Iloveny
Lantzean behin kafetxoa hartzen dudan tabernan, bada Dominikar Errepublikako kamarera berbaldun bat. Lagunak garenik ez dut esango, baina badugu ebaki batek adina irauten duten solasaldiak izateko besteko tratua. Lehengo batean, alabari zein izen ipiniko ote zion galdetu nion. “Iloveny” erantzun zidan esku biekin sabel puztuari oratuz. «Sudadera batean irakurri nuen ‘I love NY’, badakizu, New York», argitu zidan gero. Iloveny...
Amerikan dute, ipar zein hego, pertsona izenak hautatzeko askatasun handiena, baina badira hor zehar aukeraketa hori mugatuta ez eze, araututa duten herrialdeak ere. Danimarkan esaterako, gobernuak zerrendaturiko izen jakin batzuk baino ez dituzte onartzen; Islandian aldiz, beren hizkuntzaren deklinabidearentzat egokiak direnak. Askotan, gramatikalak barik, kulturalak izaten dira mugak: Japonian, beren bertuteak adierazten dituzten izenak jartzen zaizkie neskatxoei eta familian duten lekua zehazten dutenak mutikoei; kultura arabiarra eta errusiarra ostera, patronimian oinarritzen dira eta umeek aitarena hartzen dute bigarren izentzat. Nigeriako yorubek ere izen bi ipintzen dizkiete umeei, lehena jaio diren urtaroari eta bigarrena opa dioten patuari lotua.
Euskal izendegiak ere bilakaera nabarmena izan du XX. mende hasieratik gaurdaino. Gure aitita-amamen belaunaldira arte, santutegiaren araberako izenak ipintzen zizkieten gehienei; akorduan daukat auzoko andre batek, sumindu samar, bereaz zioskuna: «Zelan jar dakioke eskutxo batean kabitzen den jaioberriari Tomasa?». Gero etorri ziren Sabinoren asmakizunak; frankismoan, eta ondorengo urteetan, karnetean izen bat eta etxean beste bat zutenen belaunaldia; eta handik azken hamarkadotako aniztasuna, izen sabindarrak zein Sehaskako egutegietakoak ditugun gazteona. Aita-ama berriek ordea, bestelakoak ekarri dituzte hegoaldeko rankingeko lehen postuetara: Ipar Euskal Herriko izenak, elementu naturalenak edota munduan zehar aurkituriko izen exotikoak. Aspaldion hainbat gurasok aurkeztu dizkidate euren niniak delicatessen produktuak bailiran: txikiak, diseinukoak eta birritan esan beharreko izenak dituztenak. Eta sentipena izan dut ez ote dabiltzan muga lauso baten ertzean: umeari bere izaera eraikitzen lagunduko dion izen polit bat ipini gura izan dioten ala besteengandik bereiziko duen, berezi egingo duen, izen bat. Zalantza, nork daukan, benetan, berezia dela sentitzeko premia: umeak ala gurasoek? Egia esanda, neuk ere pentsatuta daukat noiz edo noiz haur bati jarriko niokeen izena, erreka batena. Baina ezin dizuet esan... Ea norbaitek aurrea hartu eta kentzen didan gero!

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

Guía para evitar algunos regalos nada apropiados

Etxemaite, para sentirse como en casa

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»
