amagoia mujika
IRITZIA

Ezin ulertu

Betekada izango du norbaitek honezkero. Hauteskunde ondorengo iritzi-analisi-euforia-azterketa-poz-galdera-amorrazio-tristura betekada. Normala. Beste askori dagoeneko bestelako kezkak gailenduko zitzaizkien, benetako horietakoak, futbola esaterako.

Baina, hala ere –eta benetan saiatu naizen arren–, ezin eutsi hauteskundeak aitatu gabe. Zer den kaskagogorra izatea eta gauza batzuk ulertzeko ezintasuna izatea. Ezin ulertu zerbaiten kontra bozkatzen dutenak. Botoa sobre batean sartu eta alderdi bati edo besteari ematen zaion ardura, ilusio, konfiantza, eskakizun dosia bada, gauza serioegia iruditzen zait eraikitzeko baino eraisteko erabiltzea. Tira, eraisteko edo errausteko esan nahi dut. Eta triste samarra ere bada, ezta? Askozaz itxaropentsuagoa eta osasuntsuagoa iruditzen zait zerbaiten alde bozkatzea, botoa edonorentzat dela ere (akaso Marotorena horrelaxe hobe, parentesi artean alegia).

Ezin ulertu botoa nori eman dioten oso garbi ez dutenak. Telebistako hizlari bikainak, aire berria dakartenak, konbentzitzeko gaitasuna dutenak... baina, aurpegia garbi erakusten ez dutenak. Argitasun baino galdera gehiago sortzen dituztenak; fidatzekoak diren zalantzak pizten dituztenak. Finean, zehaztu gabeko hari mehe horretan akrobaziatan dabiltzanak. Eta, hortxe, milaka lagunen hautua: «to nire ilusioa, konfiantza, ardura... zuretzat, jatorra dirudizu eta!».

Beren alderdi politikoaren DNA odolean daramatenak, politika erlijioa bailitzan bizi dutenak, beti eta betirako kolore batzuen aldekoak direnak.... ahalegin handi samarra eginez, baina kasik ulertu ditzaket. Baina, besteak, lau urtean behin botoa eskuan hartu eta orain honen alde eta gero haren kontra; orain honi aspaldi ez delako agintean egon eta gero hari, aspaldian gehiegitxo agindu duelako... horiek ezin ditut ulertu. Botoak ez luke batzuk goratzeko eta besteak zigortzeko tresna izan behar, botoak nahi dugun jendartea eraikitzeko erreminta beharko luke.

Bai, badakit hauteskunde biharamun guztietan berdinetan nagoela. Baina ez nuke harritzeko gaitasun hori galdu nahi, bestela kontuak ez dauka batere graziarik. Eta aldaketak hortik datoz, egoerak iraultzetik eta zirrikituak topatu, zabaldu eta argia sartzeko moduko pasabide bihurtzetik. Eta argia ikusten da tunelaren ertz hartan.