MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

ETA: Historia irudietan (1951-1978)

Txalaparta eta Gatuzain, 2015 • 248 orrialde

Durangoko Azokan ikusi ahal izan genuen lehen aldiz Txalaparta eta Gatuzain argitaletxeen eskutik kaleratu den ekarpen historiko nabarmena duen lan grafiko hau. Argazki eta irudien bitartez –eta ez da batere erraza izan omen, kamera gutxi eta kalitate eskasekoak erabiltzen baitziren hamarkada horietan– eta bi urtetik gorako inurri lanari esker, XX. mendearen erdian sortutako ETA erakundearen bilakaera modu grafikoan jasotzea du helburu; klandestinitatearen mugaz gaindi, kazetaritzaren edo historiografiaren begiradatik harago joan nahi izan baita. ETAren sorrerari zein bere militanteei, harremanei, banaketei, ekintzei eta ideologiari buruzko ezohiko begirada dakar lan honek, gaur egungo belaunaldiei zein etorri direnei iragana ulertzeko gakoak eman nahi baitizkie, «horiek gabe ezin baita ulertu ez garena, ez izango garena».

 

Besarkada •

Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxaga • Elkar, 2015 • 12,50 euro • Uxue Alberdik (Elgoibar, 1983) idatzitako kopla batzuetatik abiatuta, idazle eta bertsolari elgoibartarrak eta Maite Gurrutxaga (Amezketa, 1983) ilustratzaileak irudiz beteriko istorio bat sortu dute elkarlanean, interpretazio asko onar ditzakeena, besarkaden inguruko gogoeta librea baita. «Ixten den ipuin bat da, behin eta berriz hasi eta infinitura arte luzatu daitekeena», Gurrutxagaren hitzetan. Bertan, besarkada bat eskatzen duen haur baten istorioa jarrai daiteke, eta amaieran bera da beste bati besarkada bat eskaintzen diona. Helduentzat pentsatutako lana den arren, haurrek ere gustuko izango dutela uste dute egileek. Proiektu honen ikus-entzunezko bertsioa ere eskegi dute Youtuben.

 

Lapur banden etika ala politika •

Joseba Sarrionandia • Pamiela, 2015 • 176 orrialde. 14 euro • Azken hamarkadetako eta gaur egungo gure errealitate politikoaren inguruan mintzo da Joseba Sarrionandia bere azken saiakeran: dominazioaz eta sektarismoaz, gutasuna aniztu beharraz eta politika egiteko ezintasunaz, hau da, politika egiteko obligazioaz.... Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean antolatzen den Euskal Kulturaren Transmisioa aditu tituluaren baitan egin zituen hitzaldi bi oinarri hartu ditu politikaren bueltan eraikitako saialdia. Lehenengo 108 orrialdeetan egiten du bere gogoeta idazle iurretarrak, eta hurrengo orrialdeetan jasotzen du ikasleen ekarpena.

 

Beti oporretan •

Harkaitz Cano • Susa, 2015 • 203 orrialde. 18 euro • «Zorion une harrapaezinen inbentarioa» egin du Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) liburu honetan, guztira hamalau ipuin bilduz. Titulua erabiltzeko baimena eskatu dio Xabier Montoiari, duela hogei urte musikariak izen bereko diskoa kaleratu baitzuen... baina hark Jim Jarmuschen “Permanent Vacation” filmetik lapurtu zuenez, «lapurren artean beti tratu ona», dio. Canok bi asmorekin ekin zion ipuin bildumari: 200 orri baino gutxiagoko liburua egitea, kontakizunetan idazlerik ez agertzea eta artista garaikideei buruz ez hitz egitea. Hiruretan porrot egin omen du: lanak 203 orrialde ditu, artista bat agertzen da, baita idazle bat eta erdi ere.

 

Urpekariak •

Fermin Etxegoien • Erein, 2015 • 152 orrialde. 13 euro • Adin gomendatua: 12-16 urte • Aita-semeak Gironako herri turistiko batera joan dira udako oporretan. L’Estartit herrian ostatu hartu eta gertu dauden Meda uharteetara doaz beren urpekaritza bataioa egitera. Itsas bidaiatxoan, ama-alaba batzuk ezagutu dituzte, eta bi gazteen artean begiradak gurutzatzen dira. Oporraldi bateko istorioa da eta familia barneko harremanena Fermin Etxegoien idazle oñatiarrak gazte literaturan egin duen lehenengo txangoaren gakoa. Maitasun eta sexuari buruzko nobela ere bada, baita nerabezaroari buruzkoa ere. Lizentzia batzuk hartu ditu gainera, Katalunia independente batean kokatu baitu.