Baserria: egurra, harria, mitoa, orain
Baserria, Euskal Herriko eraikin historikoenetako bat da artikulu honen ardatza, bai eta udan Arkitekturako Euskal Institutuan, Donostian, ikusgai izan den eta gaur amaituko den erakusketaren muina ere. Ibon Telleria Julian eta Jon Arcaraz Puntonet izan dira erakusketaren komisarioak.

Eraikin hauen materialtasuna eta helburua historikoki ez dira inguruko lurraldeetakoekin alderatuta oso ezberdinak, baina garaian garaiko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen joan izanak Euskal Herriko landa-paisaia bihurtzera eraman ditu. Zein izan da beren ibilbidea?
Ibon Telleria Julian arkitekto eta ikertzaileak luzaroan aztertu ditu eraikin hauek, euskal baserriaren tipologiaren bilaketan ekarpen berritzaileak eginez. Ikerketa honen emaitzak gizarteari gerturatzeko, Euskal Arkitektura Institutuan erakusketa interesgarri bat izan dugu uda honetan bisitagarri, esanahiez eta misterioz beteriko lau hitzen azpian antolatuta, kontakizunaz batera hausnarketa anitz plazaratuz.

EGURRA
Gipuzkoako dolare-baserriak produkzioari lotutako eraikin erraldoiak ziren, janaria eta abereak gordetzeko, sagardoa produzitzeko eta, noski, bizitzeko erabiliak. Baserri hauetan, “dolarea” eraikinaren egitura bera da, bi edo hiru solairuko prentsa erraldoi bat, eraikinaren pisuaz jokatzen duena produktua zanpatzeko. Mugimenduak jasateko, egitura egurrezko pieza osoekin egina egoten zen, loturak mihiztaduraz eginak, eta guztiak proportzio konkretu batzuk jarraitzen zituen.
Material hau lehengai ugaria eta lantzeko erraza zen, baina organikoa izanik, piezak denborarekin hondatu egiten ziren, eta ordezkatu egin behar izaten ziren; hala, pixkanaka eraikuntza hauen “jatorrizko” ereduak galtzen ziren.
Egurrezko elementuak datatzeko dendrokronologia (Arkeolan fundazioa) erabiltzen da. Izan ere, zuhaitzek hazten diren tokiko meteorologiaren erregistro historikoa dute eta, baso bateko zuhaitzen eraztunak aztertuta, denbora-mapa bat sortu daiteke. Baserrian ibilitako egurra aztertuta, piezak denbora-mapetan kokatu daitezke. Gaurko egunez, pieza zaharrenak Bengoetxe-txiki baserrian aurkitu dira, 1401ean moztuak.
Dena den, egur-lanketaren maisutasunak eta tipologia horren markatuak baserri hauek urte askotako esperientzia eta jakintzaren emaitza direla iragartzen digute. Tamalez, aurreko zimenduen gainean eraikitzeko tradizioak ezabatu egin ditu lehengo eraikin horien aztarna fisikoak, ikerketa arkeologiko sakonagoen beharra ekarriz iraganean gehiago murgiltzeko.

HARRIA
XVI. mendeko krisiak inflexio puntu bat markatu zuen arkitektura honentzat. Dolare-baserriak lurralde mailako hornikuntza funtzioa galtzen hasi ziren eta autokontsumo soila izatera pasatu ziren. Aldi berean, etxebizitza erabilera eraikinean zabaltzen hasi zen. Eraikin batzuk zatikatu ere egin ziren, familia anitz bertan bildu eta bizitegia nahiz lurralde esplotazioa banatzeko.
Mantentze lanak aurrezte aldera, harriaren erabilera sartu zer eraikuntzan. Material sinple hau gordinki kokatzen zen zur oso landuaren alboan; emaitza moduan, patchwork eraikin bat ematen zuen. Harriak, sinplea baina iraunkorra, baserriaren kontzepzio berri bat ekarri zuen, jabetza lur horretan finkatzearena, eta hemen, leinuaren ikurra harrian zizelkatzeko tradizioa hasi zen.
MITOA
XIX. mendean, modernitatearekin, ekonomia iturri berriak ireki ziren herrietan, eta biztanleriaren mobilizazioa ekarri zuen horrek. Aldi berean, hutsik gelditutako eraikin hori mitifikatu egin zen, moduren batean gure gizarte-oroimenean gordez. Honen harira, eraikinetan erreformak edo eraispenak egin aurretik, hauen koadroak pintatzeko ohitura zabaldu zen, itxura edo jakintza hori desagertu aurretik erregistratua uzteko. Irudi folkloriko honen erromantizazioak neovasco estiloaren sorrera ekarri zuen, ondoren etxe eta jauregi berri askotan errepikatu zena. Batzuetan hirigintza-araudiak berak inposatzen zuen estilo hau; Donostiako Ondarreta inguruan, esaterako.

ORAIN
Gaur egun baserri oso gutxik eusten diote ekoizpen eta etxebizitza eredu tradizionalari, nekazaritza-ekoizpen garaikideek jarduerak banatu eta arkitektura-multzo berriak sortu baitituzte. Eta horrek “baserri” kontzeptuaren gaineko iritzi bereizketa ekarri du: alde batetik, etengabe berrinterpretatutako eta testuinguru posible guztietara egokitutako eraikinarena; eta, bestetik, ondare balio handia duelako eta mantentzeko erronkari aurre egin ezin izan diolako, izoztu eta bertan behera gelditutakoarena.

Por una actitud más saludable en Navidad
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin
