Marian Azkarate
MUNDUARI BEGIRADA

LIBURUEN ORDEZ, JANTZIAK MAILEGUAN

Onar dezagun: europar baten armairuan ehunka euro balio duten jantziak –noizean behin baino erabiltzen ez direnak– aurkitu ditzakegu. Adibide bat jartzearren, gure amek 1980an zuten arropa baino bost aldiz gehiago dugu gutariko bakoitzak etxean eta dena moda merkearen boomari «esker». Gehienak, zorionez, edukiontzietan bukatzen du, bigarren eskuko dendak hornitu ahal izateko. Bitartean, guk arropa berriarekiko dugun «gosea» asetzen dugu, joera honek gizartean eta ingurumenean duen kostu handiari muzin eginez. Baina beste aukera batzuk ere baditugu eskura.

Lankidetza kontsumoari lotutako beste bide alternatibo batzuk jorratzera bultzatu gaitu krisiak, eta horretan, modaren mundua ez da salbuespena izan. Azken urteotan, adibidez, trukeko edo bigarren eskuko arropen merkatuez gain, nazioartean ugaritu egin dira salerosketa eta bigarren eskuko arroparen trukea bultzatzen duten webguneak. Jarraitzaile asko dituzten web orrialde hauetan, esaterako, jai-soinekoak eta eztei-soinekoak aurkitu daitezke oso prezio onean. Estatu espainolean 24Fab (www.24fab.com, 63 eta 100 euro arteko jantziak) edo La más mona (www.lamasmona.com, merkeagoa da; jantzi bakoitza 60 euroan aloka daiteke) dira ezagunenak.

Herbehereetan eta Eskandinavian ohikoak bihurtu diren clothing library edo fashion library deiturikoek beste aurrerapauso bat eman dute. Liburutegien maileguak oinarri hartuta, alokairu, truke eta bigarren eskuko denden arteko erdibideko aukera bat da. Bazkideek kuota ordaintzen dute (hilero 15 eta 35 euro artean) eta astero bizpahiru jantzi eskuratzeko aukera ematen diete. «Jantzitegi» hauen ezaugarri bereizgarriak hauexek dira: alokairu konbentzionaletan ohikoak diren tarifak baino merkeagoak eskaintzen dituzte (eskaintzen dituzten jantzi gehienak partikularrak edo moda diseinatzaileek emandakoak dira), era berean, arropa erosteko aukera ematen dute, eta, azkenik, ikuspegi ekologikotik balio handia dute.

Sistema aldatu nahi duen arropazaindegia. Amsterdamen zabaldu berri ditu ateak Lena (www.lena-library.com) fashion libraryak, modaren munduko lau emakumek sortua (argazkian azaltzen direnak). Moda azkarraren izaera xahutzailearen aurka daude eta, era berean, bezeroei vintage motako jantzi ederrez hornitutako arropazaindegi handia eskaini nahi izan diete. «Kontsumoaren gehiegikeria da jaun eta jabe gure gizartean eta batez ere modan», dio Suzanne Smulders-ek. Smulders Lenako bazkide bat da, eta dioenez, «Holandan 240 milioi kilo ehun-gai botatzen ditugu urtero. Aldatu beharrean gaude».

«Arropa polita erabil dezakezu, bai, baina ez jendearen eta ingurumenaren kontura», dio closhing library honen webguneak. Lena txartela eskuratzeko 10 euro ordaindu behar dituzte bazkide berriek eta harpidetza mota desberdinak aukeratu ditzakete: merkeena low txartela da (hilabeteko 100 puntu 19,95 euroren truke), zeinak mota guztietako konbinazioak eskaintzen dituen, beti hilero erabilgarri dituzun 100 puntuen muga hori kontuan izanda. Jantzitegiak beste edozein boutiqueren antza du, baina zerbait aukeratu ondoren, bezeroek jantzitegiko txartela ateratzen dute eskudiruaren edo banketxeko txartelaren ordez. Vintage artikulu batek (jantziak edo moda osagarriak) 25 puntuko balioa izan ohi du; diseinukoak 100 bat puntu. Aukeratu duzun harpidetza motaren arabera, etxean arropa-puntu kopuru bat gorde dezakezu eta jantzitegitik pasatu zaitezke beste zerbait eskuratu ahal izateko.

