Urtzi Urrutikoetxea
Ladinia

Dolomitetako herri ezezaguna

Eskiak gidatzen ditu batzuk. Txirrindularitzak besteak. Edo mendizaletasunak. Alpeetako tontor nabarmenetakoak daude Dolomitetan; harrizko mendien ingerada postaletako paisaia askotan protagonista da. Baina ez dira hainbeste begirada jaitsi eta haranetan bizi diren pertsonei erreparatzen dietenak. Edo bizilagun horien hizkuntzari.

Bolzano probintziara (Bozen alemanez) hegoaldetik iritsiz gero, Italiatik irten zarela irudituko zaizu. Aldiz, Austriatik mugaz gaindi sartzerakoan, ez duzu Tiroletik irten zaren inpresiorik izango. Alpeen iparraldetik hegoaldera igaro zara, baina alemana da hizkuntza nagusia, tiroldarrak herriak, etxeak, bere atari aratz, dotore eta dorre zorrotzeko elizekin. Probintziaren izena bera aldatu egiten da, italieraz edo alemanez egin: Alto Adige da italieraz, behetik begiratutako ikuspegiarekin, ibaian gora joanda. Südtirol edo Hego-Tirol berriz, iparraldetik datorren izena da, eta Alpeen beste aldearekiko lotura dakar gogora.

Hego Tirol osoan elebitasun sistema zorrotz betetzen da. Vipiteno/Sterzing dakar Austriatik sartu osteko lehen herriko seinaleak, gero Bressanone/Brixen eta beste hainbat leku, beti bi hizkuntzatan. Harik eta, Dolomitetako Sella mendiguneko tontorren magalean, Val Gardena/Grodental/Gherdeina ibarrean barneratu garen arte. Hemen seinaleak ez dira bi hizkuntzatan, hirutan baizik. Ladiniara iritsi gara, ladinoen lurraldera.

Iparraldeko kultura alemanak eta hegoaldeko italiarrak bat egiten duten eskualdea dira Dolomitak. Europako bi mintzaira handien artean, dozenaka mila hiztun baino ez dituen ladinera bizi da. Behinola Alpeetako eremu zabal batean mintzatua, egun Suitzako Grisonian (erromantxea) eta Italiako Friulen (friulera) baino gelditzen ez den erretorromantxearen mintzaira da ladinera. Dolomitetako bost haranek eutsi diote hizkuntzari gaur arte eta, bere txikitasunean, indartsu ageri da oraindik.

Bost haran, hiru probintzia. Ehun urte baino gutxiago dira eskualdea Italiako zati dela. Zehazki, I. Mundu Gerraren ostean bereganatu zituen Erromak Austria-Hungariako Inperioak Alpeen hegoaldera zeuzkan lurraldeak. Leku batzuk italiera hiztunak ziren, Trento hiriaren inguruan; gaur egun Trentino probintzia osatzen dute. Iparralderago baina, alemana dute hizkuntza nagusi. Biek batera Trentino-Alto Adige osatzen dute: autonomia daukan eskualdea izateaz gain, probintzia bakoitza ere autonomoa da. Eskuduntzak dituzte fiskalitatean ere, eta Italiako eskualde aberatsena dira.

Inork gutxik erreparatu zion, baina, probintziak bereiztean hirugarren hizkuntza bat zeukan herria zatitzen zutela. «‘Zatitu eta garaitu’ politika ezarri ziguten», dio “La Usc di Ladins” aldizkariko David Landschneider kazetari ladinoak. Egun, 35.000 lagun baino izan ez arren, hiru probintzia eta bi eskualdetan banatuta daude Ladiniako bost ibarrak: «Egoera onena Hego Tirolen dugu, Gherdeina eta Badia ibarretan. Trentinon dagoen Val Badian ere hizkuntza eskolan dago, eta badu aitortza. Baina eskualde autonomotik kanpoko Belluno probintzian dauden ladinoentzat okerragoa da egoera».

Zatiketa administratiboen gainetik Ladinia osora hedatzen den kazeta da “La Usc di Ladins” (Ladinoen ahotsa). Ladinoen Batasun Nagusiak Gherdeina haraneko Urtijei herrian dauka egoitza, ladino museoa ere badagoen Cesa Ladina etxean. Aurreko eraikinean, Union Generelak argitaratzen duen “La Usc di Ladins” kazetaren egoitza dago.

