«0 urtetik 99 urtera bitarteko literatura batean sinesten dut»
Aldika bizi gara, sasoika. Sagardotegien eta txakolinaren aldia inauguratu berri dugu. Zein da, ordea, literaturaren garaia? Nolakoak ginateke, liburuekin topa egingo bagenu? Pentsatzen eta esaten diren kontuak dira, akaso. Edo esan baina pentsatzen ez direnak, beharbada. Bitartean, bere sasoiari erantzuteko senez eta bere aroari bizi irauteko anbizioz izkiriatzen du idazleak.

Durangoko Azoka zabaldu baino ordu erdi lehenago egin dugu Leire Bilbaorekin (Ondarroa, 1978) hitzordua, Landako guneko sarrera nagusian. Denbora behar izaten dute hitzek grabagailutik paperera eta paperetik argira pasatzeko. Denbora behar izaten dute hitzek, benetakoak direla sentitu eta irauteko asmoz hegaldatzeko. Denbora, ordea, ez da sekula asko edo gutxi, galdera ikurrez jantzita datorrenean. Zenbat liburu erosi dituzu Durangoko Azokatik hona? Zenbat liburu irakurri dituzu Durangoko Azokatik gaur arte? Zeren arabera hautatzen dituzu leitzen dituzun obrak? Gaiaren muntak ala idazlearen ospeak erakartzen zaitu gehiago? Norekin konpartitzen dituzu zure irakurketa, inpresio eta gustuak? Idazleei egindako elkarrizketek liburua irakurtzeko grina pizten dizute ala liburua irakurritzat emateko baliatzen dituzu?
Galdera horiek eta gehiago pausa geniezazkiokeen Leire Bilbaori. Ez da alferrik arnasa luzeko ibilbidea duen idazle oparoa. Ondo betea da 2006tik gaur arte haur eta gazte literaturan idatzi eta argitaratu dituen lanen zerrenda. Esaterako, 2017ko eta 2022ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi sariak irabazi zituen “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” (Pamiela) eta “Barruko hotsak eta beste soinu batzuk” (Pamiela) lanekin. Helduentzako hiru poema liburu argitaratu ditu, halaber: “Ezkatak” (Susa), “Scanner” (Susa) eta “Etxeko urak” (Susa). Hori gutxi ez eta bere poemak kantu bihurtu izan dituzte Jabier Muguruza nahiz Maddi Oihenartek eta “Musua” (Katxiporreta) eta “Bizi-dantza” (Katxiporreta) disko-liburuen egile nagusietako bat da. Orain ere ez zaio kanturako aitzakiarik faltako, 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainola jaso berri baitu “Klera” (Elkar) lanagatik.
Ze ondoren utzi dizu Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainolak? Aukerak zabaltzen dituela iruditzen zait. Bizitzan, urteekin, badirudi ateak eta leihoak bakantzen doazela, ixten joaten direla, bide bat hartzeak bestea uztea dakarrela, dena dela aukera-kostu bat. Orain ate edo leiho bat nik irekitzeko aukera izan dezakedala pentsatu nahi dut: denbora hartzeko, gehiago pentsatzeko, idazteko, irakurtzeko... Aukera hori eman nahi nioke nire buruari.
«Klera» izeneko liburuagatik eman dizute saria. Lan kolektiboa da. Haur eta gazte literaturako liburuek, normalean, idazlearen eta ilustratzailearen arteko lana eskatzen dute. Hala, karaktere gutxirekin asko kontatu edo eraikitzean datza jolasa. Alde horretatik, lan ezberdina da “Klera”, ohiko liburuak baino koralagoa. June San Sebastianen ilustrazioez gain, QR kode batzuei esker, Maite Larbururen musika entzun daiteke, David Bernuesen irudiak eta Kukai konpainiako dantzarien eszenak bizi. Istorio bat sortzen duzunean, lehenengo hazia edo letra idazleak ematen du, mundu bat osatzen du bere buruan, baina bestelako baliabide eta lengoaia artistikoak behar ditu horri forma eman ahal izateko. Horregatik, saria niri eman didaten arren, poz kolektibo bat sentitzen dut. Oso sentipen ederra da. Are ederragoa, hasiera-hasieratik liburu kolektiboa izan dela aintzat hartuta.
