Trump eta bisak
Futboleko Munduko Kopak mundua batu behar luke, baina kontrakoa ikusten ari gara. Txapelketa hasi aurreko egunetan harridura sortu zuen Omar Artan arbitro somaliarrari Estatu Batuetan sartzea debekatu izanak. Iaz Afrikako arbitro onena izendatu zutena, 11 orduz izan zuten atxikita Miamiko aireportuan. Galdeketa luze baten ostean, herrialdean sartzeko baimena ukatu eta deportatu egin zuten. Kasu hau, baina, ez da salbuespena. Estatu Batuetako aireportuetan egunero ikusten dira halakoak.
Trumpen bigarren agintaldian, bere Gobernuak 100.000 bisa baino gehiago ukatu ditu. Tartean, nazioarteko 8.000 ikasleren baimenak. Hemeretzi herrialdetako herritarrei debekatu egin die Trumpek Estatu Batuetan sartzea. Eta datu deigarri bat: hemeretzi herrialde horietako hamahiru Afrikan eta Ekialde Hurbilean daude. Kasualitatea? Ez dut uste. Beste behin ere, aukeraketaren politikari heldu dio Trumpek. «Zuria bazara, ongietorria zara». «Zure herrialdeko presidentea gustuko ez badut, ateak itxiko dizkizut». Segurtasuna jartzen du aitzakia modura, baina herrialde horiei ezarritako bidaia debekua iragarri zuenean esan zuen «zaborrari» ez ziola Estatu Batuetan sartzen utzi nahi. Berdin dio, beraz, Afrikako arbitrorik onena bazara. Trumpek zure lanari edo izateko moduari barik, pasaporteari begiratuko dio. Eta Somaliakoa, Haitikoa, Irangoa edota Eritreakoa bazara «zaborra» zara berarentzat.
Dozenaka aldiz igaro ditut Estatu Batuetako pasaporte kontrolak. Urtarrilean egon nintzen azkenengoz New Yorken eta aitortu behar dizuet, inoiz baino urduriago nengoela. Badakigu Trumpi kazetariak ez zaizkiola gustatzen eta behin baino gehiagotan esan du atzerriko kazetarien lan baimenak mugatu nahi dituela. Bere aholkularietako batek adierazi zuen kazetarien sare sozialak aztertuko zituztela kritikoak direnei bisak ukatzeko. Niri utzi zidaten sartzen, baina ez dakit hurrengoan zorte bera izango dudan.
Izan ere, Trumpen paradoxetako bat da honakoa: munduko potentzia nagusia izan nahi du, baina munduari ateak ixten dizkio; munduko ekonomia onena eduki nahi du, baina atzerriko talentuari ez dio sartzen uzten; Mundiala egin nahi du, baina kultura aniztasunik gabe.