Urtijei (Ortisei/St Ulkrich mapa gehienetan) tiroldar herri tipikoa da Gherdeina haraneko hiriburua, baita ladino kulturaren hiriburu ez-ofiziala ere, haran bakoitzak nortasun eta autonomia berezia baditu ere. Hemen argitaratzen dute Ladinia osoan banatzen den astekaria. Asteazkenez iritsi gara, eta nabari da urduritasuna erredakzioan, asteko zenbakia itxi eta Bolzanora inprimatzera bidali behar baitute, ostiralean denek etxean jasotzeko. Ladino hizkuntzarentzat, kulturarentzat eta nortasunarentzat oso elementu garrantzitsua izan da “La Usc di Ladins”. «Ladino guzti-guztiek irakurtzen dute, eragin handia daukan kazeta da, eta garrantzi handia du ladinoen nortasunean eta probintzien gainetik kohesioari eusteko ere. Egin kontu, lau mila kopia ateratzen ditugu 35.000 lagunek osatutako komunitaterako».

Haran ladino bakoitzak bere hizkera du, eta hala argitaratzen dute “La Usc di Ladins” ere. Egon, badago ladinera estandar bat ere, baina ez dute onarpen zabalik lortu oraindik. «Badira errezeloak, eta gainera, kazetari profesionalez gain, jende arruntak ere idazten du, hainbat elkartek bidaltzen dituzte testuak argitara emateko, esaterako», dio Landschneiderrek. «Ladinera hutsez da, baita publizitatea ere, nolabaiteko alfabetatzerako eta egokitzapenerako ere rol hori badugu, informazioa emateaz gain». Harpidetza, publizitatea eta diru-laguntzak dituzte diru-iturri, antzeko neurrian hirurak ere.

Davidek urteetako artxiboa erakutsi digu apal batean, tapa marroiak dituzten liburukietan bilduta. Hasierako urteetako aleek leku txikia dute, izan ere, orduan hilabetekaria zen. 1990eko hamarkadan bi asterik behin argitaratzen hasi ziren. Eta azken urteotako zenbakien liburukiak, ordura arteko hamarkadetakoek besteko lekua behar dute, astekaria baita gaur egun “La Usc di Ladins”.

Urtijei herrian badaude irrati pare bat ere, RAIk badauka ordubete egunero ladineraz eta telebistan tarte txiki baina garrantzitsua dauka ilunabarrean, albistegi nagusiaren aurretik.

Hiru hizkuntzatan. «Alemanaren lurraldean» egoteari esker, Hego Tirolgo Val Badia eta Ghërdeina haranetan daukate aitortza handiena ladinoek. Ehuneko 95etik gorako ezagutza dago lehen haranean, eta Gherdeinan ere ia 90ekoa da. Behinolako nekazaritza munduari mendiko turismoak hartu dio lekua, eta alemanak egin du biderik Val Gardenako eski estazioan. Italian egon arren, alemana da Hego Tiroleko prestigio-hizkuntza.

«Oso gutxi gara, eta probintzien gainetik egiten dugu lan, baina egia da Gherdeina eta Badia, Hego Tirolen egoteagatik, sendoago daudela. Hemen bizi da jende gehien, publikoki presentzia handiena dauka ladinerak, eta beharrezkoa da hemen bizitzeko», dio Marion Kostner-ek, Union Generela di Ladins dla Dolomites-eko Gherdeinako adarreko arduradunak. Izan ere, alemana eta italiera non eta nola egon behar diren zorrotz araututa dago autonomia-estatutuan, eta horiekin batera ladinerak ere badu bere lekua. Hego Tirolen ofizialki aleman hiztuna da biztanleen %67, italiera hiztunak dira laurdenak, eta %4 ladinera hiztunak. Ondorioz, lanpostu publikoetan ere proportzio horri heltzen zaio, «baina probintziatik haranetara edo udalerrietara iristean, bertako errealitatetik abiatu behar da. Horregatik gure haranetan lanera etortzeko beharrezkoa da ladinera-hiztuna izatea. Hamar urtero berritu egiten da errolda. Eta derrigorra da azterketa elebiduna egitea probintzian, eta gure haranetan, hiru hizkuntzatako azterketa gainditu behar da», azaldu du Lardschneiderrek.

