Amaia Uribe
IRITZIA

Euskara gara

Berriro ere egin dugu. Atharratzetik Bilbora, herri bat korrika. Atharratzetik Bilbora, euskara baikara. Ederra da ikustea bi urterik behin sortzen den herri mugimendua. Euskararen inguruan batzen gara, banatzen gaituzten gauzak albo batera utzita. Batzuk korrika, beste batzuk arineketan, lasterka, antxintxika, arrapaladan. Denok, euskara ahoan eta konpromisoa oinetan. Foruko baserritarra, Iruñeko euskaldun berria, alabak D ereduan matrikulatu dituen errumaniarra eta AEK-ko irakaslea. Errealitate ezberdinei aurre eginez, euskararen etorkizuna bermatzen.

Inoizko edizio parte hartzaileena izan da honakoa. 2.175 kilometro, 3.436 errelebo eta zenbatu ezin den beste emozio. Maule, Donapaleu, Zangoza, Oion, Urnieta, Ziburu, Bermeo, Trebiñu. Gau eta egun, euri zein eguzki. Gure herrian, goizaldeko hiruretan egokitu zaigu aurten Korrika egitea, baina beste hainbat etapa jarraitu ditut mugikorretik, ordenagailutik zein telebistatik. Engantxatuta egon naiz korrika.eus webgunera eta EtbOn-eko kanalera. Goizean jaiki eta Korrika nondik doan ikusten. Goizaldean lorik egin ezin eta zenbat jende dagoen ikusten. Euria ikusi eta Korrikan parte hartzen ari direnei etxetik animatzen.

Nire New Yorkeko lagunei Korrika zer zen azaldu nienean, ez zuten sinisten. «Zoratuta zaudete!», «Gure herrialdean ezinezkoa litzateke hori!», «Goizaldean ere korrika?». Eta are gehiago harritu ziren, Central Parken ere Korrika egingo genuela esan nienean. Nire semeak izan zuen lekukoa eramateko ohorea eta betirako bihotzean gordeko dut edizio hori. Etxetik 5.700 kilometrora egon arren, euskararen aldeko oihua New Yorken barrena zabaldu genuen. Eta aurten ere, berdina egin dute 20 herrialdetan.

Euskara isilarazi dutenei ozen esan diegu euskarak etorkizuna daukala. Epai zentzugabeen bidez euskara gutxiesten dutenei erakutsi diegu euskara bakarra dela. Euskara hilda dagoela adierazten dutenei argi utzi diegu euskara bizi-bizi dagoela. Pena ematen dit, baina, euskararen aldeko adierazpen masibo hau bi urterik behin bakarrik egitea. Egunero borrokatu behar dugu euskararen alde. Egunero eraman behar dugu euskararen lekukoa. Egunero sentitu behar dugu Korrikan sentitzen duguna. Izan ere, ekimen hau gauzatzeko gai bagara edozer lortu dezakegu! Denok batera. Euskara gara.