Liburu kolektiboa da. Eta euskaraz sortua. Bai, eta sariari esker bigarren bizitza bat izango duena. “Tiza” izenburupean argitaratuko dugu gazteleraz eta, ondorioz, hizkuntza gutxituetan ere, gaiak mugarik eta taburik gabe jorratuz, literatura egiten dugula aldarrikatu ahal izango dugu. Gerretan umeak erailtzen dituztela salatzera ausartu ginela azpimarratu zuen Espainiako Sari Nazionaleko epaimahaiak. Libre izan gaitezkeen territorio bakarra literatura dela sentitzen dut nik. Horrela bizi ditut sorkuntza literarioa zein hitzaren eremua. Liburu honen ernamuinean, oso galdera zehatza egin nion beste partaide bati: ausartuko gara gerretan haurrak erailtzen dituztela kontatzera? Zenbait argitaletxe berehala hasiko ziren oztopoak jarri eta ez zela oso gai komertziala ikusarazten. Hemen, ordea, lan kolektiboa izaki, bagenekien handik edo hemendik argitaratuko genuela. Askatasun handia eman digu horrek. Sorkuntza aske izan zaitezkeen leku bat sentitzen duzunean, nahi duzun hori ahal bezain hizkuntza propioarekin egitera zoazela jabetzen zarenean, beste dimentsio bat hartzen du guztiak eta, zentzu horretan, edozein hizkuntza da unibertsala.

Haurrekin ez al da paradoxa bat gertatzen? Badirudi haur eta gazte literaturako liburuetan ezin dela gerrarik kontatu, baina telebistan gerra dago, bideojokoetan gerra dago… Komunikabideetan biolentzia dago, eskolako patioan biolentzia dago, hitzetan biolentzia dago... Liburuak ondo pasatzeko dira, hitzarekin jolasteko, baina baita gogoeta eragiteko ere, ezta? Zertarako balio du edozein sorkuntzak, eta kasu honetan, literaturak, zer pentsatua ernatzeko ez bada? Nigan zerbait pizten duten liburuak gustatzen zaizkit. Izan daiteke gogoeta bat, emozio bat, oroitzapen bat, amets bat... Zerbait. Umeak oso argiak dira, berehala harrapatzen dute zer kontatzen eta zer ezkutatzen diezun. Badakite umeak erailtzen dituztela gerran eta, hizpidea zabaltzen badiezu, naturalki plazaratzen dute gaia. Badakit eskola batzuetan landu dutela liburua, noiz eta nonahiko orotariko gerrak pil-pilean eta luzeegi doazen garaiotan. Haurrak ez daude albistegietako irudietatik salbu. Horregatik eman behar zaie hitza. Ikusten dituzte, eraikinak suntsitu ostean, nola geratzen diren euren adineko neska-mutikoak hauts zuriz estalita, kolorerik gabe, hautsita. Ikusten dute samina, ikusten dituzte gurasorik zein familiarik gabe gelditu diren umeak. Enpatizatu egiten dute. Edo ez. Baina galdetu egin behar zaie zer sentitzen duten, nola ikusten duten mundua.
Zure konstante bat da hizpidea zabaltzea, galderak pausatzea? Oso irakurzalea naiz eta, irakurtzen dudanean, bereziki estimatzen ditut galderak egiten dizkidaten liburuak. Irakurri zein idazterakoan, galdetzeko bidetzat ulertzen dut literatura. Errespetu kontua ere bada, bakoitzak gure erantzunak izan ditzakegula onartzea.
Ez al da hori haurrekin dugun gurasokeriaren beste adibide bat? Euren burbuilatik ateratzeko gonbidapenak dira galderak; bertan-goxo jarraitzeko sententziak, aldiz, erantzun prefabrikatu zein ikasbide maiztuak. Haurrak garapen eta eraikuntza prozesuan daudela onartzea euren bidea eurek topatu behar dutela asumitzea da. Erantzunen beldur garelako ukatzen dizkiegu galderak? Erantzunik ez daukagulako babesten gara betiko esaldi maiztuetan? Haurraren garapen propioari bide eman ezean, askoz gehiago kostatuko zaio etxetik dakarrenetik askatu eta izan nahi duena izatea.
