MIREN AMURIZA
IRITZIA

«Cauda muliebris»

Kondairak dio ostadarraren oinean galdara bete urrezko txanpon dagoela iratxo baten zaintzapean. Sasoi batean altxor haren bila bidaltzen ei zituzten umeak. Arakatzen zituzten ingurumariak, baina sekula ezer aurkitu ez (badakizue zergatik) eta amorratuta itzultzen ziren etxera. Altxorraren bila bidali izan gaituzte emakumeok ere, gure baginako iturri orgasmiko misteriotsuaren bila (G puntua esaten dioten hori). Ibili izan gara zokomiran, baina ezin ezer aurkitu. Isil-isilik irentsi ditugu bilaketan zehar sorturiko frustrazio eta zalantzak, geure barrunbeetako akatsen bat izango zela pentsatuz. Demagun trantze horretan dagoen andrazko batek (edozein adinetakoa) konfiantzazko pertsona batekin berba egin beharrean, Internetera jotzen duela erantzun bila. Erreskadan aurkituko ditu informazio kontrajarri eta manipulatuz beteriko artikuluak, blogak, bideo tutorialak... Demagun orain galdara magikoaren mitoarekin hazi ziren ume haientzako ere ostadarraren oinera iristeko mapak edota iratxoa agurtzeko atzamar-keinuen argibideak eskegitzen dituztela sarean. Imajinatu jendea eguraldi iragarpenarekin obsesionatuta, ostarkua ikusi orduko arineketan, inoiz ez iristeko… Zoratzekoa.

G puntua 1940ko hamarkadan aurkitu zuen Grafenberg izeneko ginekologo alemaniarrak, emakumezkoen uretra aztertzen ari zela. 1980ko hamarkadatik aurrera oihartzun handia hartu zuen zientziatik baino mitotik gehiago izan duen kontakizunak, Diana J. Torres “Pornoterrorista”-ren hitzetan, honako arrazoi hauengatik: batetik, genero binarismoa indartzeko emakumeon prostata izendatzea saihestu nahi izan delako. Eta, bestetik, klitoriari protagonismoa kendu gura izan diotelako gure plazera erabat penetrazioaren, alegia zakilaren, menpe jarrita. Baina “puntu” deritzon gune hori (gure prostata), 2-5 zentimetro neurtzen duen organoa da; zeinak gizonezkoenak bezala, eiakulatzea ahalbidetzen digun emakumeoi ere. Isurketak ez du nahitaez orgasmoaren ondorio izan behar, eta alderantziz, orgasmo bat dugun aldiro ez dugu azpiak busti beharrik.

G puntuaz bestelakorik esan bada ere, andrazkooi orgasmoak sor diezazkigukeen organo bakarra klitoria da, emakumearen buztana (cauda muliebris garai batean). Hiena emeena, adibidez, arren zakila bezain luze eta agerikoa da, katagorriek boterea adierazteko puzten dute klitoria eta bonobo tximu emeak klitoriak klitorien kontra igurzten aritzen dira plazer hutsagatik. Desikasi, esploratu, partekatu, esperimentatu, berreraiki… egin beharko dugu domestikatu aurretik izan ginen animalia berreskuratzeko. Bidelagun ezinbestekoa Diana J. Torresek argitaratu berri duen “Coño Potens” (Txalaparta) eskuliburua.