MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Azken ostikadak

Nahiago nuke huts egingo banu buruan darabiltzadan burutazioekin, baina Espainiako Gobernua erabat erotuta dabil, histeriko. Ziurrenik hauteskundeak irabaziko dituen arren, garaipen zaporerik gabekoa izango da aurtengoa; izan ere, gehiengo absolutuak alderdiei ematen dien despotismorako joeran, PPren gobernuak erakutsi du bera ere ez dela atzean geratzekoa. Gai zailak izan ditu esku artean, besteak beste konpondu ez duen krisi ekonomiko larria, eta Angela Merkel, egindako lana babestuz, Rajoy musukatzen ikusi badugu ere, Judasen muxua baino faltsuagoa izan daitekeela jakin behar luke Rajoyk.

Gai zailak Espainian, eta hala ere inori galdetu gabe, arrabola, rodilloa pasatuta egin du politika. Hori bai, Rajoy oso pozik agertu da egin duen guztia ongi egin duela esanez, ez duela hutsik egin azpimarratuz eta hauteskundeak irabaziko dituela esanez. Euskal Herriari begira, ezer ez duela egin esan nahi nuke, baina gezurra da. Hemen saiatu da zailtasun handiz egindako urratsetan arrakalak sortzen eta emandako pausoak suntsitzen. Eta horren lekuko da, ez bakarrik egun erakundeetan dauden agintariekin hitzik ere egin ez izana (Urkulluk berak esan du ez duela nahi berriz ere bera Espainiako Gobernuaren presidente izatea), bere alderdikide Quiroga andrearen proposamen xume-xumea atzera botatzea, kartzela politika malgutu beharrean muturrera eraman izana, kontzertu edo konbenioarekin garbi ez aritzea, bere mesedetarako.

Esan bai Espainiako finantziazioa aldatuko dutela, txosten zenbaitek pribilegiotzat jotzen dutela kontzertua eta konbenioa, baina garbirik ezer ez, nahi duenak nahi duen bezala ulertu dezakeen eremu lauso bat. Adibideak asko, baina oinarrian dagoena da estatuak Euskal Herriarekiko biolentzia jarrera mantendu eta une batzuetan gehitu egin duela arlo guztietan lau urte hauetan guztietan zehar.

Beldur naiz abenduaren 20rako bide honetan erakustaldi nabarmenak egingo ote dituen, pizti zaurituak bezala, azkeneraino indarra erakusteko. Katalunian etengabe ari da. Horregatik zalantza dut, noiz itxiko dituzten herriko tabernak, zer gertatuko den hastear dauden sumarioekin, egin berri direnekin... hauteskunde kanpaina abenduaren 4an hasiko da ofizialki; izan ere, ez dakit hauteskunde kanpainarik gabeko tarterik bizi ote dugun.

Ez dakit honek guztiak jada Espainian botorik ematen dien, baina Euskal Herrian sortzen du tentsioa, mina eta batez ere oztopoa alde bateko eta besteko urratsak bide eraginkorrean joan daitezen. Buru argia izan beharko da, inoiz ez bezalako argia, amaitzera doan ziklo hau kudeatzeko, estatuak ongi egin duen bestea herri honetako sentsibilitate nagusien arteko zulo beltza zabaltzea izan baita.

Iradoki zaie bi sentsibilitate nagusiei zer komeniko litzatekeen oraindik ere herri honetan amaitu gabe dauden prozesuak burura eramateko. Talka handiak izan daitezke bidean, baina ez litzateke azken helburua begien aurretik galdu behar.