Ladino izenak adierazten duenez, hizkuntza erromanikoa da, latinoa. Alemanaren mundura begiratu ohi dute ladinoek, ordea, Ladiniak Tirolekin Italiarekin baino harreman handiagoa duelakoan. Hizkuntza-familia berekoa izan arren, italieratik urrun baitago (italiarrek ez dute ulertzen), ahaide hurbilena Suitzako Grisonian dauka, eta hango erromantxe hizkuntzak ere alemanaren presiopean irauten du.

Hego Tirolgo araudiak isla dauka eskolan ere. Aleman hiztunek alemanezko eskolak dauzkate, eta badira italierazko eskolak ere, Bolzano eta Merano hiri nagusietan bizi diren italiera hiztunentzat bereziki. Haran ladinoetan berriz, erdi eta erdi banatzen da irakaskuntza alemanez eta italieraz, eta ladinera astean bi orduz ematen den ikasgaia da. «Ez da asko, egia da, baina autonomia-estatutuak hori ere zorrotz araututa dauka. Hala ere, irakasle guztiek ladinera-hiztunak izan behar dute gure eskoletan aritzeko; beraz, eskolak alemanez edo italieraz eman arren, gelako hizkuntza ladinoa da askotan», zehaztu du Landschneiderrek.

Turismoa. “La Usc di Ladins”-en egoitza Urtijeiko erdigunean dago. Dolomitetako zelaien berdea, elurraren zuria eta zeruaren urdina ordezkatzen dituen bandera mugitzen da balkoian, herriko plaza nagusira eta Sant’ Antonio elizara begira. Erredakziotik irteterako, ume-talde bat agertu da eskolatik etxerantz. Alemanez dabiltza. Cesa di Ladins museo eta egoitzaren aldameneko tabernako terrazan batu zaizkigu Union Generela di Ladins dla Dolomites-eko lagunak Aperol Spritz bana hartzeko. «‘Mono-kultiboa’ ari gara lantzen azkenaldian», zirikatu du astekariko kazetariak hasteko. «Egia da, eta turismoarekin badago arriskua; duela hamarkada gutxi ladinera baino ez zen egiten hemen, eta orain hiru hizkuntza erabiltzen dira», erantsi du Marion Kostnerrek. «Hala ere, ez dut uste gurea gutxiesten denik, txikia delako; gainera, inor ez da elebakarra hemen italieraz edo alemanez. Beraz, gazteren batek pentsa dezake ingelesa edo alemana direla garrantzitsuak; kilometro gutxi batzuk eginda ladinera ez da erabilgarria, baina oro har heldutasun bat hartuta argi dugu hizkuntza txikiak ere oso garrantzitsuak direla». Ladinoen elkarteko arduradunak ez du azken harrotasun motiboa ezkutatzen: «Arbasoengandik datorkigu, gure aitita-amamen garaian askok ladineraz baino ez zekiten, eta gure esku baizik ez dago hurrengoek ere hitz egitea, beste bi hizkuntzarekin batera, baina gurearekin ere bai, noski».

Baina turismoari babes falta batzen bazaio, oso urte gutxian gerta liteke galera. Horren beldur dira Hego Tiroletik kanpoko ladinoengan pentsatzean: «Gerta liteke bai, pentsatzea zaharrek soilik egiten dutela ladineraz, gazteek ondo dakite italieraz eta ez dute zertan ladineraz egin. Horregatik eskolaren garrantzia, ikusarazteko ez diela italiera kenduko, baina gure nortasunerako hain garrantzitsua den hizkuntzari eutsiko diotela».

Veneto eskualdeko Belluno probintziako haranak ditu Kostnerrek gogoan. «I. Mundu Gerraren ostean gugandik bereizi zuten, eta Union Generelatik han ere lan egiten dugu, baina babes publikorik gabe dihardugu». Horregatik eskolaren garrantzia: «Hemen eusten diogu, eskolan dago eta ikasi eta jakin beharrekoa da. Baina Bellunon, gurasoek seme-alabekin egiten duen neurrian soilik iraungo du hizkuntzak».