Jendartean zein literaturan, genero gutxietsia da haur eta gazte literatura? Erabat. Ez dauka hainbesteko espaziorik komunikabideetan, literatur kritika gutxiago egiten zaizkio, gehien argitaratzen duena izan arren... Ez dakit zergatik den. Nik, hala ere, 0 urtetik 99 urtera bitarteko literatura batean sinesten dut. Nik jarraitzen eta estimatzen ditudan zenbait autorek badakite adinik gabeko liburuak egiten. Gustatzen zait haur eta gazte literatura haur eta gazteei ere gustatzen zaien hori dela esatea. Hau da, Michael Enderen “Momo”, gaur egun, 40 urterekin, irakur dezakezu eta berdin-berdin emozionatu zaitezke. Gauza bera Maria Jose Ferradaren “Kramp” leituta. Zer esan, klasikoei buruz? “Printze txikia” bezalako klasikoak adin-akotaziorik gabe sortuak dira. Liburuei adin tarte bat esleitzea azken urteotako joera da, argitaletxeen interesetatik sortua. Gaztetxoak ginenean, adinik zehaztu gabeko liburuak irakurtzen genituela oroitzen dut. Esaterako, 13 urterekin irakurri nuen John Kennedy Toolen “La Conjura de los necios”. Gauza asko ez nituen ulertzen, baina ondo pasatzen nuen. Ez bizitzan ez literaturan, ez zaizkit etiketak gustatzen.
Ez al daude gero eta gehiago? Toki guztietan. Niretzat harridurak dakar pasioa, jakin-mina edo aurrera jotzeko bulkada. Dena etiketatuta badago, oso zaila da harrituko zaituen ezer topatzea, begirada irauliko dizun ezer aurkitzea. Autore bat deskubritzen duzunean, ordea, bere ahotsa deskubritzen duzu, bere begirada, bere munduan egoteko lekua. Begirada propioak deskubritzeak dakar plazera, ez dena etiketetan ardazteak. Errazkeria da etiketena. Izan ere, irauten duenak ez du irauten klasikoa delako, bere garaian begirada propio batekin agertu zelako baizik. Horrek astintzen gaitu emozionalki, ez etiketek.

Nola sortu irauteko anbizioz, ia ezerk irauten ez duen sasoian? Ez du ia ezerk irauten. Hori horrela da. Galderak eginez sortzen dugula uste dut, bilaketa prozesu batean murgilduz, ez emaitzaren bila zuzenean joz. Sortze prozesuaren alde egitea bideari lehentasuna ematea da, bertan topatzen duzunari lekua egin eta gozatzea da. Norbere burua harritzeko dago bide hori, norberarekiko ahal bezain zintzoa izan eta ahalik eta autozentsura gutxien praktikatzeko. Horregatik eskatzen du denbora bideak. Denbora irakurtzeko, hausnartzeko eta begiak zabal-zabalik begiratzeko. Baina ez da erraza, miopia handiarekin bizi gara.
Zer da zailena haur eta gazte literatura idazterakoan? Ondo pasatzen dut haur literatura idazten, ez dut hainbeste sufritzen. Barruan dudan haurrarekin konektatzen saiatzen naiz. Umeagoa izatea onartzen diot nire buruari, askeagoa, pailazoagoa, melosoagoa, maitekorragoa... Agian, egunerokoan ezkutatzen ditudan jarrera batzuk azaleratzen ditut haur literaturan. Gutxiago zentsuratzen naiz, jolasten uzten diot nire baitako umeari. Nik ondo pasaz gero, besteak ere dibertitu daitezkeela sinesten dut. Hori hala, euskaraz eta euskaratik sortzea da nire premisa bakarra.
Bakoitza bere garaiko haurra izan arren, azken urteotan zer aldatu da gehiago, gizartea ala umearen esentzia? Leku batzuetan umeak azkarregi haztera derrigortzen ari gara. Haurrak gero eta arinago nahi ditugu autonomo, gero eta goizago ematen dizkiegu etxeko giltzak, tableta, sakelako telefonoa... Ez dakit ez ote gabiltzan haurren autonomia aurreratuz gurasoon denbora falta estali nahian. Umeek ume izaten jarraitzen dute, ordea. Desinkronizazio bat gertatzen ari da. Umeari ume izateko denbora utzi behar zaiola uste dut. Baina tira, Arantxa Urretabizkaiak dioen bezala, ni txoria naiz, ez ornitologoa. Ez daukat teoriarik, sentsazioak baino ez.
Zure lanetan jolasa oso presente dagoen sentsazioa daukat nik. Bertsolaritzari esker da hori. Oso eskertuta nago Jon Lopategi zenarekin. 12-13 urterekin ikastolara etorri eta zaletasuna genuenok hitza entrenatzera eramaten gintuen. Hari zor diot hitzekin jolastearen plazera. Ezin dugu ahaztu, gure adina edozein izanik ere, denok dugula jolas egiteko premia. Ilustratzaileek askotan azpimarratzen dute haurrei goizegi zikiratzen diegula marrazteko sena eta, ondorioz, tresnarik gabe uzten ditugula euren gogoeta zein sentimenduak adierazteko. Susmoa dut antzeko zerbait gertatzen dela hitzarekin.
