Errose Bustintza: egunek zer dakarten golkoan

Galderaz eta harriduraz hasten da Errose Bustintzaren kronika “Euzkadi” egunkarian 1938ko uztailaren 3an, Bartzelonan: «Asko ta askoren gaurko itauna hauxe dozu: guda negargarri hau, noiz amaituko da? Itaun zaila ta erantzun gutxi benetan!».
Eta ipuin baserritar xelebre ia “zen” bat kontatuko du Errosek, erresilientzia umorez. Zeren, etorkizunaz espekulatu eta hau, hori edo bestea esan arren, nork jakin hurrengo egunak zer ekarriko duen golkoan.
Errose Bustintzak, Mañarian jaio-eta beti Mañarian biziko zela eta Mañariko gauzak idatziko zituela uste zuen beharbada, harik eta 1936ko uztaileko egunek gerra ikaragarri anker bat ekarri zuten arte.
Xabier Bovedak liburutxo ederrean editatu ditu 1938. urtean zehar Errose Bustintza mañariarrak, Bartzelonan errefuxiaturik, hegazkin hego beltz suntsitzaileen beldurrez («Aspalditxoko gauetan, hegazkinak dirala ta ez dirala, begi-itxi handirik egin barik...»), “Euzkadi” egunkarian argitaratutako ehundik gora idazlanen artean hogeiren bat hautaturik.
«MAÑARIKO»
XIX. mendearen azken hondarrean jaio zen Rosale, 1899an, sei seme-alabetan gazteena Felix Bustintza eta Marzelina Ozerinen etxean. Ahizpa bat, Basile, aitaren anaia nagusiarekin ezkondu zenez gero 1909an, Rosale Ebaristo Bustintza idazlearen iloba eta koinata zen. Eta Basile eta Kirikiño bikotearekin bizi zen Mañarian kale-bideko Zumelaga etxean. Nerabezarotik lagundu omen zion bere osaba-koinatuari. Honi besoa apurtu zitzaionean, esate baterako, Rosalek egin zizkion idatzi beharrekoak. Badirudi 1927an hasi zela herriko kronikak “Euzkadi” egunkarirako idazten, baina artikuluak ez zituen sinatzen.
Herrian Rosale deitzen omen zioten. Kirikiño hil eta, haren hil-berria idazteko erabili zuen lehenengoz luma-izena: Mañariko, 1929ko otsailean, hogeita hamar urte zituela. Gero, Mañariko Errose sinatzen zuen batzuetan, edo Mañariko bakarrik.
HATX-MENDI ARTEKO HERRITXOA
Errose oso sustraiturik bizi zen bere jaioterrian. Hatx eta mendi arteko Mañaria aldea bere mundua: Mugarra, Iñungane, Ezkubaratz, Saibi, Urkiolamendi, Untzillatx arteko zuloa. Sarritan igotzen zuen Urkiolara, San Antoniori bisita egiten («Gaurko egunez guk, goizean-goiz jagi ta, euri nahiz aterri, edur nahiz eguzki, Urkiolarako aldatsa, poz-pozik igaroten genduan»). Durangora joango zen igual, baina ez zen handik asko urrunduko. Bazeukan hantxe bertan Mañarian eta inguruko basaurietan bizitzeko eta amets egiteko nahikoa.
Bizimodua lokala izaten zuen oraindino jendeak. Lekuan lekukoa, begi bistako espazio urrian irekitzen zen bizitza, eta hantxe bertan amaitu ohi zen denborarekin. Nahiz eta batzuk seminariora, edo Bilbora joan, edo Ameriketara emigratu, mañariar gehienek ez zuten hatx eta mendi arteko troka hartatik begirada asko hedatzen. Hodeiertzak zerura so egiten uzten zien bakarrik.
Baserri mundu hartan bizi zen Errose, baina ez baserritar moduan. Mañariko emakume gehienak, etxeko zereginetan ez ezik, aitzurrean, laiaketan edo abeltzaintzan ibiliko ziren, edo geriza batzen. Aita harrigilea zen harrobien Mañarian, osaba-koinatua idazlea, eta Rosale ere libratu zen nekazarien patuaz. Neska ile beltzaran hura apur bat kalekoagoa, jakitunagoa, antiojoduna zen. Elizkoia eta zintzoa, argia eta abertzalea, papera eta lapitza erabiltzeko gauza zen.