Mendateen garrantzia. Tirol utzi eta gainerako haranetara bideratzeko unea da. Sella mendigunea harro altxatzen da harrizko tontor harroetan. Bidean Selvan gelditu gara Daviden familiarekin bazkaltzera. Kondaira asko daude jasota inguruotan. Mendeetan istorio horiekin azaldu da begi-bistan izanda ere iristea zaila zen leku horien izatea. Mendion kolore zurbila azaltzeko, kontakizun batek dio ilargitik bisitan etorritako printzesak eskatu zuela mendiok zuriz margotzea, bere herrimina leuntzeko. Badago azti baldar batena ere: ostadarra Carezza aintzirara jaustea eragin zuen, eta gaur arte distira berdea dauka lakuak. Ohi denez, sinetsi ala ez, kontuan izateko kontuak, mitoak ere zerbaiti erantzuteko sortzen direnez. Txapelean pinaburuak zituenarena ere kontatu digute: iratxoei hartuak omen, zoriak laguntzeko jartzen ziren txapelean, «baina gauza okerren bat otuz gero, kendu egin behar zen, iratxoek okerkeriarik ez egiteko». Mundu modernoan galduz doazen kontuak dira, baina Dolomitetako bazterretan erraz aurki daitezke sorgin honen edo haren akelarreetarako erabiltzen ei ziren haitzuloak edo ipotxak edo iratxoak agertzen diren paisaiak.

Errepidean gora Gherdeinako haran osoa ageri da atzean. Plan de Gralbatik aurrera, bidegurutzea dator: Badiara joateko Jeuf de Frea mendatea sei kilometrora dago. Beste bidea hartuta Sella mendatea dator, eta Trentino probintziako Fassa haran ladinoa. «Ez dago Hego Tirolen bezain agerian publikoki, baina gutxienez eskolan badu bere lekua azken hamarkadetan». Baina hirugarren elementua falta da, Trentinok Hego Tirolekin batera eskualde autonomoa osatu arren, probintzia italiera-hiztuna baita. Beraz, italierak askoz presio handiagoa egiten dio ladinerari.

Jeuf de Frea eta Jeuf de Sela, ladino nortasunaren bi gune garrantzitsuenetakoak dira. Lehen mendatean batu ziren 1920ko maiatzaren 5ean bost haranetako ordezkariak aurreko urteko St. Germaineko itunaz protesta egitera. Austria-Hungariako zati izandako eskualdea Italiari ematea adostu zen, «eta itunean ez zegoen hitzik ladinoez eta ondorioz ez zen haien autodeterminazioa aintzat hartzen». Lehen aldiz haizatu zen orduan bandera ladinoa.

Baina hurrengo urtean Ladiniako bost haranak hiru zatitan bereizi zituzten. 1946an, II. Mundu Gerra amaituta, hiru mila lagun bildu ziren Jeuf de Selan ladinoen batasuna, aitortza eta bestelako neurri batzuk eskatzeko. Erromara telegrama bidali zuten, baina ez zieten inoiz erantzun. Handik bi urtera Hego Tiroleko autonomia-estatutua onartu zen.

 

Elsa Sardini

ERREFERENDUM AHANTZIA

Cortina d’Ampezzo izenak luxuaren irudia ekarri ohi du gogora. 1956ko Neguko Olinpiar Jokoak antolatu zituenetik, aristokrazia eta txutxumutxu aldizkarietan agertzen diren jet-seteko pertsonaien txoko kuttuna da, neguan batez ere luzitzeko leku turistiko chic-a da. Sei mila biztanleko herrian berrogeita hamar mila lagun egon daitezke turismo-denboraldi betean, eski sasoian edo abuztu erdian, esaterako.

Mapari begiratuz gero, Veneto barruan ageri da. Tiroleko zati izan zen, baina, Mussolini boterera iritsi eta Anpezo eta Fodom (Cortina d’Ampezzo eta Livinallongo italieraz, hurrenez hurren) haranak Venetori dagokion Bellunon sartu zituzten arte. Eta hala daude oraindik, behin eta berriz Tirolekin bat egiteko asmoa erakutsita ere. Elsa Sardini da Ladinoen Batasun Nagusiko Ampezo adarreko burua. Bizitza osoa darama hizkuntzaren eta ladinoen eskubideen alde lanean.

Cortina d’Ampezzo aski ezaguna da eskiatzaileen artean, baina Tirolekiko harremanak eta, zehazki, ladinoekikoak, ez du oihartzun handirik. Nondik dator?

