Laura Mintegi
IRITZIA

Bidea ibiliz egiten da

Erabakimena gure esku dagoela dio Gure Esku Dago-k (GED). Eta bai, egia da naziogintza gure esku dagoela, baldin eta horretara bagoaz. Egia da, halaber, herritarren artean badagoela indar eta kemen nahikoa GED sortzeko, herriz herri taldeak antolatzeko, kilometrotako giza kateak eratzeko eta hautetsontzi erraldoiak marrazteko hondartza gainean. Indar eta kemen nahikoa dago bost eraikin handiak milaka pertsonek lepo betetzeko. Tamalez, indar politikoek urrun eta atzetik segitzen diete herritar indartsu eta kementsuei eta, jarrera aldatu ezean, astintze ederra beharko dute.

Bi alderdi abertzaleei hartu beharko diegu kargu bereziki, bien artean gehiengo absolutua dutelako eta euskal aberria helburu dutelako, testu programatikoetan behinik behin. Biei dagokie urratsak egitea herritarrek aukera eduki dezaten erabakitzeko nola eta norekin bizi nahi duten. Alderdi bietako militante bakan batzuk GEDen dinamikan zeharo inplikaturik dauden arren, bi buruzagitzek tentuz eta uzkur begiratzen diote dinamikari, batek daki zeren beldur.

EAJko buruzagitzak aho txikiaz babesten du ekimena, baina ez da nahikoa dozena erdi buruzagi bidaltzea ekaineko giza katera baldin eta egunerokotasunean bazter uzten badira naziogintza eraiki lezaketen adreiluak; eraginkorragoa da planto egitea Madrilgo zenbait inposiziori, horretarako kontsentsu sozial nahikoa baldin badago (Lomce, kasu), dozena erdi jelkide elkarri eskuak emanda ikustea baino.

Giza katean kamuts jokatu eta hiru astera, ordea, ahoa bete zitzaien Legebiltzarrean, EH Bildurekin batera onartu zuten adierazpenaz: «Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea du eta eskubide hau bertako biztanleek beren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datza». Kostu gutxiko ekimenak erraz bultzatzen dira, eta senper orduan, kale.

EH Bilduri dagokiola, aldiz, ez da egokia erabakitzeko eskubidea lelo hutsa bihurtzea, behin eta berriz errepikatzea kontura datorrenean (eta ez datorrenean ere) eta berez legokiokeen diskurtso independentista albo batera uztea. Koalizioari dagokiona da balizko euskal bidea edukiz betetzea, egingo den galderari erantzuna ematea, eskubidea gorpuztea, haragitzea, ibilbidea markatzea. Determinazio prozesua lideratu beharko lukeen indar politikoak ez luke gelditu behar eskubidearen aldarrikapen soilean, baizik eta proposamen sendoak egin beharko lituzke, eskubidea gauzatzen denean (lehenago edo beranduago) estatu berrirako diseinu politikoa eskaintzeko, herrialde berriaren profilak forma hartzen joan daitezen imajinario kolektiboan: zein estatu mota, zer-nolako antolaketaz, zein sistema ekonomikorekin, nolako balioak sustatzeko. Beldurra ematen du ikusteak "erabakitzeko eskubidea" pin bihurtu dutela, eta pin baten sakontasun bera daukala, herri independentearen zutoinak proposatu ordez.

Gure Esku Dago-ri dagokio lan egitea erabakitzeko eskubidea errealitate bihur dadin, eta alderdiei dagokie proposamen politiko sendoak eskaintzea, herritarrek informazioa eta formazioa eduki dezaten erabakia hartu behar duten unean. Nork berea eta lehia demokratikoan aritu.

Podemos-i dagokiola, inkognita hutsa da nola jokatuko duen arlo honetan (beste askotan bezala). Madrilgo Podemos-etik datorrenak badu jite jabokino samarra, baina lekuan lekuko zirkulu politikoetan sentsibilitate handiagoa nozi daiteke. Independentistak izan gabe, nahikoa da demokratak izatea. Agian falta zaie aitortzea Euskal Herria badela nor subjektu politiko gisa jarduteko, eta falta zaie prozesu konstituziogilea bertotik abiatzea, Espainian abiarazi ordez. Hortik aurrera elkar-ulertzea etor liteke.

Orain hilabete batzuk aukera eduki genuen islandiar herritar batzuen ahotik entzuteko nola sortu zuten ekimen konstituziogilea, urteak joan eta urteak etorri alderdi politikoak ez zirelako gai akordioetara heltzeko. Azkenean, itxaroteaz gogaituta, mundu osoan eredugarria izan den prozesu parte-hartzailearen bidez, konstituzio berria egin zuten herritarrek, eta islandiarren %67k oniritzia eman zion erreferendum batean. Alderdiek oraindik ez dute lortu beste bat adostea.