«Aura farmeatu» eta beste
Six seven!». Behin eta berriro errepikatzen dute nerabeek hori, ahurrak gorantz jarrita eskuak mugitzen dituzten bitartean. Modako espresioa da gure etxean eta baita beste askotan ere. Hori aski ez, eta “aura farmeatzen” ere hasi dira. Alegia, keinuen borrokak egiten dituzte karisma handiagoa nork daukan erakusteko. Bi nerabe aurrez aurre jartzen dira bururatzen zaizkien keinu originalenak egiten eta inguruan pilatzen diren gazteek erabakitzen dute nork irabazi duen “aura borroka”. Izan ere, sare sozialetan ikusten dutena errepikatzen dute. Modako youtuberrak egiten duena jarraitzen dute, ondo edo txarto dagoen edo zentzua daukan pentsatu barik. Zer ikusi, hura egin. Youtuberrak dira gure seme-alaben erreferenteak eta euren like-ak bihurtu dira euren helburua. Etengabeko onarpenaren bila bizi dira, egiten duten guztiagatik bihotzaren edo hatz lodiaren emotikonoa jaso beharko balute bezala.
Haur eta nerabe digitalak dira gureak. 2 urterekin mugikorra jartzen diegu aurrean platerean daukaten guztia jan dezaten. 9 urterekin deiak egiten dituen erlojua erosten diegu. 10 urterekin kontsola eta 11rekin mugikorra eskatzen hasten dira. Teknologiari ez zaio leporik eman behar, baina teknologia erabiltzen irakatsi behar diegu. Sare sozialetan errealitatea baino postureo gehiago dagoela azaldu behar diegu. Eta ikusten duten eduki guztia errepikatzea batzuetan erridikulua dela esan behar diegu. Beraien hizkera erabiliz, argi utzi behar diegu, sare sozialetan ikusten diren gauza askok cringe-a edo auzo lotsa eragiten dutela.
Horixe pentsatu nuen, lehengoan, “aura farmeatzen” zebiltzan nerabeen bideo bat ikusi nuenean. Belaunaldi horretatik aterako ahal da etorkizuneko lehendakaria? Therian-a dela esango al du? Hitzaldietan six seven milioiko inbertsioak iragartzen dituenean keinu barregarri hori egingo al du eskuekin? Ez dakit ze etorkizun dugun aurrean.

«Las cosas no son ni blancas ni negras, muchas veces te toca tomar una decisión y posicionarte»

Duela ehun urte piztu zen jenioa

Albert Léon & Politeleia

Zapatamokoa, zingiretako enigma
