amagoia mujika
IRITZIA

Okerrago

Bai, beti dago zu baino okerrago dagoenik. Eta beti dago –zu kontsolatu nahian edo– hori gogorarazten dizun norbait. Gauzak aldrebes ateratzen zaizkizunean eta umore kaskarrez zabiltzanean, beti esnatzen da inguruan bizitzaren jakitun horietako bat ez kexatzeko esanez, okerrago eta askoz okerrago dagoen jende asko dagoela eta. Eta, normalean, kontsolatu baino, amorratu egiten zara, gaizki egoteko eskubidea ere ukatu egiten dizutela sentitzen duzulako.

Lanez lepo zabiltzanean ezin zara kexatu, «pentsa zenbat jende dagoen lanik gabe». Dentistarenetik duintasunaren eta diruaren zorroa hutsik ateratzen zarenean ezin zara kexatu, «hori izan dadila daukazun gaitzik larriena». Eta, horrela, infinitura arte. Eta zer esanik ez, albistegiari begira jartzea okurritzen bazaizu. «Beti dago norbait okerrago» estrategia oso hedatuta dago, ez bakarrik lagun arteko elkarrizketetan, baita goragoko esferetan ere. Beti okerrago dagoenik bada, zurea ez da hainbesterako izango, ezta? Ez zaude kexatzeko. Are gehiago, pozik egon beharko zenuke.

Total, hobe zenuela isilik geratu eta zure desgrazien kontura pixka batean bakarrik penatzea. Ados, kexak ez du ezertarako balio. Kexatzen baino gustatzen ez zaizuna aldatzen inbertitu behar duzu indarra eta energia. Eta aldatu ezin baduzu, zuk aldatu errealitate horren aurreko jarrera. Ados, teoria hori guztia badakigu, badakigu zein den ibili beharreko bidea. Baina, pixka-pixka batean sikiera, sanoa ere bada uzkurtu eta zure desgrazien harira negar egitea, ezta? Geroxeago altxatuko zara.

Hotzean pentsatzen jarrita, ez dut uste askorako balio duenik besteekin konparatzeko estrategia horrek. Hobeto daudenei edo okerrago daudenei begiratzea ez da oso eraginkorra. Izan ere, zer da hobeto egotea? Eta okerrago? Nola neurtzen da hori? Estutasun ekonomikoak bizi dituenari, esaterako, irudituko zaio diruz ondo dabilenak derrigor zoriontsua izan behar duela. Eta ez da beti horrela izaten. Ezagutu dut minbiziaren krudela urte luzeetan bere azalean sufritu eta irribarrea sekula galdu ez duenik. Nik, aldiz, azkenekoz gaixotu eta egun bat ohean pasatu behar izan nuenean inguruko guztiak nazkatu nituen.

Denok daukagu larruazal desberdina eta bizitzaren ziztadek desberdin eragiten digute; azalean edo sakonxeago, norberaren arabera.

Aitortzen dut neronek askotan erabili dudala «beti dago norbait okerrago» sistema. Izan ere, sufritzen ari dena kontsolatzeko, bere mina samurtzeko, zenbat estrategia ezagutzen ditugu? Behin lagun batek esan zidanez, «ez nuen aholkurik nahi, nire penak entzungo zituen norbait baino ez nuen behar». Horixe, batzuetan askoz hobea dela entzun eta isilik egotea.