MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Bost

Erabakitzeko eskubidearen inguruan benetako interesa duten alderdi nagusiak EAJ, EH Bildu, Geroa Bai eta Euskal Herria Bai dira une honetan. Gainerako alderdiei ez zaie asko interesatzen edo ez dute eztabaida horretan sartu nahi, edota beraiek nahi duten, behar duten eta zenbait kasutan inposatzen duten eredurako nahikoa da daukatena. Baina begiak itxi arren, milaka herritar daude eredua aukeratu ahal izatea nahi dutenak, aukera bera eskubide demokratiko ezinbestekotzat dutenak, aukera onartzen ez dutenen eskubide maila berbera izan nahi dutenak.

Aldarrikapenak libre-edo dira, baina aldarrikapen guztien egikaritzea ez da librea, ez da posible.

Eta horren aurka erabiltzen da batzuetan indarra, beste batzuetan beldurra zabaltzeko mezuak, beste batzuetan mezu leloak esanez independentziaren aldarrikapena, adibidez, alde batera utzi behar dela langabezia arazo den egun hauetan. Une batez pentsatu behar lukete agian herri honen egoera beste bat balitz, adibidez Espainiarengandik autonomoagoa, ez ote litzaiokeen hobeki joango langabezia, enplegu sorrera, hezkuntza eta egunerokoan berebiziko garrantzia duten beste arlo askotan.

Kontua da herritarrok lortu behar dugula politikan eragitea, herri hau beste egoera batean, beste eredu batean, dauzkan arazoekiko askoz ere eraginkorragoa izango litzatekeela konbentzitzeko. Gai izatea jendea hobeto bizitzeko aukerak badaudela ikuskatzen. Zer esan daiteke kantuak esaten duena baino askoz ere hobeto? «Jende zoriontsua herri libre batean».

Eta herritarrok gara era batekoak eta bestekoak eta, alderdi politikoetako kideentzat bezala, gai hau batzuentzat hil ala bizikoa da, beste batzuentzat ez hainbeste eta besteentzat eredua Espainia da eta kito!

Baina hasieran aipatu ditudan alderdi horietako jarraitzaileak, edo alderdi horiei botoa eman dietenak, gertutik jarraitu dietenak edo inguruan dabiltzanak dira batez ere, hamabost egun barru bost estadio betetzeko prest daudenak. Uste dut une berezian harrapatzen dituela Gure Esku Dago dinamikak egindako deialdiak, pasa berria den hauteskunde kanpainak ez baitu asko lagundu zubiak eraikitzen eta konplizitateak ehuntzen. Ba hauxe da unea konprenitzekoa hauteskunde lehia beti egongo dela, gehiago edo gutxiago gustatuko dela, baina egongo dela. Agian izan daitekeela eraikitzaileagoa, baina agian ez dela izango, eta herritarron esku dagoela azken egun, aste eta hilabete hauetan jaso duguna astindu, gustatu ez dena baztertu, eta herri libreago bat egiteko urratsak egitea. Zentzu honetan burutu behar da prozesu hau alderdietatik at, zentzu honetan da garrantzitsuegia alderdi politikoen esku bakarrik uzteko. Alderdiak ezinbestekoak izanagatik, herritarrok distantzia hartu behar dugu beti izango duten lehia horretatik kanpo geratzeko eta politikan eragiteko. Bi aste geratzen dira eta erronka ez da txikia. Bost betetzea.