Hitzekin jolasean poesia ere idazten duzu. Beste genero minoritario bat. Nire jarduna minoriatik minoriarakoa da: poesia, haur eta gazte literatura eta, gainera, euskaraz! Hala ere, sinetsita nago hori dela nire lekua. Are gehiago, batzuetan haur eta gazteentzako poesia ere egiten dut. Benetan uste dut hortik ere jo daitekeela unibertsaltasunera, begirada ireki bat edukitzera. “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” zein “Piztipoemak eta beste xomorro batzuk” liburuek oso ondo funtzionatu dute beste hizkuntza batzuetan ere. Nik txikian pentsatzen dut eta, ondoen horrela ikus dezakedalakoan, txikitik begiratzen diot munduari. Konbentzituta nago hizkuntza txikiek mundua handiagoa egiten dutela. Hori da nire begirada.

Irudikatzen zaitut erauzten, ahalik eta gutxienarekin ahal bezainbat esateko borrokan... Zer esan nahi du horrek? Beste aldean dagoen irakurleak bere irakurketa egingo duela sinesten dudala, irakurlea inteligentetzat edo buruaskitzat daukadala eta bere bidea urratzeko aukera zein konfiantza eskaintzen dizkiodala. Irakurleak gu baino argiagoak direla pentsatzen duten horietakoa naiz, galbahea pasa eta erabakitzeko gaitasuna aitortzen diet. Gutxirekin asko esaten saiatzea irakurleari leiho bat zabalik lagatzea da, berak bere esperientziarekin, bizipenekin eta senarekin bere bidea topa dezan. Indian, Erresuma Batuan zein Polonian bizi, sentimendu batzuk unibertsalak dira eta poesiak ere badu hizkuntza unibertsal bat ulermenaz harago doana.
Biziaro konkretu bati erantzuten dio helduentzako zure poema liburu bakoitzak. Oraindik hazten, eraikitzen, odoletan zegoen neska-emakume baten mundua zekarren “Ezkatak”-ek, familiari begira dago “Scanner” eta amatasunak zeharkatzen du “Etxeko urak”. Askotan, poesia ni-tik idatzita dagoenez, idazlearen bizitza identifikatzen dugu bertan, baina poesiak asko du autofikziotik. Hau da, egia da norbere bizi esperientziek pisua hartzen dutela poemetan, baina horrek ez du esan nahi pertsonaia baten eraikuntzarik edo fikziozko haririk ez dagoenik. Ni oso kontziente naiz, libururik liburu, nahi gabe edo intuitiboki bada ere, ahots bat eraikitzen eta garatzen joan naizela.
Ahotsa topatzeak idazketa errazten du? Poesia idaztea ez zait batere erraza egiten. Sufritzen dut. Haur eta gazte literaturan ez bezala, oso zaila egiten zait hondeamakinaz egin beharreko barne-arkeologia lana. Fikzioz apaindu arren, ahots horrek egiazkoa izan behar du, bat etorri behar du zarenarekin. Tranpak tranpa, egiantzekotasun bat proposatu behar diozu irakurleari, egiantzekotasuna eta taupada; sinets dezala kontatzen ari zarena, murgildu dadila bertan, irakurtzen duenak eragin diezaiola zerbait. Lan izugarria eskatzen dit horrek. Haur eta gazte literaturako obrak urtero publikatzen ditut, baina poesia ezingo nuke urtero argitaratu.
Poesia edo haur literatura idazteko hautuak badu zerikusirik zure bizimoduarekin? Jardunaldi osoko lan bat daukazu, familia... Itu-ituan jo duzu. Denborak uzten diguna egiten dugu. Neurri batean, denborarik zein gehiagorako espaziorik ez dudalako jotzen dut txikira. Oso bizitza arrunta daukat. Zazpiak laurden gutxitan jaikitzen naiz, 8.00etan bulegora sartzen naiz lanera, irteeran bezperan prestatutako bazkaria berotzen dut, erosketak egin edo garbigailuak jartzen ditut, umeak jaso, eskolaz kanpokoetara lagundu, afaria egin... Eta eguna joan da. Horregatik sortzen dut txikian, beste aukerarik ez dudalako.