Herriko gazteekin ateratzen zen sarritan mendi hatxetan gora, mendigoizale. Herriko zaharrengana ere gustatzen zitzaion hurbiltzea («…erriko atso-agura guztiakaz adiskide andi egin nintzan. Arekandik amaikatxo gauza on eta eder entzun neban»). Entzun eta apuntatu egiten zituen, eta auzo urrinetara ere joango zen kopla, kontu, kanta edo esaera zahar baten bila.
Hantxe bertan, batetik bestera, eta oroimenera eta irudimenera luzatzen ziren kontuak. Memoria eta asmamena dira edozein herriren laugarren dimentsioa, Erroseren ipuinen hasieran ja ikusten denez: «Gure aitaita zaarren aldietan, Iñungane mendian…»; «Zuek gomutan ez dozuen bariku arratsalde baten…»; «Antxiña, gure asabak praka laburrakaz eta ule luzeakaz ebizan aldietan…»; «Izarrak dantzan ziarduen eta illargia barreka egoan gau zoragarri baten…»; «Bein, sagutxu bizkor bat, ganbarako leiotik kalera begira egoala…»; «Antxiña-antxiñako aldietan...»; »Urte asko be asko dirala…»; «Nik ez dakit noiz be, Anboto aldean…».
IRAGANA ETA IPUINA
Errosek berak kontatu zuen, hitz ederrez, bere berezko ipuinzaletasuna:
«Txikitan be, ipuin zale-zalea nintzan; eta zaletasun begiko ori zala-ta, ipuin politen bat non eta zelan entzungo, artega-samar ibilten nintzan. Eskolara joaten nintzanetan, nire laguntxoai sarritan be sarritan ixil-mixilka esaten neutsoen: ‘¿Gaur zelako ipuiñak dakazuez, ba?’. ‘¿Aitaita-amamak bart ze ipuin esan dautsue, ba?’. Eta bereala, nire laguntxoak, itaun orri egokiro erantzunik, sekulako ipuin politak azaltzen eustezan. Baiña nik, tamalez, nire aitaita-amamak iñoiz be ezagutu ez nebazan ezkero, nire adiskide ta lagunai ezin izaten neutsen ipuin askorik azaldu. Nire gurasoen gurasoak ni munduratu orduko bestalderatu ziran ezkero, arein agoetatik ezertxo be entzuteko zorionik ez neban izan… Ori, barriz, zoritxar anditzat joten neban. Eta zoritxar ori gogoan nebala, lagun-artean bein baiño geiagotan esan izan neban: ‘Neure aitaita-amamak bizi ba-ziran, orraitiño, a zelako ipuiñak azalduko leuskidezan!’. Eta ori esaten neban bakotxean, nire begitxuak malko garratzez bustiten ziran. Olakoxe ipuin-zale errimea nintzan!».
Baina, ez zen ipuinen munduan bizi.
EZ ZEN IPUINEN MUNDUAN BIZI
Ez horixe. Mañarian bizi zen, Euskal Herrian, Espainia euskaldunentzat hain gogaikarri honetan.
Eta abertzale militantea zen: Emakume Abertzale Batzako kidea. “Euzkadi” egunkarian idazten zuen, “Euzko” astekarian, “Ekin” eta beste batzuetan. Gerra denboran, “Eguna” egunkarian ere kolaboratu zuen.
Gerrak dena alferrik galdu zuen. Zumelaga etxeko liburutegia balio handikoa omen zen, eta Bilbora eraman zuten, eta han desagertu zen, 1937ko udaberrian familiak atzerrira alde egin behar izan zuelako. Eskuizkribu baliotsu batzuk eraman omen zituzten Errosek eta Basilek.
Ez zen erraza izan, ez gerra ez exilioa. Errose eta Basilerekin, beste ahizpa bat exiliatu zen, Irene, eta ama ere bai, Martzelina; lau emakume ibili ziren desterruan. Bretainian hasieran, leku ederrean, baina urrun («Han, Bretainiako lurralde abegitsuan geure buruak irrikatuta ikustean, gure negar egitearen garratza!»). Frantziako Gobernuak 1937ko urrian errefuxiatuak kanporatzeko agindu zuenean, Jean Ybarnegaray eta halakoen eraginez, alde egin behar. Euskal errefuxiatuek Katalunia aukeratu zuten. 63.000 inguru joan ziren Bartzelonara, eta bazeuden han bertan ja ia 40.000.