Teorian, clothing library hauek denda «arruntak» ordezka lezakete. «Bezero batzuek esan digute ez dutela arropa gehiagorik erosi, oinarrizkoa kenduta, noski», dio Smuldersek. «Gure baitan ere ikusi izan dugu honen eragina, egia baita Lena ireki dugunez gero ez dugula arropa gehiagorik erosi». Nolanahi ere, emakume talde honen aburuz, modaren industriak beste ibilbide bat hartu beharko luke, bai clothing library-en ildotik bai beste sistema batzuk erabiliz, Netflix edo Rent the Runway estatubatuar osagarrien alokairuen antzera: «Sistema osoa aldatu beharrean dago. Arropa markak osagai ekologikoak erabiltzen hasi diren arren, bilatzen ari direna zera da: salmenta kopururik handiena lortzea. Gure ustez, kontsumo gehiegikeria industria honek duen arazo handienetakoa da».

Bartzelonako Raval auzoan. Liburuak maileguan hartu beharrean, jantziak edo poltsak alokatuko bagenitu? Galdera hau abiapuntutzat hartuta, Maria eta Christine Schorn ahizpa alemaniarrek Bartzelonako Raval auzoan Ropateca izeneko clothing library bat jarri dute martxan. Oraingoz hamabost bazkide bakarrik dituzte, «batzuk aldiro-aldiro datoz eta beste batzuk noizean behin», dio Mariak Schornek. Beraien negozio eredua Hanburgoko Kleiderei beteranoa da, zeina benetako bazkide komunitate bat sortzeko gai izan baita 2012tik.

Eredu hau Finlandian ere oso hedatua dago –Helsinki, Tampere, Riihimäki edo Järvenpään bezalako hirietan mota honetako denda-jantzitegiak aurkitu ditzakegu–, baita Suedian eta Alemanian ere. Pariseko Le Marais auzoan dagoen L’Habibliotèque-n, ordea, beste mota bateko «bezeroekin» egiten dute lan, diseinatzaile ospetsuen jantziak bakarrik baitaude eskuragarri.

Orain hiru urte Bartzelonara etorri ziren Friburgon jaiotako ahizpa hauen erronka clothing library-en kontzeptua ezagutzera ematea izan da: «Ez da erraza hau zer den zabaltzea, ez baita soilik arropa partekatzea, baizik eta kontsumo arduratsuago bat lantzea, barneratu behar dugulako ez dugula zertan erosi astero gauza berriren bat». Denda Ferlandina kaleko 51. zenbakian dago eta bertan 400 bat arropa pieza dituzte, baita osagai desberdinak ere, guztiak emakumezkoentzat. Hemen ere vintage estiloa da nagusi: «Gure amonen eta izeben arropak direlako, baina denetatik dago: egunero eraman daitekeen arropa, jai baterako espezialak direnak, udakoa, negukoa…».

Ropatecak tarifa desberdinak eskaintzen ditu. 15 euroko kuota ordainduta hiru arropa pieza eskuratu daitezke hilero. Hori bai, garbi itzuli behar dira –bost euro gehiago ordainduta tindategira bidaltzen dituzte–. Dena den, ez da beharrezkoa bazkidea izatea, bost euro ordainduta etxera eraman dezakezu-eta jantzi bat. Bartzelona aukeratu dute «hiri gazte, sortzaile eta esperimentala» delako, baina antza Kataluniako hiriburutik harantz hedatu da clothing library honen inguruko interesa: «Guk dakigunez, Bartzelonan aitzindariak gara eta estatu mailan antzerako. Bartzelonatik kanpo mezuak jaso ditugu ea beste hiri batzuetan ere dendarik zabalduko ote dugun galdetuz», dio Mariak.