriak, baina betiko ilusio berbera

Nadeth Agirre eta Andrea Astudillo patroi historikoek ez dute Kontxako Banderan parte hartuko, baina ez zaie falta haien lekukoa nork eraman. Horrez gain, patroi gazteak badatoz, edo Nerea Perez eskarmentudun patroiak Tolosaldearen gaztetasunari bere lasaitasuna eta talentua eskaintzen dizkio. Kontxako Banderan esateko asko dute patroiek.

Joana Halsouet, Urruñako patroia. Bikain ari da betetzen Andrea Astudillok lagatako hutsunea. (Gorka Rubio | FOKU)
Joana Halsouet, Urruñako patroia. Bikain ari da betetzen Andrea Astudillok lagatako hutsunea. (Gorka Rubio | FOKU)

Lerro hauek idazteko orduan Euskotren Liga amaitu berri da eta Arraun Lagunakek bere laugarren liga txapelketa irabazi berri du. Are gehiago, historian aurreneko aldiz Kontxako Banderan sailkatze estropadarik jokatu beharrik gabe Kontxako Banderan aritzeko baimena izango du, eta, hori guztia gutxi balitz, azken bi urteetan lortutako Kontxako Bandera hirugarren urtez jarraian eskuratzeko faborito nagusia da.

Kontu naturala irudi dezake, Arraun Lagunak delako azken urteetako dominatzailea Euskotren Ligan, 2023. urteaz geroztik bereziki. Baina argi izan behar da “Lugañene” traineruak aldaketa garrantzitsu bat egin duela aurten: Andrea Astudillo patroiak ontzia laga du bederatzi urteren buruan eta trainerua nork eramango umezurtz ez geratzeko tostetatik patroi lanetara Joana Halsouet lapurtarrak igaro behar izan du. Egia da Urruñan duela 27 urte sortutako patroi honek aurrez Lapurdiko ontzian eskarmentua bazuela patroitzan, baina Arraun Lagunak taldean izan den aurreko bi denboraldietan arraunlari lanetan ari izan da, halabeharrak berriz ere patroi lanetara itzularazi duen arte.

Joana Halsouet, Donostia Arraun Lagunakeko patroia. (Andoni Canellada – FOKU)

«Kontxako egunak iritsi arte oso fokalizatuta izan dut etapa bakoitza; hau da, estropada bakoitzean jarri dut arreta, urrunago pentsatu gabe», dio Joana Halsouet patroiak, jakinaren gainean Euskotren Ligan izan duen erantzukizuna Kontxan ez dela txikiagoa izango, begi asko eta asko harengan iltzatuta egongo direlako. «Egia da Ligaren ondoren datorkigun etapa lodia Kontxa dela, eta horri begiratzen diogu orain. Estropadaz estropada joan gara urte osoan, baina traineruak iragan urtean dagoeneko maila oso altua utzi zuen. Eta, taldea zer egiteko gai den ikusita, iruditzen zait gure helburua urtero taldeak duen onena ateratzea dela, helburu handienak erdiesteko», adierazi du.

Ez da urte erraza izan berarentzat, liga txapelketa bikain joan bada ere. Esan bezala, Andrea Astudillo ez da edonor eta haren lekua bete behar izan du patroi lapurtarrak. Oro har olatu handirik ez du izan orain arteko estropadetan, baina, nolanahi ere, Joana Halsouetek azterketa bikain pasatu duela esan liteke, “Lugañene” bere egitea lortuz. «Andrea ordezkatzea ez da erraza, ez. Izen handia da eta arraun mundu honetan pertsona garrantzitsua da benetan. ‘Lugañene’ berak bideratu du, eta oso ongi ezagutzen ditu traineruko neskak. Egia da niretzat ardura handia zela. Desafio handi bat zen niretzat, baina oso eskertua naiz taldeak hartu nauen moduan. Gauza bera gertatu zen duela bi urte arraunlari lanetan etorri nintzenean, baina oso babestua sentitu naiz taldearen aldetik eta baita ekipo teknikoaren aldetik ere. Horrek azkenean segurtasuna lortzen laguntzen du», onartu du Urruñako patroiak.

Ez da patroi aldaketa esanguratsu bakarra, hala ere. Maider Etxaniz Orioko patroiak iaz hartu zuen Nadeth Agirre historikoaren lekua, baina iaz ez bezala, aurten bandera birekin ospatu ahal izan du mirotzen traineruan egindako lana, aurrez arrauna bi urtean lagata izan eta gero, bizitza osoan San Juanen aritu ostean.

