AMAIA URIBE
IRITZIA

«Infoxifikatuta»

Aspaldi da lagun artean eztabaida naturalik ez dugula. Zerbaiti buruz iritzi kontrajarriak agertzen diren aldiro, norbaitek mugikorra atera eta galdera botatzen dio Chat GPTri. Lehengoan gertatu zitzaigun. Soldatei buruz hitz egiten ari ginela, lagun batek galdetu zuen: «Nork irabazten du diru gehiago, Gurutzetako Ospitaleko mediku batek edo Lanbide Heziketako irakasle batek?». Duela urte batzuk, gai horri bueltaka ibiliko ginen bakoitza bere iritzia emanez. «Nire lehengusina mediku hasiberria da eta ez du horren ondo kobratzen!». «Lanbide Heziketan soldata majoa daukate, e!». Denbora emango genuen horri buruz berbetan, baina, lehengoan, minutu bat ere ez zuen iraun elkarrizketak. «Chat GPTk dio lan egindako urteen araberakoa dela eta espezialitatea eta guardiak ere hartu behar direla kontuan. Guardia barik, irakaslearen soldata altuxeagoa da. Guardiekin, baina, mediku batek irakasle batek baino 12.000 euro inguru gehiago irabazten ditu urtean, gutxienez». Eta adimen artifizialari dena sinisten diogunez, akabo norbere iritziak, esperientziak eta hitz egiteko gogoak.

Sarritan pentsatzen dut gehiegizko informazioa jasotzen dugula. Badakigu orduero zer eguraldi egingo duen, zenbatekoa den Alemaniako barne produktu gordina eta zer herritan jaio zen Esloveniako presidentea. Zalantzarik izan gabe bizitzera ohitu gara. Neuri ere gertatzen zait. Duda bat agertu orduko, erantzuna bilatzen dut. Eta erantzun hori lortu arte ez naiz lasai geratzen.

Informazio gainkarga horrek, baina, badauka arrisku bat: “infoxifikazioa”. Informazioz gainezka egotearen ondorioz, ez gara gai jasotzen dugun guztia prozesatu eta informazioa kritikoki aztertzeko. Ondorioztatzeko gaitasuna galtzen ari gara. Geure kabuz pentsatzeko joera galtzen ari gara. Beti dena ezin da jakin, ordea. Eta beti dena jakitea ere ez da komeni. Ohartu naiz zoriontsuago bizi nintzela ezjakintasunean. Horregatik, azken egunotan semeari ez dizkiot galdera guztiak erantzuten. «Ama, Frantzian ala Belgikan bizi da jende gehiago?». Atlasa ireki, mapa erakutsi eta neuk bota diot galdera: «Zuk zer uste duzu?».