Ez dirudi sortzera esertzeko tarte handirik duzunik. Zorionez, buruan sortzen erakutsi zidan bertsolaritzak. Bi errepide dauzkat buruan. Autobide bat, eguneroko errutinako lanak abiadura automatizatuan egitea ahalbidetzen didana, eta astobide bat, geldoago sormenaren zidorretatik naramana. Zer egin nahi dut astobide horretan? Zer egin dezaket? Ideiak sortzen eta apuntatzen joan arren, buruan idazten dut. Ordenagailu aurrean esertzen naizenerako, oso mamituta izan ohi dut dena.
Abestietako letrak ere buruan sortzen dituzu? Hara, zure beste lan esparru minoritario bat. Baina zeinen ondo pasatzen dudan abestietarako hitzak sortzen! Eskerrak umetan irakatsi zizkiguten kopla zaharrei. Eskerrak Xabier Lete, Mikel Laboa, Imanol Larzabal edo Ruper entzunarazi zizkigutenei. Eskerrak aditu eta euren hitzak buruz ikasten ditugun hainbeste euskal kantautore zein bertsolariri. Horri esker ibai garden bat dago gure baitan. Ur horiek blaitzen gaituzte barrutik. Niretzat opari bat izan da abestietarako letrak idatzi ahal izatea, nire poemak kantu bihurtu dituztenekiko oso esker oneko nagoen bezala. Abestietan, ez dut bereziki testu onik bilatzen, ez noa gauza zail edo konplikaturik sortzera. Aski dut printza xalo batekin, gogoan geratzen den esaldi iradokitzaile batekin, gutxien uste duzunean zure burua tarareatzen entzuten dituzun hitzekin...

Hitza eta doinuaren arteko oreka, hitza eta irudiaren artekoa... Ekilibrista lana da zurea? Sortzerakoan, nahi gabe, osotasunean ikusten dut sortzen ari naizena. Hori bai, nire begiekin. Askotan ez dakit nik ikusten dudana egingarria den edo buruan dudana are gehiago eraldatzeko modurik baden. Ilustratzaile zein musikari zoragarriak izan ditut ondoan. Asko ikasi dut beraiei esker. Horregatik asko gustatzen zait osotasuna bilatu eta egiten ez dakidana ere irudikatzea. Gero egikaritzen ez jakin arren, nire imajinazioak ahalbidetzen didan guztia eta gehiago ikusten saiatzen naiz. Batzuetan zorakeriak dira. Beste batzuetan, funtzionatzen dute. Ezjakintasuna ausarta dela egia bada, ez diot nik irudimenari mugarik jarriko. Amestea libre da.
Amestea libre da, bakarka zein lagunez ondo inguratuta. Oso pozik eta eskertuta nago jende zoragarriarekin lan egiteko aukera izan dudalako. Jaso ditudan enkarguak nahi gabe etorri dira; askotan ez dut jakin zergatik iritsi zaizkidan ere, baina asko ikasteko balio izan didate. Gogoratzen dut antzerkia idazteko proposatu zidatenean, “nik ez dakit antzerkiaz ezer baina ikasi egin nahi dut, nire burua probatu” erantzun niela. Uste dut bizi-jarrera bat dela hori, deskubritzearen jakin-min eta plazerari jarraitu nahia. Kale egingo duzu akaso, baina saiatuko zara eta ikasiko duzu. Euskadiko Orkestra Sinfonikotik kantata bat egiteko deitu zidatenean ere, argi esan nien ez nekiela kantata bat zer zen ere, baina prest nengoela bidean ikasteko. Horrek mugitzen nau ni, bidean ikasteak. Orain ere musikal bat eskatu didate Bilbotik eta zerbait aterako da.
Zu idazle bakartiaren figuratik atera zaren bezala. Idazleok denbora asko pasatzen dugu bakarrik geure buruarekin, geure baitako pertsonaiekin, mamuekin, pertsonaia mitologikoekin, gure barruko ni eta gu ezberdinekin... Baina besteekin lan egiten duzunean asko hobetzen da produktua. Talde-lanak beste bistaratze eta plazaratze bat ematen dizu. Zuk ere ikasi egiten duzu beste hizkuntza artistikoetatik eta, oharkabean, zurea aberasten joaten zara. Baliteke bakarrik nahi duzun lekura iristeko gai izatea, baina taldean beti helduko zara hobeto eta urrunago. Nik ondo pasatzen dut besteengandik ikasten. Ikasten segitzeko eta gauzak deskubritzeko gero eta gogo handiagoa eta beldur gutxiago daukat.






