Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Galaxiarteko «True Detective»?

Kyle Chandler aktoreak Hal Jordan beterano ospetsua gorpuztuko du.
Kyle Chandler aktoreak Hal Jordan beterano ospetsua gorpuztuko du. (Hubert Vestil | Getty Images)

Duela hamabi urte, “True Detective” telesailaren lehen denboraldia estreinatu zenean, telebistako thriller generoaren mugak irauli zituen. Ikerketa kriminala, atmosfera ilun eta zapaltzailea, pertsonaia sakonak eta azalaren azpian zerbait handiagoa ezkutatzen zuen misterio bat uztartuta, Matthew McConaughey eta Woody Harrelson protagonista zituen fikzioa fenomeno kultural bihurtu zen. Ordutik, detektibeak, sekretu ilunak eta kalitatezko narrazioa nahasten dituen edozein telesail harekin alderatu izan da.

Orain, lekuko hori hartzera datorren telesail berriak ez gaitu Louisiana lainotsura eramango, superheroien mundura baizik. “Lanterns” da DC Studiosen apustu berria, eta dagoeneko «galaxiarteko ‘True Detective’» deitu diote.

Aitortu behar dut aspaldi galdu nintzela DC eta Marvelen unibertso amaigabeetan. Proiektu berri bat iragartzen duten bakoitzean, mapa zahar bat zabaltzen duen bidaiariaren pazientzia behar izaten dut pertsonaiak, loturak eta kronologiak berriro kokatzeko.

Abuztuaren 17an iritsiko da HBO Maxera “Lanterns”, eta, superheroien generoak azken urteotan nekea eragiten didan arren, proposamen honek baditu osagai interesgarriak.

Leherketetatik eta efektu berezietatik harago, nobela beltzaren eta thriller kriminalaren lurralde ilunetan barrena mugituko den istorio bat kontatuko du.

Telesailean murgildu aurretik, hala ere, komeni da kontzeptu bat argitzea: Green Lantern edo “Linterna Berdeak” galaxiaren zaindariak dira, espazio-sektore jakin baten segurtasuna bermatzen duten polizia modukoak. Haien boterea eraztun berezi batzuetatik dator; borondatearen indarra kanalizatzen dute, eta ahalmen ia mugagabeak ematen dizkiete erabiltzaileei.

Telesailaren protagonistak Kyle Chandler eta Aaron Pierre izango dira. Lehenak Hal Jordan beterano ospetsua gorpuztuko du; bigarrenak, berriz, John Stewart errekruta berria. Aktore nagusien artean izango dira, halaber, Kelly Macdonald (Sheriff Kerry), Garret Dillahunt (William Macon), Poorna Jagannathan (Zoe) eta Ulrich Thomsen (Sinestro).

Istorioaren erdian, Stewart gaztearen eta Jordan beteranoaren arteko bikotea aurkituko dugu. Lurrean gertatutako hilketa misteriotsu bat ikertzen hasiko dira, AEBko erdialdeko herri txiki batean. Baina krimen guztiek bezala, honek ere baditu geruzak. Eta geruza bakoitzaren azpian beste zerbait agertuko da, beste sekretu bat, beste gezur bat. Hilketa soil bat zirudiena zerbait askoz handiagoaren ate bihurtuko da.

Estetika neurtua, ikerketa kriminala kontakizunaren erdigunean eta Green Lantern-en mitologiaren atzealde kosmiko erraldoia oinarri hartuta, “Lanterns” udako estreinaldirik interesgarrienetako bat izan daiteke.

Ikusteke dago «galaxiarteko ‘True Detective’» etiketa merezi duen ala ez, baina behintzat badirudi superheroien telesail arrunt bat baino askoz gehiago izango dela.