Bwindi, gorilen oihan zeharkaezina
Bwindiko Baso Zeharkaezinaren Parke Nazionala Ugandako hego-mendebaldean dago, Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugatik kilometro gutxira. Bertan izan da Juan Luis Mugertza argazkilaria, gorila familia baten bila abiatuta, argazki kamera eskuan.

Bwindi izenak “zeharkaezina” edota “leku iluna” esan nahi du bertakoen hizkuntzan (runyakitaraz). Izan ere, Bwindin landaretza oso itxia da, eta, sarri askotan, bertan dauden banbuek, garoek eta landare igokari lodiek eguzkiaren argia ikustea oztopatzen dute.
Ugandako, Ruandako eta Kongoko gobernuek eta tokiko komunitateek egindako ahaleginei esker, gorilen kopuruak gora egin du 1990. urteaz geroztik. Orduan, 620 mendiko gorila zeuden. Egun, eremuan egindako errolda baten arabera, Virunga mendigunean (mendiko gorilak ikus daitezkeen leku bakarra munduan) 1.004 gorila daude. Ruanda eta Kongo artean dauden mendiek 600 gorila inguru dituzte, eta Ugandan duten luzapen naturalean, Bwindiko Baso Zeharkaezinean, 400 bat gorila bizi dira. Alabaina, desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea da.
BWINDIKO MENDIKO GORILEN BILA
Goizeko bederatziak dira, eta prest gaude abenturari ekiteko. Hasi aurretik, ranger batek azalpenak eman dizkigu primate handi horien gainean, hala nola bost metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko, eta eurekin gaudenean maskara jartzeko. Urduri gaude. Gu bi gara, eta gurekin batera beste lau pertsona gehiago daude trekking egiteko, baita zamaketariak ere. Horiek, igoera arinagoa egiteko, 20 dolar kobratzen dituzte pertsonako norberaren bizkar zorroa eramateagatik eta pasabide zailetan laguntzeagatik. Ez dago jakiterik gorilak ordubetera, bitara, hirutara edo zenbatetara ikusiko ditugun.
Hasi bezain laster jabetu gara aldaparen tamainaz, baina bidea ez da txarra; zabala da, bederen. Ilaran goaz, bata bestearen atzetik, makilari ondo helduta. Hala ere, gure pozak oso denbora laburra iraun du. Espero baino lehen, Baso Zeharkaezina gure aurrean agertu da, arantzez beteriko adarrak gu besarkatzeko zain egongo balira bezala. Gorako bidean jarraitzen dugu, izerditan blai; urrats bakoitza borroka gogorra da, baina gorilak buruan, aurrera jarraitzen dugu. Non egongo ote dira? Zamaketariek behin eta berriro luzatu diote eskua behar izan duenari aurrera egiteko, edota ez jausteko. Pausoen zarata txikia baino ez da entzuten, eta arnas hotsa. Ordu bi eta erdi igaro dira eta gorilen arrastorik ez, oraindik. Ura edateko gelditu gara. Beste ordu erdi bat egin dugu sufritzen, eta halako batean, hantxe agertu dira: zortzi gorila orotara. Gure familiak Rwigyi du izena, eta bizkar-zilar batek (ar nagusiak), bi emek, lau gaztek eta kume batek osatzen dute. Ordubete egin dugu haien ondoan, behin baino gehiagotan euren atzetik, eta behin baino gehiagotan ere gure zain izan dira haiek, traba egiten ari ginela-eta kentzeko eta bidea libre uzteko. Emandako aholkuek ez dakit zerbaitetarako balio izan duten; askotan, gugandik zentimetro gutxira eseri dira, eta guk ezin izan dugu ezertxo ere egin hori ekiditeko. Bai, hantxe egon dira guri begira, belarra, hostoak eta kimuak lasai asko jaten, taldekideak bagina bezala. Ederra izan da.


