MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

118.a

Martinek ez du Martin izena gaur egun. Bere gabezia sufritu dutenentzat, bera jaio aurretik maitatu zutenentzat, bera amestu zutenentzat izan da Martin, inork inoiz horrela deitu ez badu ere, izen hori entzunda berak buruari buelta emango ez balio ere, orain arte behintzat. Ez zaio axola bere amonak horrela deitzea, baina duela 39 urte beste izen bat jarri zioten. 1976. urtetik, diktaduraren gordinean egonagatik, Maiatzeko Plazako Amonak erakundeak desagertutakoen seme-alabak bilatzen dihardu. Delia Giovanola sortzaileetariko bat da. Martin aurkitu dute orain, bere biloba. Martin 118.a da.

Martinen arreba, Virginia, eta amona, Delia, bakarrik geratu ziren gurasoak bahitu zituztenean. Virginia ume-umea, hiru urte besterik ez zituen, eta Martin bere amaren sabelean zegoen. Familiartekoen mina, beldurra, ezinegona nolakoak izango ziren pentsatze hutsak ulertarazten du, 89 urterekin, Martin bilobaren berri jakin duenean, Giovanolak esan duena: ba al dakizu zer den burruntzi batek bezala hegan egitea 89 urterekin? Barre-algaraka, pozez gainezka esan omen ditu hitzok. Martin berarekin du orain. Virginia, Martinen arreba, beste biloba, bere buruaz beste eginda hil zen, bere bizitza anaiaren bila eman ondoren. Gutunak idatzi zizkion anaiari, bere borroka bakarra anaia aurkitzea izan zen. Ezin izan zuen gainditu pena, nahigabea, ezintasuna eta inpotentzia. Gurasoak desagertu zirenetik eramaten zuen amonak zoritxarrez hain entzutetsu egin den Buenos Airesko plazara, han biltzen ziren militarren jarrera erasokorra jasangaitza egin zen arte. Baina Virginiak 18 urte egin zituenean berriz ere bere bizitzaren helburu bakartzat hartu zuen anaia aurkitzea. Hala ere, ezin izan du ezagutu. DNA laginak utzita zituen eta zientziak %99,9an baieztatu du anai-arrebak direla Martin eta Virginia. Zer ederra izan den zientzia honetarako ere!

Martinen historia ere gogorra izan da. Berak bazekien adoptatua zela eta sumatzen zuen garaiagatik, adinagatik, bera ere izan zitekeela desagerrarazi zituztenen semea, amonek bilatzen zuten biloba haietariko bat, baina ez zuen urratsik egin nahi izan hazi zuten gurasoak hil arte. Bere esanetan, bera hazi zuten gurasoek ez omen zuten diktadurarekin harreman zuzenik izan, baina bazekien epaiketa bat egiten dela biloba bat errekuperatzen den aldiro. Martinek itxaron egin zuen, gurasoak hil arte itxaron, eta orduan joan zen DNA bankura. Han baieztatu diote nor den, nondik datorren eta, orain beste izen bat badu ere, Martin zela edo izan dela galdu zutenentzat.

Virginia hildako arrebaren gutunak irakurri ditu eta arreba eta amona oinarri hartuta egindako dokumental bat ere bada. Delia Giovanolak ez du biloba besarkatu, ez baita Argentinan bizi. Gabonetan izango omen dute aukera, izugarrikeria hari nolabait amaiera jartzeko, euren familiaren puzzleko pieza asko jadanik ez badaude ere. Dena den, euren historia amona guzti hauen zoriontasunetik gertuen dagoenetako bat da. Oraindik, hala ere, 350 falta dira.