Zer gara gu
Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu... Batzuetan zein gozo eta eroso kulunkatzen garen abestietan, kontraesanik gabe, ideia ponpoxoen gainean dantza txikian. Baina, zorionez, errealitateak forma bihurriak ditu, tolesturak, zimurrak, zuloak, pikorrak. Eta hala ere, amorfotasun eder horrek, bazterrak sortzen ditu, inoiz eguzkiak gozatzen ez dituen izkinak. Eta jendea bizi da hor, batzuk ez hain ondo.
Mendiko erromeria jendetsu batera joan eta belarretan gozo eserita, sagardoa eta txorizoa pentsamenduaren lagun, iruditzen zaizu horixe dela Euskal Herria. Han euskara baino ez da entzuten, zahar eta gazte, denak suelto euskara bizietan. Hortxe, zure pentsamendu gozoetan, belaze horietan herri bat piztuta mantentzeko nahikoa egur badelakoan, pozik.
Anbulatorioko itxarongelan, hamabost bat lagun, sei-zazpi jatorri desberdinekoak. Bakoitza bere txandaren zenbakia eskuan, papertxoari eta pantailari begira, begiratzeagatik azkarrago joango delakoan. Pantailak pi abisu ematen duen aldiro altxatzen da emakume bat. Lanak ditu hizkuntzarekin. Mahaikoak esaten dio oraindik ez dela bere txanda. Azkenerako, ondoan eserita daukan gizonezkoak esan dio lasai egoteko, bere zenbakia iritsitakoan abisatuko diola berak. Eskerrak eman dizkio hizkuntza unibertsalean, begiekin eta irriñoz. Eta han gauden guztiak konturatu gara emakumea ez dela gai bere zenbakia irakurtzeko. Eta pentsatu dut nire amona, nire ama edo neroni izanez gero, asko eskertuko nukeela norbaitek albotik laguntzea. Eta itxaron-gela horretan herri bat piztuta mantentzeko nahikoa egur badela pentsatu dut.
Eta autobusean lanera zoazela, pentsatzen duzu hori ere badela Euskal Herria, autobus horretan kabitzen dena. Hizkuntza askotarikoak entzuten dira telefonoz bestaldeko deiei erantzuten. Han gauden denok goaz lanera edo ikastera, bakoitza berean. Gure kezkak, ametsak, desioak daramatzagu poltsikoetan eta horiekin zapaltzen ditugu gure herriko kaleak, lantegiak, etxeak... Hor ere bada herri bat piztuta mantentzeko nahikoa egur.
Hori da gure herria gaur. Eta egur horrekin mantendu behar dugu piztuta eta bero, inork ez dezan hotzik pasa. Eta asmatu behar dugu euskara ere piztuta mantentzen. Ez da erronka samurra. Litekeena da mesfidantza sentitzea, zalantzak, erabaki okerrak hartzea... Baina gure herriari bere osotasunean begiratzeko gaitasuna izan beharko genuke. Eta gaitasunak entrenatu egiten dira. Ez dago ikusi nahi ez duena baina itsu handiagorik. Eta arrazistak ere suelto dabiltza.