BARTZELONA EUSKALDUNEN HIRIBURUA
Katalanen eta euskaldunen artean bazegoen elkartasun natural bat, Espainiarekiko betiko arazo politiko-kulturalak gehi gerrak sortutakoak partekatzen zirelako. Katalunia euskaldunen babeslekua bihurtu zen egun haietan, eta, gainera, Bilbo nazionalen menpera erori zenetik, Jose Antonio Agirre eta Lluis Companysen elkarlanari esker, Bartzelona bihurtu zen 1937 eta 1939 artean euskaldunen hiriburu politikoa.
Errefuxiatuei babesa, gaixoei ospitale zaintza, eta, gogo-kezkatuei politika eta kultura eskaini zieten katalanek. Emakume Abertzale Batzak bere egoitza izan zuen: “Gure Etxia” (Calle del Pino, 5). “Euzkadi” egunkariak Bartzelonan izan zuen jarraipena 1937ko abendutik aurrera. Andoni Ruiz de Azua Ogoñope-k zuzentzen zuen Euzkel-atala.

Ez zen harrezkero ipuinen munduan bizi ahal izan Errose. 1939ko hasierako egunek, golkoan, hegazkin bonbardaketak eta suntsidura itzela ekarri zuten Kataluniara ere. Eta jendearen ihesa iparralderantz.
Frantzia berriro, jaioterrira hurbildu guran, Erroseren familia Donibane Lohizune eta Baiona aldean ibili omen zen, erromes eta pobretasunean Bigarren Gerra Handiaren aurreko giro makurrean. Han hil zen Irene, ahizpa, eta bertan lurperatu zuten.
Eta haren batean bueltatu ziren Mañarira. Gerra galtzaileen iluntasun eta ezintasun guztiarekin itzuli ziren Mañarira. Errosek ez omen zuen gehiago idatzi, eta gazterik hil zen, odol gaixotasunez, leuzemiaz, 53 urte besterik ez zituela 1953ko abuztuaren 20an.
BALIO LITERARIOA
Jabier Kaltzakortak Erroseren bizitza Emily Dickinson poeta amerikarrarenarekin konparatu du. Biak herri bati loturik bizi izan ziren: Amherst (Emily) eta Mañaria (Errose). Biak hil ziren gazte: 56 (Emily) eta 53 (Errose). Bi-biak omen ziren bereziak eta barru-bizitza aberatsekoak (“bihotzondoa” eta “irudimena” hitzak erabili zituen Erroseri buruz Andima Ibiñagabeitiak).
Mayi Ariztiarekin ere alderatu du Jabier Kaltzakortak. Biak herri txiki laborari euskaldunekoak: Sara eta Mañaria. Biak, jadanik galtzen ari zen herri-literaturaren altxorra jasotzen ahalegindu ziren. Ez era berdinean, Mayik “ichtorio-erraileen” ezpainetatik entzundakoa jaso zuen, ederragotu gabe. Errosek, ostera, herri hizkera garbitzeko eta dotoretzeko agindu sabinianoari kasu egin zion. Sasoiaren eta herriaren alaba ziren biak, benetan ere.

Euskal literaturen historietan ez da Errose aipatu ere egiten: Luis Mitxelena, Luis Villasante, Ibon Sarasola, Jon Juaristi, Patri Urkizu. Igual ez zuelako libururik argitaratu. Haren idazlanak gerraurreko eta gerra denborako egunkari eta aldizkarietan sakabanaturik geratu ziren, harik eta Jaime Kerexetak “Ipuiñak” bilduma (1990) argitaratu zuen arte. Jabier Kaltzakortak eta Nagore Etxebarriak “Ipuinik ipuin Mañarian gora” (2009) argitaratu zuten gero. Xabier Bovedaren liburu honek, “Soina hemen, gogoa han” (2026) beste mundu bat erakusten du, exilioarena...
Belaunaldi hark, Pizkunde ebaki eta galduarenak, idazle asko sortu zituen halakoak: Pantzeska Astibia Onintza, Andoni Ruiz de Azua Ogoñope, Maria Etxabe Lau Uxo, Joseba Biritxinaga Jel-orde, Elisa Alzola Ane Miren eta beste asko. Errose Bustintza bezalakoak, izenordedunak eta nekaezinak, zorigaiztokoak eta aspaldian ahaztuak.


