Garazi ARANGUREN ALBERDI
ARKITEKTURA

Macondo Park

Artikulu honetan egileak Macondo parkearen mundura eramango gaitu, Madrilen Shakira abeslariak irailaren 18tik urriaren 11ra dozena bat kontzertu emateko birsortutako tokira. Hamar egunean eraikia, xehetasunei arreta handia jarri dien egitura iragankorra da.

Irudiek Gabriel Garcia Marquezen «Ehun urteko bakardadea» eleberri ospetsuan inspiratutako Macondo erakusten dute.
Irudiek Gabriel Garcia Marquezen «Ehun urteko bakardadea» eleberri ospetsuan inspiratutako Macondo erakusten dute. (Proiektua: BIG, Bjarke Ingels GroupArgazkiak: Adrià Goulà)

Irailean eta urrian zehar hamabi kontzertu hartu dituen Macondo Park Madrilgo Iberdrola Music eremuan altxatu da, Shakiraren “Las mujeres ya no lloran” mundu biraren barruan. Gabriel Garcia Marquez idazlearen “Ehun urteko bakardadea” eleberriko unibertso fantastikoan inspiratutako espazioak 185.000 metro koadro hartzen ditu, eta jaialdiaren proiektua BIG Bjarke Ingels Group, Komodo eta Vampire estudioekin elkarlanean diseinatu da.

Proiektuak kontzertuaren esperientzia agertokitik harago eraman nahi du. Latinoamerikako kultura koloretsu eta hurbila sortu nahi du, eta abeslariaren abestietan eta bideoklipetan ikusten dugun poza eta festa espazioan bertan bizitzeko aukera eman. Horretarako, kontzertuaren aurretik eta ondoren ere bizirik mantenduko den parke bat proposatu da, kulturaren inguruko esperientzia desberdinak elkartuz.

Parkearen erdigunean plaza nagusia dago, eta haren inguruan hainbat pabiloi tematiko antolatu dira. Horietako bakoitzak Latinoamerikako kulturaren alderdi bat hurbilduko dio publikoari; musika, dantza, artea, gastronomia, literatura eta moda, besteak beste.

Esparruaren sarreran, zortzi atari handi daude, bakoitza kolore batekoa. Atari horietatik abiatzen diren kolore bereko alfonbra bihurgunetsuek erraz gidatuko dute bisitaria pabiloi bakoitzerantz.

(Proiektua: BIG, Bjarke Ingels Group I Argazkiak: Adrià GOULÀ)

Bide laranjak modaren pabiloira eramango gaitu. Bertan, Shakiraren jantzi ikonikoak ez ezik, diseinatzaile ezagunen zein berrien lanak eta moda desfileak ere ikus daitezke. Bide berdeak liburutegira garamatza, hainbat idazleren lanak aurkezteko tokira. Horia, berriz, karaokera doa, non abeslariaren abestiak interpretatu eta bideoklip baten barruan egongo bagina bezala sentitzeko aukera dagoen.

Beste gune batzuek esperientzia osatzen dute. Merkatuan Latinoamerikako gastronomia dasta daiteke; “La Sala” izeneko gunean, bidea egiten ari diren abeslari latinoamerikarrek beren lana erakutsi eta ikusgarritasuna irabaz dezakete; eta museoak Shakiraren ibilbide profesionala erakusten du. “Macondito” haurrentzako jolas eta atseden gunea da. Bide gorriak, azkenik, parkearen epizentrora eramango gaitu, 30.000 eserleku eta 20.000 lagunentzako pista dituen aldi baterako estadiora. Eremuak egunero 50.000 pertsona har ditzake, guztira.

Elementu horien guztien bidez, kontzertuen artean ere esparrua aktibo mantendu nahi da, ia jolas parke baten moduan, baina entretenimenduaren atzean Latinoamerikako kultura, sormena eta emakumea ardatz hartuta.

Halako tamainako proiektu batek, ordea, ez du soilik esperientzia ikusgarri bat bilatu nahi izan. Iraunkortasuna eta baliabideen optimizazioa ere hasieratik hartu dira kontuan. Horretarako, kontzertuetako muntaketetan ohikoak diren sistema eta materialak erabili dira. Aldamioak, ehunak, oholak eta antzeko elementuak bihurtu dira proiektuaren baliabide nagusi, behin betiko eraikuntzen beharra eta hondakinen sorrera murrizteko, eta muntatzea zein desmuntatzea errazteko.

(Proiektua: BIG, Bjarke Ingels Group I Argazkiak: Adrià GOULÀ)

Aldamioek egitura modular eta berrerabilgarriak osatzen dituzte, eta minutu gutxian munta eta desmunta daitezke. Ehunek, berriz, ia edozein forma har dezakete -tenkatuak edo tolestuak, opakuak edo zeharrargiak- eta kolorea zein goxotasuna ematen diote espazioari. Gainera, desmuntatu eta tolestean espazio oso gutxi okupatzen dute, eta beste eszenatoki edo erabilera batzuetan berrerabiltzeko erraz garraia daitezke.

Naturak ere badu bere lekua. 500 zuhaitz -bertakoak zein tropikalak- erabili dira ibilbide eta atseden guneetan itzala sortzeko. Kontzertuak amaitzean, jatorrizko biltegietara itzuliko dira, beste leku batean berriro landatuak izateko.

Hala, sei hilabetean diseinatu eta planifikatutako espazioa hamar bat egunean eraiki da, epe oso laburrean. Eremua Europako egoitza artistiko handienetakoa bilakatu da, eta 600.000 pertsona ingururen bisita espero da.

Macondo Parkek, azken batean, arkitektura efimeroak duen ahalmena erakusten du: erabilera denbora laburra izan arren, milaka pertsonaren esperientzia eta oroimena hartzeko gai den espazioa sortzea, eraikuntza iraunkorren beharra ahalik eta gehien murriztuz.