«Arraunak asko ematen dit, baina asko kendu ere bai. Sasoi batean oso erreta amaitu nuen, nahiz eta pena ematen duen hura bezalako traineru bat ‘zintzilik’ uztea. Baina, nire aldetik, atsedenaldi hori behar nuen, oso saturatuta nengoelako. Orion oso ondo hartu ninduten iaz, eta ez nuen inolako presiorik sentitu nire baitan, helburua taldea berreraikitzea zelako. Baina Nadethek [Agirrek] utzi eta gero, Orioko patroitza hartzea ardura bat zen, ardura handia. Gauzak lasai hartu nituen, eta nik uste horri esker taldeak aurten niganako konfiantza handiagoa duela, bai neskek eta baita entrenatzaileek ere. Ezin dut konparaketa bat egin taldea nola zebilen Nadethekin eta nola dabilen nirekin, baina iaztik hona taldea sendoago bai ikusten dudala. Euskadiko txapelketako sailkapen estropadan kanpoan geratzea kolpe latza izan zen guretzat. Hondoratu ordez, are gehiago elkartu eta sendotu ginen, eta hori taldeak hoberantz egiteko inflexio puntua izan dela esango nuke», laburbildu du Etxanizek oriotarren denboraldia.

Nadeth Agirreren lekua bete du Maider Etxanizek azken bi urte hauetan. Aurten Oriok bi bandera irabaztea erdietsi du, horietako bat etxean. (Andoni Canellada | FOKU)

«Ez nuke esaten asmatuko nolako patroia naizen, baina bai nahiko burugogorra naizela. Egia esanda, hori da beti esaten diedana arraunlariei: etsi gabe lanean jarraitu behar dutela. Bost estropada segidan bigarren amaitu eta gero ere, bururik ez makurtzeko esaten nien, garaipena gertu zegoela. Eta uste dut horri esker irabazi genuela Orion. Jarraitu eta jarraitu, ekiten badiozu lanari, azkenean zure helburu horiek beteko direla uste dut benetan. Izan ere, bide horretatik jarraituta, oso argi neukan iritsiko zela garaipena guretzat ere. Oso sinetsita nengoen, eta hala behar du gainera. Nik sinisten ez badut arraunlariei esaten diedana, nork sinistu behar dit? Motibazio hori transmititu behar diet beti, bestela ontzia hondora doa. Patroiak liderra izan behar du eta aurpegia eman behar du bere taldearen alde, eta horretan ahalegintzen naiz behintzat», azaldu du.

LAPURDIKO HAZTEGIA

Patroi berriak, aurpegi berriak, izen berriak eta jaioterri berriak ere iritsi dira Euskotren Ligako traineruetara. Esan bezala, Joana Halsouet Urruñakoa da, eta Lapurdiko ontzian arraunlari eta patroi lanetan hazi zen Arraun Lagunak trainerura joan aurretik. Donostiatik atera gabe. Kaiarribako taldean ere hor ari da lanean Amaia Apezetxea Hendaian duela 21 urte sortutako patroia ere, Lapurdin, Hernanin eta Zarautzen aritu ostean.

Nicole Maroño patroi galiziarrak baino eskarmentu gutxiago izan arren, lapurtarrak aurten bere burua asko hobetu du, ez agian berak nahi eta bere buruari eskatzen dion beste, hori bai. «Batzuetan ni naiz nire etsairik handiena, egia da. Nire betebehar handiena lasaitasuna transmititzea da. Nicole Maroño berez da lasaia eta ni, berriz, nahiko urduria; orduan saiatzen naiz ahal dudan beste taldeari lasaitasuna eta kofiantza ematen, entrenatu dugun horretan joan dadila estropada egunean ere. Alde horretatik, nik badut lana, baina taldeak ere eskatzen diodana erantzuten jakin behar du. Lasaitasuna bien aldetik izan behar da, gauzak ondo joango badira», dio Apezetxeak.

«Berez aurten ez nuen arraunean segitu behar, ikasketak amaitu nahi nituen lehenbizi, baina aukera honi ezin nion ezetzik esan. Horrek guztiak nire burua presionatzera eraman nau neurri batean, baina Nicole Maroño titularrarekin asko ikasten ari naiz eta emandako mailarekin gustura geratu naiz orain arte», azaldu du Hendaiako patroi gazteak «Patroi nabilenetik, aurten eman dut jauzirik handiena», gaineratu du.

