Irudimenaren boterea bitxikerien kabinetean
Berrogeita hamar artista eta 464 atrezzo elementu. Detailerik txikiena ere kontuan hartuta prestatutako koreografia gauzatzen ari da asteotan Barakaldon Cirque du Soleil, «Kurios, bitxikerien kabinetea» ikuskizunarekin. Maiatzaren 24ra bitarte luzatuko da zuzeneko entretenimenduan munduko proiektu handienetakoa denaren egonaldia Bizkaiko hirian.



Iragan alternatibo baina ezagun batean, “Kurios, bitxikerien kabinetea” zientzialari baten laborategi mekanikoan murgiltzen da. Zientzialariak ziurtasun osoa du mundu ezkutu eta ikusezin bat existitzen dela, ideia basatienez eta amets handienez betea. Mundu miresgarri horretako atea irekitzea lortzen duenean, denbora gelditu egingo da. Bertan bizi diren hainbat pertsonaia bere bitxikerien kabinetera sartuko dira eta ordura arte egindako sorkuntzei bizi berri bat emango diete, banan-banan. Hartara, ikusgai dagoena ikusezin bihurtzen denean eta perspektibak eraldatzen direnean, ikuskizuna irudimenaren boterearen ospakizun aparteko bihurtzen da. Izan ere, zer gertatuko litzateke, gure irudimena piztuz eta gure pentsamendua zabalduz, mundu miragarri baterako atea ireki ahal izango bagenu?
Michael Laprise ikuskizunaren sortzaile eta zuzendariak halaxe dio: «Jendea karpa handitik edozer posible delako sentipenarekin irtetea nahi dugu».
50 artista eta 464 atrezzo elementu, detailerik txikiena ere kontuan hartuta prestatutako koreografiari jarraikiz, ari dira asteotan Barakaldon Cirque du Soleil “Kurios” ikuskizuna ematen.




Inoizko tresneria kopururik handiena darabilte emanaldiotan. Badira bizikletak, sirena isatsak, artista talde osoa kabitzeko moduko trena eta bi lagunen artean gidatu beharreko eskua, besteak beste. Hori guztia prest izateko, 31 herrialde desberdinetako 120 pertsona inguru ari dira lanean. Horrez gain, biran dauden artean tokian tokiko 150 langile ere kontratatzen dituzte. Tamaina horretako ikuskizuna martxan jartzeko, gutxiagorekin ez da aski; gainera, askok familiarekin bidaiatzen dute.
Atrezzoa bezain ikusgarriak dira jantziak eta, beste horrenbeste, artisten akrobaziak. Guztia dago milimetrikoki neurtua. Izan ere, estetikak berebiziko garrantzia du istorioa behar bezala transmititzeko. Michael G. Smith ikuskizunaren zuzendari artistikoaren arabera, ikusleek «bidaia emozional» bat biziko dute, oroitzapen bereziak sortuko dizkiena eta horretan ezinbesteko bidelagun izango da zuzeneko musika ere. Bikain koordinatutako amets sorta bizitzeko aukera dago mundu berri horretan; irudimenari askatasun apur bat eman besterik ez dio egin behar ikusleak, arrazoiaren atzean dagoena deskubritzeko.






