Aitor Maiza Apezetxea / Salto Training
KIROLA

Elurretako kiroletarako prestakuntza fisikoa

(Getty Images)

Neguaren iritsierarekin batera, urtero, milaka pertsona abiatzen dira eski eta snowboard pistetara gogo biziz. Hamar bat hilabetez gordeta egon diren eskiak jarri eta asteburuan bi egun zoragarri igarotzea izaten da helburua gehienetan. Hori bai, neguko kirol hauek zirraragarriak badira ere, indar, erresistentzia, koordinazio eta oreka maila handia eskatzen dute. Aldiz, elurzale gehienek gutxietsi egiten dute kirol hauen exijentzia, eta horrek lesio indize handia eragiten du, bereziki belaunetan, eskumuturretan eta bizkarrean.

Eskiak eta snowboardak mugimendu errepikakorrak, norabide aldaketak, jauziak eta inpaktuak jasateko gai izatea eskatzen dute. Hankek jasan behar duten karga eszentrikoa oso handia da une oro, aldapak gure gorputzari eragiten dion beheranzko indarra gelditzeko betebeharra baitute. Ondorioz, beharrezkoa da gorputza eskakizun fisiko horietarako prestatuta izatea. Aldez aurreko prestakuntza fisiko on batek elurretako aste ahaztezin baten edo lesio baten arteko aldea marka dezake.

Izatez, prestakuntza fisikoa urte osoan zehar egitea izango litzateke egokiena, elur-denboraldia hasi baino hilabete lehen soilik egin beharrean. Funtsezkoak dira beheko gorputz adarren eta core-aren lanketa espezifikoa, aurrez aipatutako lan-karga guztia jasateko gai izan daitezen. Gainera, oreka eta propiozepzio ariketak ere funtsezkoak dira egonkortasuna hobetzeko eta bihurdurak edo erorketak ekiditeko.

Indarraren lanketaz gain, txirrindularitza, mendi irteerak, trail running-a edo entrenamendu funtzionala bezalako jarduerak ere oso lagungarriak dira erresistentzia kardiobaskularra garatzeko. Azken finean, nekearekiko erresistentzia garatzea ere ezinbestekoa baita kasu honetan, horren ohikoak diren azken orduko lesioak ekiditeko.

Beraz, fisikoki behar bezala prestatzeak, lesio arriskua gutxitzeaz gain, kirolaz gehiago gozatzeko, jardueren denbora luzatzeko eta hurrengo egunean hobeto errekuperatzeko aukera ematen digu. Elurrak ez du inprobisaziorik barkatzen eta prestakuntza fisikoan denbora inbertitzea, segurtasunean, gozamenean eta ongizatean inbertitzea da.