Amaia Apezetxea hendaiarrak hauxe du bere aurreneko urtea Donostiarrako patroi lanetan. Joana Halsouet eta beste batzuekin batera, Lapurdin etorkizunera begira harrobi bat badela erakusten dute denek. (Jon Urbe | FOKU)

Esan bezala, Lapurdiko taldean aritutakoak dira nola Apezetxea hala Halsouet, eta oraindik Lapurdiko ontzi bat Kontxako Bandera jokatzen urrun samar ikusten den arren, egia da haztegi bat sortzen ari dela pixkanaka. «Banku finkoko arrauna bultzatzeko modu bat izan liteke Euskotren Ligan eta Kontxako Banderan Lapurdiko bi patroi daudela ikusteak. Baina ez Joana [Halsouet] eta biok hor gaudelako bakarrik, baizik eta beste arraunlari batzuk ere badaudelako Orion, Zarautzen edo Arraun Lagunaken bertan. Nire ilusiorik handiena Lapurdiko talde bat Kontxako banderaren borrokan ikustea izango litzateke, baina horretarako gaztetxoekin lan handia egin beharra dago, indarra hartzen joan dadin. Egoten da lana bateletan, eta mutilen entrenatzaileek badute lanerako ohitura hori, banku finkoaren inguruan arraunlari gaztetxoei gogo hori sartu dakien. Transmisio lan horren bitartez ikasten dute denek, bai arraunlariek zein entrenatzaileek ere. Ni neu saiatzen naiz atseden egunetan Ur Jokora joan eta bateletan edo trainerilletan gazteekin ateratzen. Gogo hori eman behar zaie gazteei, haztegi hori lantzeko. Guk ez badugu egiten, galdu egin liteke», ohartarazi du Amaia Apezetxeak.

Joana Hansoueten aburuz, berriz, Lapurdiko haztegi hau garatzen ikustea «garaipen oso handia» da. «Maider -Bereau, Baionakoa- taldekidea dut, lapurtarra; Orion Ainhoa -Etxenike- hor dago, senperetarra; ETE Ligan Zarautzen ere bada beste lapurtar bat -Lutxi Pascassio-. Hori niretzat garaipen handia da. Bide batez, Lapurdiko Arraun Elkartean eta Ur Joko taldean lanean ari den Bixente Etxegaraik eta itzalean berarekin batera lanean ari diren guztiek egiten dihardutena eskertu nahi nuke. Haiei esker gaude hor, haiei esker arrauna bizirik baitago Lapurdin. Nolanahi dela, Lapurdiko taldeak ere ikusgarritasuna lortu du orain. Guk ere lapurtar bezala maila honetan aritzeak ikusgarritasuna ematen du, baina egia da ere une oso gogor eta zailak bizi izan direla, Lapurdin arrauna ez baitzen batere kirol garatua, asko ahaztu edo baztertua izan den kirola izan baita, eta oraingo ikusgarritasun honen atzean lan handia dago. Ondorioz, bai, satisfazio handia da niretzat pertsonalki hemen egotea, baina baita ere ikustea atzetik badatozela eta maila altu horretan hainbat arraunlari lapurtar badaudela», nabarmendu du Urruñako patroiak.

Erronka pertsonal bat ere bada Kontxan aritzea bi patroi hauentzat. «Egunero Kontxako badian entrenatzen dugu, eta halakoetan beti pentsatzen jartzen zara Banderaren jokoan aritu zaitezkeela. Badakit estropada egunak eta praktikak -entrenamenduak- ez direla gauza bera, baina nire kasuan estropada jokatu aurretik jarri ohi naiz bueltaka nola izan daitekeen, eta urduritasun hori kudeatzen ikasi behar dut», esan du Amaia Apezetxeak.

Antzera, «urteko egunik luzeenak» espero ditu Joana Halsouetek, Kontxako Banderaren lehian orain arte ezin izan baitu aritu, sailkapen estropadan ez bada. «Arraun Lagunakekin ergometroan egotea egokitu zait, baina aurtengoa ezberdina izango da. Hor, izaera urduria daukadanez, ahal bezain lasaien mantentzen eta behar baino gehiago ez pentsatzen ahalegin du behar dut, eta nire teknikak bilatu», aitortu du.

«BATELERA» BAT TOLOSAN

Nerea Perezek, bestalde, eskarmentua sobera dauka Kontxako Banderan. Gaztetxo hasi eta 2013ra arte Tolosaldean izan ondoren, San Juango “Batelerak” ontzi mitiko hartako kide izan zen 2014tik 2018ra bitartean, harik eta barrutik lehertu zen arte. 2014an Inder Paredesen ordezkoa izan zen duela 28 urte Tolosan bertan jaiotako patroia, eta 2018an Izaro Lestayo getariarrarekin partekatu zuen patroitza. Aldiz, 2015, 2016 eta itsaso txarragatik gogoan geratuko den 2017ko Kontxako Bandera Nerea Perez bera patroi zutela eskuratu zuten “Batelerek”. Hondarribian eta Donostiarran aritu ondoren, “etxera” itzuli da Tolosaldeko patroia, bere eskarmentuaz goranzko bidea pixkanaka egiten ari den talde gazte bati patxada eta jakituria emateko.

