Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Txiklea

Imajinatu duela lau mendeko pentsalarien ideiak identifikatzen dituzula gaurko jendartearen zapatetan. Noizbait zapaldu zenuen txikle hori bezalakoa da. Garbitu arren, ez duzu lortuko erabat kentzea zapatilaren zolatik eta zure pausajea baldintzatuko du.

Sentsazio hori izan nuen Amaia Nausia Pimoulier historialariari aspaldi irakurri nion azalpen batekin. «Orain dela lau mende emakumearen gaineko ikuspuntua guztiz ezkorra zen. Gizarte patriarkal horretan emakumeak arriskutsuak ziren gizartearen ongizatearentzat. Azken finean, garaiko pentsalariek esaten zuten bezala, emakumeak intelektualki gizonak baino gutxiago ginen. Juan Luis Vives idazlearen arabera, arrazoia biologikoa zen; emakumeak gizonaren hazia jasotzean, bere sabelean bero nahiko zuenean, gizon bat sortzen zen. Berriz, sabela hotz bazegoen, emakume bat sortzen zen». Zehatz, honela jaso zuen Vivesek: «Por defecto de calor vivo la mujer es más imbécil por naturaleza, más miedosa y caduca, por lo que ha de ocuparse en el cuidado de pequeños negocios».

Nausia Pimoulierrek jarraitzen zuenez, «emakumeak arriskutsuak ziren euren pasioak kontrolatzeko tontoegiak zirelako. Hau da, Jaungoikoak gizonei pentsatzeko gaitasuna eman zien, eta horri esker euren pasioak kontrolatzeko gai ziren. Baina emakumeok, tontoagoak izanda, ezin genituen gure pasioak kontrolatu eta horregatik ezinbestekoa zen gizon baten mende egotea; hasiera batean aitaren mende, eta senarraren mende, ondoren».

Tatuatua geratu zitzaidan historialari nafarraren azalpena. Eta egunotan haragi bizitan sentitu dut tatuajea.

AEBn, ultraeskuindar katolikoen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari da emakumeen boto eskubidea zalantzan jartzeko aldarria. 1920an onartu zen Hemeretzigarren Zuzenketak herrialdeko emakumeen sufragioa onartu zuen. Baina gero eta ozenago entzuten ari dira Hemeretzigarren Zuzenketa indargabetu egin behar dela dioten ahotsak. «Etxe bat, boto bat. Nondik dator emakumeen ahotsa? Senarraren, aitaren, anaiaren, osabaren... ahotsa da. Maite duten gizonena da haien ahotsa. Gizonak gidatu behar du emakumea etxean, elizan eta bizitza publikoan». Horixe da defendatzen dutena: familia bakoitzak boto bat eman dezala eta etxeko gizonak erabaki dezala boto hori. AEBko Defentsa idazkariak, Peter Hegsethek, ideia hori partekatu du sareetan.

Hotzikara burutik oinetara eta amorrua oinetatik kopetara. Kalanbre amorragarria, nondik gatozen gordinegi sumatzearen mina. Txikleak zolan segitzen du.