1923an faxismoak bereizi zituen ladinoak, bi eskualde eta hiru probintziatan, eta orduan egon ziren lehen protestak Veneton egotearen aurka, baina faxismoak zapaldu egin zituen. Ez gara veneziarrak, I. Mundu Gerrara arte hau Tirol eta Austriako zati zen eta orain ere Hego Tirolen egon nahi dugu gainontzeko ladinoekin. 1945ean demokrazia iritsi zen eta Sella mendatean batu ziren ladinoak eskubideen alde, baina inork ez zien jaramonik egin. Eliz-barrutia ere aldatu ziguten 60ko hamarkadan, Bolzanotik Bellunora, eta jendeak autobusak antolatu zituen Tiroleko elizetara joandako mezetara. Eta 2002an galdeketei buruzko araudi berria onartu zen eta erreferenduma antolatzen hasi ginen. 1923tik urtero edo bi urterik behin egon da eskari ofizialen bat Tirolera itzultzeko. Azkenean 2007an erreferenduma antolatu genuen.

Legezko galdeketa izan zen?

Erabat, Italiako Gobernuak onartua eta errolda eta beharrezko berme guztiekin. Quoruma zen zailena eta aise lortu zen, %70eko parte-hartzea eta baiezkoak ia %80 izan ziren. Udalak emaitza Erromara eraman zuen, eta Gobernuak teorian hirurogei egun zituen Parlamentura eramateko auzia, baina zortzi urte joan dira eta ez du ezer egin.

Italiako Gobernua aldatuta, berdin?

Orduan Berlusconi zegoen, baina Renziri ere axola gutxi Alpeetako milaka ladino batzuen arrangurek. Bitxia da, Veneton Lega Nordeko gobernuak Italiatik bereizteko agenda independentista dauka, baina guri ez digu uzten Tiroleko ahaideengana itzultzen, “aleman” edo “austriar” deitzen badigute ere. Anpezo oso garrantzitsua da Venetorako, Veneziarekin batera polo turistiko nagusia da.

Gainerako haran ladinoen aldean, hizkuntza hemen makalago omen dago.

1960ko hamarkadan, eskolan irakasleak belarrondokoa eman zidan ladineraz egiteagatik. Ergel eta ezjakin deitzen zigun, tximinoen hizkuntza egiten genuela zioen. Barruan amorrua sentitu nuen eta nire buruari esan nion hazten nintzenean zerbait egingo nuela amak irakatsi zidan hizkuntza honen alde, eta halaxe egin dut ordutik, nire bizitzako kausa bihurtu da. Ez dira hiru urte ama batek esan zidala umeari errieta egin ziotela eskolan ladineraz egiteagatik. Familian transmisioari eusten zaio, baina eskolan oso leku txikia du; irakaslea ladinoa bada, hainbestean, baina osterantzean, egurra.

Herriko sarreran kartel elebiduna ikusi dugu, zerbait aldatzen ari da?

1990eko hamarkadatik egin dugu urratsik. Baina kezkatuta nago, oso. Hizkuntza eskolan ez badago, nekez eutsiko zaio. Italiako jende asko dago hemen lanean, horien seme-alabek non ikasiko dute? Gureek ere italieraz egingo dute eurekin. Turismoak indarra daukan lekuetan beti dago arrisku hori. Hego Tirolen ere, Badian oso ondo eusten diote, baina Gherdeina turistikoan alemana oso indartsu dago. Baina eskola dute gutxienez, eta denek dakite alemanez, italieraz, ladineraz eta ingelesez ere bai. Lau hizkuntza, oso txikitatik. Hego Tirolen sentsibilitate berezia dago hizkuntzekiko, eta horri esker ere badago irakasle bat, Bolzanotik ordaindua, hemengo hiru eskoletan. Baina behar duguna hangoekin bat egitea da.

Hego Tirolek autonomia fiskala du eta ekonomikoki indartsuagoa da. Baina ez dirudi inor mugak aldatzeko prest dagoenik; aleman hiztunek ere alemanez egiten ez den bi haran sartzea ikusiko ote lukete begi onez?

Hego Tirolek esan izan du Erromak onartzen badu, prest dagoela Anpezo eta Fodom hartzeko. Egia da gero ez duela presio handirik egin Erroman. Guk gure aldetik ez dugu etsiko. Gazteek Hego Tirolgo probintziako mugako kartelak hartu eta Anpezoko irteeraraino eraman zituzten, baina noski, ekimen sinbolikoa da. Europara ere joan gara, arrazoi eman digute, baina esan dute estatuek bere udalerri eta eskualdeekin duten harremanaz Europak ez daukala ezer arautzerik. Eta hala ere, ez dugu etsiko.