Nolabait esatearren, kontrapuntua da Nerea Perez, hain zuzen Nagore Osororekin batera, eskarmentuz betetako patroi bikotea osatu baitu aurten Tolosaldeak. Eta ezin esan gauzak gaizki joan zaizkienik Euskotren Ligan, behetik gorako bidea eginez sailkapen nagusiko bigarren postua, eta horrekin batera bi garaipen, eskuratzeraino gorantz egin baitu, Arraun Lagunak eta Oriorekin batera 2025eko Kontxako Bandera astintzeko hautagai izateraino, eta ez soilik ohorezko txanda “girotu” beharko lukeen outsider hutsa.

«Ligako azken estropadetan salto txiki bat egin dugu gorantz, baina Kontxara begira argi izan behar da Arraun Lagunak oso indartsu dagoela eta irabazteko modu bakarra itsasoa egon dadila dela. Ez dakit zeini errezatu beharko diogun edo zer [irribarrez], itsaso pixka bat azkenean izan dezagun», dio Nerea Perezek, aurtengo Euskadiko Txapelketa irabazi ostean itxaropentsu, Kontxan ere antzekorik egiteko gai izango ote diren.

«Uste dut itsasoa mugituta dagoenean ondo moldatzen naizela. Gustatu egiten zait gainera, dauzkadan ‘markak’ -hankekoak- konfiantza handia ematen didate, eta, beraz, badakit edozein unetan laguntza beharko banu, eskatu gabe ere beraiek aurreratuko direla eta lagunduko didatela olatuak kontrolatzen. Baina, horrez gain, patroiaren lana batez ere itsaso txarrarekin igartzen dela. Esaterako, entrenatzen bi metroko olatuak daudela ikusten baduzu, beste gogo batekin joaten zara, ‘ea pixka bat surfeatzen dugun’ esanez», dio Nerea Perezek, itxaropen honen harira.

Hori horrela izanda, Kontxako badia aldeko du Perezek, erabateko baretasuna aurkitzea ez baita hain erraza. «Gure aurreneko bandera itsaso gehien egon zen egunean iritsi zen», zehaztu du Tolosako patroiak, bere taldearen bilakaerarekin oso pozik. «Ligan bigarren postura hurbiltzen gindoazela ikusita, geure buruari animoak eta itxaropena eman dizkiogu aurrera begira ere, horrela entrenatzen jarraituz gero, eta, nik zer dakit Ramonek -Erostarbe entrenatzaileak, alegia- traineruan zerbait mugituz gero, agian Kontxan aukerarik izan dezakegu. Egia esanda, Kontxa beti egoten da presente gure buruan, baina egin dugun gauzarik onena estropada bakoitzean zentratzea izan da, gorantz joan ahal izateko», adierazi du.

Eskarmentua eskarmentu, «Kontxa beti da ezberdina» argudio indartsua izaten amaitzen du azkenean. «Berdin dio zenbat denbora eta zenbat urte daramatzazun hemen. Denboraldiak aurrera egiten duen ahala, ‘ea Kontxan nola’ pentsatzen jartzen zara, nahi ez eta ere. Ez da agian urduri jartzen zarela edo egonezinik, baina bai gogo horrek harrapatzen zaituela. Ez da alferrik urteko estropadarik nagusiena», esan du Nerea Perezek.

Nerea Perez eta Inge Ugarte, bakoitza bere erara, etxera itzuli dira biak, eta taldearen konfiantza irabazi dute aurreneko egunetik. (Jon Urbe – Andoni Canellada | FOKU)

Hala ere, bere eskarmentuak ezertarako balio behar badu, itsaso mugituetan erakutsi dezakeen trebetasunaz gain, arraunlariei lasaitasuna emateko garaian izan behar du. «Patroiak egin behar duen gauzarik garrantzitsuena lasaitasuna transmititzea da, nik uste. Taldea nahiko urduri egoten da bestela ere, patroia bera urduritasunak jota egoteko. Arraunlarien ispilua bihurtzen zara beraiek zu urduri edo asaldatuta ikusten bazaituzte; hori da transmititzen diezuna, eta ontziarentzat ez da ona. Nahiz eta norbera urduri egon, itxura lasaia mantentzea da garrantzitsuena, eta nik hori egiten badakit. Normalean lasai egon ohi naiz, baina tentsio momenturen bat iristen bada, lasai eusten dakit, arraunlariak beraiek ere ez gehiago urduritzeko. Izan liteke, adibidez, ziaboga emateko lekura iristean tentsio gehiago bizitzea, baina urte asko daramatzat, eta hor esperientziak asko laguntzen dit».

