MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Eman bostekoa!

Bostekoa ematea erritual txiki bat da. Agurtzeko, gurtzeko, akordio bat gauzatzeko errituala. Bostekoa luzatuz zubi bat eraikitzen dugu eta beste esku bat heldu. Esku ezberdina, sarritan maitearena, inoiz laguntza behar duenarena, batzuetan esku indartsua, beste batzuetan gugandik urruti dagoen eskua, baina bostekoa emanaz gerturatu egiten dugu. Heldu, lotu, oratu!

“Emon bostekoa!” izan zen 2005. urtean Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen festa, egin zutenean hautatu zuten leloa. Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek aukeratu zuten, «egiten gabizen etxera» biltzeko. Eraiki zuten etxe hura.

Gaur nik nire eskua luzatu nahi diot besteari. Euskal Herri berri bat josteko gai izan gaitezen, harreman berriak ehuntzeko bidea egin dezagun. Posible baita! Nafarroatik ikasi behar dugu. Lehenengo Iruñeko alkate euskalduna posible egin dute luzatutako hainbat eskuk. Ezberdin pentsatzen dutenen eskuak, haserre egon izan direnenak, urruti sentitu izan direnenak. Eskuak luzatu, heldu eta aldaketa gauzatuta ikusi dugun egun bakoitzak erakutsi digun bezala, erregimen zapaltzaile bati aurre egin dion aldaketa gauzatzeko hainbat esku batu dira. Luzatu bostekoa eta heldu, oratu. Jende zoriontsua ikusi genuen joan den larunbatean Iruñeko Udaletxe plazan, eta Iruñean “Villavesa” diren autobusek ere ez zutela funtzionatuko pentsatzen zuten haiek ikusi ahal izan zuten hurrengo goizean bazebiltzala eta eguzkia ere atera zela Iruñean. “Villavesak” herriarenak direla eta eguzkia guztiona, eta ez UPNrena.

Ariketa hori bera egin behar dugu gaur eta hemendik aurrera. Eskuak luzatuz eta bostekoa emateak suposatzen duen erritual txiki hori gauzatuz. Ereserki bihurtu den kantuak dioen bezala, «ez dugu inor mendean hartu nahi, etorkizuna hautatu, ez besterik». Baina gaurkoa izan dadila etorkizuna hautatzeko bidean indarra hartzeko balioko diguna. Pozten gintuen duela urtebete giza-kateak eta merezi genuen egun bateko poza. Urte gogorrak bizi izan ditugu herri honetan eta bizi ditugu oraindik ere, eta egun bateko poza beharrezkoa da. Baina ez da nahikoa. Ezin gaitezke konformatu urtean behin festa handi bat egitearekin. Erabaki egin behar dugu zer nahi dugun. Prozesu hori ez da erraza izango, baina horretara jarri behar ditugu indarrak. Egiten dugunak, gu pozteaz gain, eragin egin behar du etorkizuna hautatzeko gauza izan nahi badugu.

Ibilaldia aipatu dizuet lehen, 2005ekoa. 2016koa berriz ere Durangon izango da, berriz ere Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatua. 2016an aldarrikatuko dutena hauxe: “Dagigun!”. Egin dezagun! Has gaitezen gauzak egiten, aldarrikapenez harago. Hasi erabakitzen zer egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.

Gaur, hasteko, eman bostekoa ondoan duzun horri, eman bostekoa, bostekoa betetzeko. Bost hiriburu, erabakitzeko eskubidea, izan nahi dugula aldarrikatzeko. Edozein proiektu hautatu nahi dugula ere, hura egikaritzeko aukera lortzeko. Eman bostekoa bost betetzeko!