Era berean, transmisioarekin batera, komunikazioa ere ezinbestekoa da eskifaiarekin, Tolosaldeko patroiaren arabera. «Orain arte patroi egin dudan taldeetatik gehien hitz egiten duena hauxe da». Itxura batean, taldearen zorionerako, izan ere. «Arraunlariren batek zalantzarik baldin badauka, baten bat ez bada gustura aritu edo entrenatzen serieren bat amaitu eta sentipen horiek adierazteko ez dute inolako arazorik. Alde horretatik, gozamena da bakoitzaren iritzia jakitea. Eta, gainera, denboraldiak aurrera egin duen heinean, trainerua hobeto doala ere hor antzematen da. Arraunlariek entrenamenduaren ondotik aipatzen dituzten sentsazioak denboraldi hasieran baino askoz ere hobeak dira, eta hori pozgarria da. Entzutea ondokoa gustura doala eta zu ere horrela zoazela ikusteak, horrek taldean gehiago sinistera zaramatza», azaldu du Nerea Perezek.

IRABAZIKO EZ DUTENEN AMETSA

Inge Ugarte Hibaikako patroiak bi urte eman ditu arraunetik kanpo. Orioko Maider Etxanizen moduan, 24 urteko patroi gazte honek etena behar zuen. Triatloia eta beste zenbait kirol ere probatu ditu, baina bi urteren buruan berriz ere uretara itzuli da, eta berriro Hibaikara, bere ibilbide guztia bertan eman baitu. Euskotren Ligan seigarren amaitu du Hibaikak eta, iaz Kontxako Bandera jokatzeko lehian sartu bazen ere, zortzigarren postuan amaitu zuen. Ez da ezer gertatzen, Oreretako ontziak ez duela Kontxako Bandera astinduko esanez gero. Errealitateak besterik badio, gustura onartuko dugu gure akatsa.

Baina horrek ez dio ez Hibaikari ezta Inge Ugarteri berari ere Kontxan aritzeko ilusiorik inola ere murrizten. «Denboraldi hasieran jartzen den helburuetako bat da beti. Baina abuztuaren erdialdeaz geroztik, Euskotren Ligako azken estropadak falta direlarik bakarrik, burua Kontxaren inguruan bueltaka hasten da: sailkapenean, iraileko bi igandeetan», dio Ugartek.

«Egun bereziak dira. Arraunlariak ere Euskotren Ligako ohiko estropada batean baino askoz urduriago izaten dira, eta patroiak bestela kudeatu behar dituen beste kontuez gain, irteera, kaleak, ziaboga, ziabogetatik irteera... Urduritasun egoera hori ere kudeatzen jakin behar du. Horri lotuta, arraunlariak lasaitzea ere badagokio, baina aste osoko lanetik dator batik bat», adierazi du.

Lasaitasuna eta nortasuna uztartu behar ditu patroiak, Ugarteren iritziz. «Entrenatzaileak esaten dizuna eta uretan bizitzen duzuna kudeatu behar dituzu. Hargatik, patroiak karisma bat behar du, baina batez ere pertsona oso autonomoa izan behar du, une bakoitzean hartu behar diren erabaki horiek hartzeko», laburbildu du.

«Kontxa, azken batean, pausoz pauso hartu beharreko estropada bat da, eta prest egon behar da hori kudeatzeko: lehenengo sailkapen estropada dator, eta gero igandeko bi saioak. Horiek nola eraman jakin behar duzu, eta, patroiaren kasuan, ahotsaren bidez ziurtasuna erakutsi behar zaie norbere arraunlariei. Ni asko harritu nau nire taldeak, itzuli naizenetik hona nigan jarri duen konfiantza. Kanpoan izan naizen bi urte hauetan kanpo begirada bat landu dut traineruak ikusteko, eta horrek helduago egin nau. Baina, gainera, lasaitasun handia ere eman dit, aurreneko egunetik hasita, taldea nire eskuetan nola jarri duten, bi urte kanpoan izanda ere», esan du Inge Ugartek, pozarren.